Lan merkatua hoztu egin da urteko lehen hiruhilekoan

2008ko krisitik erregistratutako urte hasierarik txarrena izan da: 20.600 langabe gehiago zenbatu ditu INEren inkestak. Zerbitzuen sektorean galdu dira lanpostu gehien.

Gizon eta emakume, Lanbidek Barakaldon (Bizkaia) duen bulegoaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Gizon eta emakume, Lanbidek Barakaldon (Bizkaia) duen bulegoaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 26a
13:44
Entzun

Azken urteetako urte hasierarik kaskarrena izan du Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Urteko lehen hiruhilekoan 23.300 langabe gehiago zenbatu ditu INE Espainiako Estatistika Institutuaren biztanleria aktiboaren inkestak. Ohikoa izaten da lan merkatuari buruzko datuek okerrera egitea urte hasieran, eta hala gertatu da aurten ere. Baina kezkatzeko datu bat utzi du inkestak: oraingoa bezainbesteko enplegu galerarik ez da jaso 2009ko lehen hiruhilekotik.

Horiek hala, langabezia tasak puntu eta erdi egin du gora 2023ko azken hiruhilekotik 2024ko lehenengora, %7tik %8,6ra. Edonola ere, duela urtebetekoa baino txikiagoa da, 2023ko hasieran %9,45ekoa baitzen.

Kopuru osoetan 20.600 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Iaz, epe berean askoz ere txikiagoa izan zen hazkunde hori: 3.500 lagunekoa. Edonola ere, iazko martxoan baino 5.100 lagun gutxiago daude langabezian.

Landunen kopurua ere nabarmen jaitsi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta: 38.100 pertsonak diote lanean ari direla. Kasu horretan ere, epe berean erregistratutako daturik okerrena da 2009ko krisi ekonomikotik. Hala ere, urte arteko saldoa positiboa da oraindik ere: iazko martxoan baino 35.800 pertsona gehiago ari dira lanean.

Sektoreka, guztietan galdu dira lanpostuak, baina zerbitzuetan gehien. Urte amaieran zeudenak baino 22.100 langile gutxiago daude martxoan. Eraikuntzan ere 7.300 gutxiago dira, eta industrian 6.800 lanpostu galdu dira.

Lurraldeka, INEren inkestetan gorabehera handiak izaten dira, probintzia bakoitzean erabiltzen diren laginak oso diferenteak izaten baitira. Hala, Nafarroan langabeen kopurua gutxitu egin dela dio inkestak: 1.200 gutxiago. Aldiz, Hegoaldeko beste hiru lurraldeetan nabarmen handitu da lanik ez dutela diotenen kopurua. Bizkaian 12.400 gehiago zenbatu ditu INEk; Araban, 6.200 gehiago; eta Gipuzkoan, 5.700 langabe gehiago.

Eustatek aurreko astean emandako kopuruekin konparatuta, alde handia dago inkesta batetik bestera. EAEko estatistika erakundeak 5.800 langabe gehiago zenbatu zituen Bizkaian, 2.900 gehiago Gipuzkoan, eta hirurehun Araban. Aldeak alde, bi inkestek berresten dute lan merkatua okertu egin dela urte hasiera honetan.

Langabezia sexuaren arabera

Enplegu bulegoek hilero ezagutarazten dituzten datuen arabera, emakumezkoak dira nagusi langabezian daudenen artean. INEren arabera, lanik gabe dauden hamar langabetik sei emakumeak dira, 61.800 guztira. Hala ere, azken hiruhilekoan gizonen egoera gehiago okertu dela ondorioztatu du. Emakumeen langabezia tasa %9,2 da, eta urte amaieran %7,8 zen. Gizonena, berriz, %8,7 da, eta urte bukaeran %6,3 zen.

Hiruhileko batetik bestera 18.200 andrek esan dute enplegua galdu dutela, eta 19.900 gizonezkok. Antzera gertatu da langabezian daudela diotenekin. 9.200 emakume gehiago zenbatu ditu INEk, eta 14.100 gizonezko. Dena den, emakumeen lan baldintzek okerragoak izaten jarraitzen dute. Lanaldi partziala duten lau langiletik hiru emakumeak dira, eta emakumeen %23,5ek dute mota horretako kontratu bat.

INEren inkestari buruzko analisi ezkorrak egin dituzte sindikatuek. ELAk nabarmendu du 2008ko krisitik lan merkatuan izan den hiruhilekorik txarrena izan dela; bereziki kezkatuta agertu da industrian galdutako enplegu kopuruarekin. LABen iritzian, aldaketa sakonak behar dira lan merkatuan, batez ere emakumeen eta gazteen kasuan. CCOOren ustez, berriz, kalitatezko enplegua sustatu behar da.

44.000 lanpostu hautagai «egokiaren» bila

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar enpresatik zazpik langileak kontratatzeko asmoa dute, jarduera handitzea espero dutelako edo erretiratuko diren beharginak ordezkatzeko. Hala islatu du Confebask patronalak egindako inkesta batek. Horren arabera, aurten guztira 44.250 kontratu berri egitea aurreikusten dute, lautik hiru mugagabeak, eta «gehienak» lanaldi osokoak. Zerbitzuen sektorekoak izango lirateke lau enplegutik hiru (%75,6): 33.450 kontratu guztira. Industriakoak izango lirateke %14,2 —7.858 kontratu— eta eraikuntzakoak %6,6 —2.925 kontratu—. 

Horiek enpresen asmoak. Besterik da lanpostu horietarako hautagairik lortzen ote duten. Izan ere, hamar enpresatik zortzik diote zailtasunak dituztela bilatzen dituzten ezaugarriak betetzen dituzten langileak aurkitzeko. Azaldu dutenez, hautagai bat kontratatzean gehien baloratzen dituzten alderdiak jarrera pertsonala, esperientzia eta prestakuntza dira, ordena horretan. Adinari ere garrantzi handia ematen diote: adin batetik gorakoak ez dituzte gogoko. Soilik enpresen %4k kontratatuko lukete 45 urte baino gehiago duen norbait. Langileak 35 urte baino gutxiago izatea nahi dute enpresa gehienek, %42k.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.