Duela bost urte, 2019an sartu zen indarrean Hego Euskal Herrian lanaldien nahitaezko erregistroa, asmo argi batekin: langileen lanaldi errealak islatzea eta lanaldiari lotutako gehiegikeriei muga jartzea. Espainiako Gobernuak onartutako dekretu baten bidez ezarri zen agindua. Baina lortu al du legeak helburu horiek betetzea? Argi dute erantzuna Mari Kruz Elkoro ELAko zerbitzu federazioko idazkari nagusiak eta Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak: ez da behar bezain eraginkorra izan.
Lopetegiren ustez, legeak ez du aldaketa estrukturalik eragin, «lausoa» delako —arauaren berri izan zutenean ere horixe bera salatu zuten sindikatuek—. Izan ere, ez du derrigortzen erregistro sistema zurrun bat ezartzea; negoziazio kolektiboaren esparruan enpresak eta sindikatuek adosten dutenari ematen dio lehentasuna.
Adostu daiteke, esaterako, lanaldien erregistroa fitxatzeko sistema fisiko baten bidez egitea, edota beste sistema baten bidez: adibidez, langileek orri batean sinaturik maiztasun jakin batekin. Akordiorik ez badago, gainera, enpresarien esku uzten du erabakitzeko gaitasuna: «Benetako arazoa zegoen leku horietan, praktikan, ez da gauza askorik aldatu». Gehiegikeriak ohikoak dira, batez ere, merkataritzan, nekazaritzan, ostalaritzan eta eraikuntzan.
Fitxaketa sistema nolakoa izango den zehaztea ezinbestekoa dela azpimarratu dute biek, baita kontrol sistema egoki eta efektibo bat ezartzea ere. «Erregistro sistema fidagarri bat behar da. Legeak ez du zehazten zer erregistro mota erabili behar den, eta hori da problematikoena: oso manipulagarria da», azpimarratu du Elkorok.
Sistema arautuago bat ezarri ezean, beraz, derrigortasunari eta isunei ihes egitea «oso erraza» da enpresentzat, eta lanaldien erregistroan ez da jardun erreala islatzen, Lopetegiren esanetan: «Posible da eskuz idatzitako erregistro faltsu bat ematea langileari sinatzeko. Badakigu langileen multzo handi bat nolako prekaritate egoeran dagoen, batez ere arazo nagusia dagoen sektore horietan».
«Legeak ez du zehazten zer erregistro mota erabili behar den, eta hori da problematikoena: oso manipulagarria da».
MARI KRUZ ELKOROELAko zerbitzu federazioko idazkari nagusia
Hutsune horren aurrean, negoziazio kolektiboaren bidez saiatu dira sindikatuak arazoa leuntzen. Gipuzkoako ostalaritzan, esaterako, iaz sinatu zuten hitzarmen berria ELAk eta patronalak, eta fitxaketa sistema telematikoa ezartzea adostu zuten. «Urtebete pasatu da, eta balorazio bat egin behar dugu. Planteamendu hori ere eraman dugu Bizkaiko ostalaritza hitzarmenera, eta oraintxe negoziatzen ari gara».
Modu hori proposatu du LABek ere, nahiz eta azpimarratu ikusteko dagoela ea sistema horrek kontrol eraginkor bat egiteko balio ote duen. Nahia, halere, argia da: «Lanaldiak errespetatzea».
Bestalde, Lopetegiren ustez, baliteke lanaldien nahitaezko erregistroak «kultura aldaketa bat» ekartzea: «Erregistro bat zehazten baduzu, fitxatzeko behar bat zehazten baduzu, agian beste nolabaiteko kultura bat garatu daiteke langileen eta patronalaren artean. Baina hori baloratzeko nahiko goiz da oraindik».
Baliabide falta
Lan Ikuskaritza aritzen da enpresek araua betetzen al duten aztertzen. Lopetegiren arabera, baina, oso ikuskari gutxi daude, eta lan egiteko modua aldatzeko beharra ere badute.
Gainera, legea hain lausoa izateak ikuskarien lana zailtzen du: «Kritika bi eremutan egingo genuke: batetik, Lan Ikuskaritzari berari, baliabide faltagatik eta lan egiteko moduagatik; eta bestetik, arauari, mekanismoak jarriko balira ere ez duelako ahalbidetzen kontrol efektibo bat egitea». Inspektore gutxi eta medio falta dagoela salatu du ELAko kideak ere.
Jaurlaritzaren datuen arabera, Lan Ikuskaritzak 2019an 606 ikusketa egin zituen, eta 72 arau hauste eta 230 errekerimendu jaso; 2020an, 439 ikusketatan, 62 arau hauste eta 162 errekerimendu; 2021ean, 547 ikusketatan, 74 arau hauste eta 157 errekerimendu; 2022an, 566 ikusketatan, 109 arau hauste eta 187 errekerimendu; eta 2023an, 2.055 ikusketatan, 514 arau hauste eta 494 errekerimendu.
Legeak zigor ekonomikoak jasotzen ditu lanaldia erregistratzen ez duten enpresentzat, lege hauste larritzat jota: 626 eurotik 6.250 eurorainokoak dira isunak. «Guk arauari egiten diogun kritika nagusia da, ordea, arau hori errespetatzea nahiko erraza zaiela enpresei, nahiz eta lanaldia ez errespetatu. Isunak saihestea oso erraza da enpresentzat», nabarmendu du Lopetegik.
«Benetako arazoa zegoen leku horietan, praktikan, ez da gauza askorik aldatu».
OIHANA LOPETEGILABeko ekintza sindikaleko arduraduna
Azaldu duenez, lan ordutegiekin lotutako abusuek hortxe jarraitzen dute gaur egun ere, eta joera mantendu egin da: «Urte luzez ari gara abusuak jasaten, batik bat sektore jakin batzuetan, profil jakin batzuetako langileak dituztenetan. Ohikoagoa da langile migratuen eta arrazializatuen presentzia handia denean eta sektore feminizatuetan. Abusuak existitzen dira, eta ez nuke esango nabaritu dugunik areagotze edo gutxitze bat; mantentze bat esango nuke. Estrukturalki mantentzen den errealitate bat da».
Uste berekoa da Elkoro ere: «Hoteletan-eta, egutegiak existitzen dira, baina taberna batean, normalean, ez. Ez egutegirik eta ez ezer. Hor dago enpresari batek esandakoa: ‘Ostalaritzan lanaldi erdia egiten dugu lan, hau da, hamabi ordu’. Hori da gertatzen dena. Badakizu lanera noiz sartzen zaren, baina ez dakizu noiz amaituko duzun. Eta hori horrela da orain ere».
Horiek horrela, gehiegikeriei benetako mugak jartzeko, legea garatzeko eskatu dute sindikatuek: fitxatzeko modu zehatzago bat eta kontrol sistema eraginkorrago bat.