Lan merkatuaren bilakaera positiboa eten egin da uztailean

Hego Euskal Herrian 2.207 langabe gehiago zenbatu dituzte enplegu bulego publikoetan. Afiliatuak galdu dira, urtea hasi zenetik lehen aldiz.

Zerbitzari bat, Bilboko taberna batean. LUIS TEJIDO / EFE
Zerbitzari bat Bilboko taberna batean. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2024ko abuztuaren 2a
10:30
Entzun

Ekaineko emaitzek aurreratu zuten uda honetako enplegu datuak ez zirela izango beste urte batzuetako uda garaietakoak bezain onak, eta hala berretsi dute uztailekoek. Hilabete batetik bestera, 2.207 langabe gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herriko enplegu bulego publikoetan, eta 8.229 afiliatu gutxiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda. Uztaileko ohiko argazkia izaten da hori, baina aurten beste urte batzuetan baino handiagoa izan da enplegu galera.

Uztaila ez da bereziki ona izaten enplegurako. Kontratu asko —hezkuntzarekin eta sektore horrekin lotutakoak: eskola garraioa, jangelak...— hil horretan eten edo amaitzen dira, eta zerbitzuen sektorean udako kanpainari begira sortzen direnak ez dira aski izaten horiek utzitako hutsunea betetzeko. Hala gertatu da aurten ere, baina modu nabarmenago batean.

Izan ere, ekainetik uztailera nagusiki zerbitzuen sektorean egin du gora langabeen kopuruak: 2.014 gehiago daude. Alegia, langabe berri ia denak. Eta horien erdiak, Bizkaikoak. Uztailean ezohikoa izaten da hori. Gertaturikoak lotura zuzena du lan merkatuak eta bereziki sektoreak urte osoan agertu duen bilakaera onarekin. Hori ikusita, uda honetan arlo horretan lan egiten duten edo lan egin nahi zuten ohi baino pertsona gehiago erregistratu dira enplegu bulegoetan, baina sektorea ez da gai izan horiek enplegatzeko. Bestela esanda, lan bila hasten direnen kopurua handiagoa da lana aurkitzen dutenena baino. Biztanleria aktiboaren inkestaren (EPA) arabera, aurten 64.500 pertsona gehiago dabiltza lan bila iaz baino.

Uztailean, guztira 137.406 langabe zenbatu dituzte lau lurraldeetan. Datua ona da, iazkoa kenduta uztailik onena baita 2008. urtetik. Baina iazko uztailean baino 2.080 langabe gehiago daude. Lurralde guztietan handitu da langabeen kopurua. Bizkaian gehien: 1.011 gehiago daude ekainean baino. Besteetan antzekoa izan da igoera: Gipuzkoan 345 gehiago, Araban 341 eta Nafarroan 329. Iazko uztailarekin konparatuta, soilik Araban gutxitu da langabeen kopurua.

Sexua kontuan hartuta, emakumeen artean handitu da gehiago langabezia uztail honetan. Langabe berrien %69 emakumeak dira: 1.407 gehiago daude lanik gabe ekainean baino. Gizonen artean, 620 gehiago daude lanik gabe. Ohi bezala, emakumeen artean handiagoa da langabeen kopurua: guztien %58,9 dira.

Kontratu motan ere aldea dago. Emakumeen artean, lautik batek (%26,1) lanaldi partziala du; gizonen artean, berriz, hamarretik batek (%11,3).

Aldi baterakoak, gora

Guztira 94.702 lan kontratu sinatu dira uztailean. Emaitza ona da, ekainean baino 1.034 gehiago baitira, eta iazko uztailean baino 5.760 gehiago. Hamarretik zortzi zerbitzuen sektorean egin dira. Eta hamarretik zortzi ere bai aldi baterakoak dira. Kontratu motari dagokionez, azken hilabeteetako datuak joera bat erakusten ari dira: aldi baterako kontratuak gehitzen ari dira, eta finkoak murrizten. Konparazio baterako, iazko uztailean baino 6.064 behin-behineko gehiago egin dira aurten, eta 304 mugagabe gutxiago. Aldi baterakoen kontratuen ehunekoa bi puntu handiagoa da iaz baino.

Sindikatuek hilabete batzuk daramatzate joera horri buruz ohartarazten. Espainiako Gobernuaren 2022ko lan erreformak mugatu egin ditu aldi baterako kontratuak egiteko aukerak. Aurretik, kontratuen %90 inguru ziren mota horretakoak, eta, erreformaz geroztik, %75aren bueltan egon dira. Sindikatuen arabera, kaleratze «merkeek» lotura zuzena dute igoera horretan.

Lan kontratuen argi-ilunez harago, lan merkatua indartsu dago oraindik ere. Dena den, gero eta zabalduago dago sabaia jo duen sintoma erakusten ari den susmoa. Afiliazio datuek erakutsiko lukete hori. Ekainean marka berri bat hautsi zen, eta inoizko gehien zenbatu ziren Hego Euskal Herrian. Uztailean 8.229 gutxiago zenbatu dira —uztail batean inoiz erregistratutako galerarik handiena izan da—, baina iaz baino 17.980 gehiago dira, eta 1.3 milioitik gora dira oraindik ere. Inoizko markarik onenetan hirugarrena da, aurreko bi hilabeteetakoen ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.