Lan merkatuak eguraldiak bezala ekin dio udako kanpainari Hego Euskal Herrian: enplegua sortzen jarraitzen duen arren, iaz baino pattalago hasi du. Izan ere, ekainean maiatzean baino 822 pertsona gutxiago erregistratu dituzte EAEko Lanbideren eta Nafarroako Lansareren bulegoetan. Baina iaz baino 735 gehiago dira. Guztira 135.379 langabe daude lau herrialdeetako enplegu bulego publikoetan izena emanda.
Lanik gabe daudenen kopurua behera egiten ari den arren oraindik ere, aurreko bi hilabeteetan baino apalagoa izan da jaitsiera, eta Araban eta Nafarroan bakarrik gertatu da hori. Araban 167 pertsona gutxiago zenbatu dituzte lanik gabe, eta Nafarroan 767. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, langabeen kopurua handitu egin da: 20 gehiago Bizkaian, eta 92 gehiago Gipuzkoan. Urte arteko bilakaerari erreparatuz gero, joera berari eusten zaio. Gutxitu egin da langabeen kopurua Araban (-630) eta Nafarroan (-253), eta handitu Bizkaian (1.002) eta Gipuzkoan (616).
Sexuaren arabera, soilik gizonen artean jaitsi da langabezia: maiatzean baino 943 langabe gutxiago daude. Emakumeen artean, aldiz, 121 gehiago daude lanik gabe. Langabezia nabarmen handiagoa da andreen artean —langabeen %58,8 dira—, gizonen artean baino (%41,2).
Kontratu motan ere aldea dago. Emakumeen artean, lautik batek (%25,7) lanaldi partziala du; gizonen artean, berriz, hamarretik batek (%11,2). Andreen %57,7k dituzte lanaldi osoko kontratuak, eta gizonen %78,6k.
1.331.119Landunak. Aldeak alde, indartsu eusten dio lan merkatuak. Afiliazio datuak inoizko onenak dira oraindik ere, eta beste marka bat ezarri da ekainean. Urte hasieratik, hilabetez hilabete handitu da lan kontratu bat dutenen kopurua, eta ekainean 1.331.119 landun zenbatu ditu Gizarte Segurantzak: inoizko gehien. Aurreko marka maiatzean ezarri zen, eta beste 642 gehitu dira ekainean. Dena den, urtarriletik izandako igoerarik txikiena da.
Ekainik txarrena
Ekaina hilabete ona izan ohi da enplegu datuei dagokienez. 1996tik hona, ekainean urtero jaitsi da langabezia maiatzekoarekin alderatuta, baita 2008ko krisiak gogorren jo zuen urteetan ere. Izan ere, udararen atarian kontratazioak gora egiten du beti, zerbitzuetan batez ere (jatetxeak, hotelak, aisialdia, logistika eta abar).
Guztira 93.736 lan kontratu egin dira aurtengo ekainean. Urtea hasi denetik kontratu gehien egin den hilabetea izan da. Baina azken hamar urteetako ekainik txarrena izan da, 2020koa salbu, pandemia garaikoa. Iazko ekainean baino 6.991 lan kontratu gutxiago sinatu dira aurten. Hamar kontratutik ia zortzi (%78,3) zerbitzuen sektorean egin dira.
Kontratu motari dagokionez, sektore guztiak kontuan hartuta, aldi baterakoak izan dira lau kontratutik hiru (%77,2). SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuetan ezin da sektoreen araberako bereizketarik egin, baina gisa horretako kontratuak ohikoagoak izaten dira zerbitzuetan, besteetan baino.
2022an Espainiako Gobernuaren azkenengo lan erreforma indarrean sartu zenetik, ehuneko hori antzekoa izan da hilabete guztietan, gorabehera batzuekin —aurretik, kontratuen %90 inguru izaten ziren behin-behinekoak—. Aurtengo ekainean iazkoan baino apur bat gehiago izan dira aldi baterakoak—hiru puntu igo dira—. Oso apurka bada ere, aldi baterako kontratuak gehitzen ari direla erakusten dute azken hilabeteetako datuek.
Gauza bera gertatzen ari da aldizkako finkoekin. Aurtengo ekainean 7.815 pertsona gutxiago daude kontratu mota horrekin. Zenbait sektoretan —irakaskuntzarekin loturikoetan, bereziki: akademia, hezitzaileak, garbitzaileak...— ohikoa izaten da uda garaian aldizkako kontratu finkoak etetea. Kasu gehienetan emankumeek betetzen dituzte lanpostu horiek: ekain honetan eten diren kontratuen %78,4 andreek betetzen zituzten.
«Geldialdia»
Sindikatuek langabezia eta afiliazio datuen analisi gazi-gozoa egin dute. Enplegua sortzen jarraitu arren, «geldialdi bat» nabari dute, eta nabarmendu dute langabeen kopurua murrizteko zailtasunak daudela. Azpimarratu dute behin-behinekotasuna handitzen ari dela eta enpleguaren kalitatea okertzen.
«Geldialdia» aipatu du Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Lan sailburu berriak ere, bere lehen agerraldian. Baina, haren ustez, bi arrazoirengatik gertatzen ari da hori. Batetik, lan merkatuaren bilakaera onagatik gero eta jende gehiago jotzen ari delako enplegu zerbitzu publikoetara lan bila. Eta, bestetik, ekain honetan egindako eguraldiak ez duelako lagundu turismoarekin loturiko jardueretan enplegua sortzen. Torresek azaldu duenez, ostalaritzan aldizkako kontratu finkoa duten bi langiletik bat ez da itzuli bere lanpostura.
Aldizkako kontratu finkoekin loturik, Torresek iragarri du Lan Ikuskaritzak ikerketa bat abiatuko duela kontratu mota horren iruzurrezko erabilerak antzemateko, eta plan bat martxan jarriko duela horri aurre egiteko.