Lan merkatuaren erreformari heldu diote Frantzian

Sindikatuek gaizki hartu dituzte kaleratzeak errazteko patronalak egin dituen proposamenak

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian ere hurbiltzen ari da lan araudia aldatuko den eguna. Ez da Hego Euskal Herriko lan merkatuaren pareko iraultzarik espero, baina aldaketa garrantzitsuak izan daitezke, kaleratzeak errazteko bidean hor ere. Oraingoz, pilota patronalaren eta sindikatuen mahaian dago, baina François Hollande Errepublikako presidenteak astearteko hitzaldian gogorarazi zuenez, urtea amaitzerako akordiorik lortzen ez badute, Gobernuak bere neurriak hartuko ditu.

Denbora bukatzen ari zaie gizarte eragileei. Hainbat astez ez aurrera ez atzera egon ondoren, ostegunean berriro bildu ziren bi aldeak, Medef patronalaren Parisko egoitzan. Aurreko bileretan bezalaxe, gauza desberdinei buruz hitz egiten dute batzuek eta besteek: enpresaburuek malgutasunaz eta sindikatuek, berriz, enpleguak segurtatzeaz. Planteamendu horiek uztartzea da erronka, baita Frantziako Gobernuaren nahia ere.

Osteguneko bileran proposamen bateratua aurkeztu zuten enpresaburuen elkarteek. Sindikatuek, oro har, gaizki hartu dute. «Atzeraldi historikoa» proposatu du patronalak, Agnes Le Bot CGTko ordezkariaren hitzetan. «Nahi dugunetik oso urrun dago», CFDTko Patrick Pierronek.

Patronalaren eskaeren artean daude langabezia sariak modu progresiboan apaltzea, lan jakin baterako CDI kontratuak erraztea, arrazoi ekonomikoengatik kaleratzeak aiseago izatea eta lan gatazkak daudenean lan auzitegiko artekaritza egiturek urtebeteko epea izatea ebazpena hartzeko —bost urte dituzte orain—. Sindikatuek begi txarrez hartu duten beste proposamen bat lehiakortasun-enplegu akordioei dagokie. Horien bidez, lan baldintzak behin-behinean okertu ahal izango dira enplegua bermatzearen truke. Patronalak proposatu du sakrifizioei uko egiten dieten langileak kaleratu ahal izatea. Halako akordioek bi urtera mugatu nahi ditu.

Kontratu laburren zergak

Sindikatuek, berriz, prekarietatea borrokatu nahi dute. Horretarako egin dituzten proposamenen artean dago kontratu laburrak gehiago zergapetzea. Gobernuak ere ongi ikusiko luke, baina patronalak ez du horri buruz ezer entzun nahi. Sindikatuen beste eskaera bat da enpresek langabeziarako ekarpen txikiagoa egitea, enplegu aldetik «portaera ona» izan badute. Arlo horretan oso proposamen generikoak egin dituzte patronalek, eta hurrengo bileran zehaztuko dituzte. Bi aste barru dira berriro biltzekoak.

Sindikatuak kexu dira Frantziako Gobernuak denbora gutxi eman dielako akordioa lortzeko. Ez dute hori presio bakar. Christian Noyer Frantziako Bankuko gobernadoreak eta Nazioarteko Diru Funtsak ere erreforma eskatu dute. Azken horren arabera, «lan merkatuaren funtzionamendu akatsak konpondu behar dira,inbertsioak, enpleguak eta hazkundea trabatzen dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.