Lan merkatuak egonkor eutsi dio urteko lehen hiruhilekoan

Hego Euskal Herrian, langabeziak beste koska bat egin du behera, eta %7,7koa da orain. 3.600 pertsona gehiago daude lanean, eta landunen kopurua inoizko kopururik handienetan bigarrena da.

Lanbide
Bi pertsona, Lanbide enplegu zerbitzu publikoak Barakaldon duen bulegoaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko apirilaren 28a
11:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Nazioarteko ekonomian zabaldu diren hodei beltzen eraginik ez da nabari oraindik Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Gorabehera handirik gabe hasi du urtea, eta indartsu eusten dio. Hala dio behintzat INE Espainiako Estatistika Institutuaren biztanleria aktiboaren inkestak. Lehen hiruhilekoan 1.600 langabe gutxiago zenbatu ditu. Horiek hala, langabezia tasak hamarren bat egin du behera 2023ko azken hiruhilekotik, %7,8tik %7,7ra. Datuak hobeak dira duela urtebetekoekin alderatuz gero: 14.500 langabe gutxiago leudeke —iazko lehen hiruhilekoan %8,6koa zen langabezia tasa—.

Langabeziaren jaitsieraz gain, landunen kopuruaren igoera da, beste behin, daturik esanguratsuena. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 3.600 pertsona gehiagok diote lanean ari direla, eta iaz baino 14.500 gehiago. Guztira 1.303.400 lagunek dute enpleguren bat. Inoizko kopururik handienetan bigarrena da hori. Aurreko emaitzarik onena 2023ko azken hiruhilekokoa da: orduan 1.327.000 landun zenbatu zituen INEk.

Sektoreka, guztietan irabazi dira lanpostuak, lehenengoan salbu: beste 1.100 galdu dira urte amaieratik, eta 4.900 iaztik. Nolanahi ere, Hego Euskal Herriko ekonomiako sektore nagusienen artean pisurik txikiena du lehenengoak. Langile guztien %1,3 baino ez.

Zerbitzuetan, aldiz, %72,2koa da pisua. Sektore horretan ohikoa izaten da urteko lehen hiruhilekoan lanpostu batzuk galtzea, Gabonetako kanpainari begira merkataritzan eta ostalaritzan egiten diren kontratu asko eten egiten direlako. Aurten ez da halakorik gertatu, eta, kontrara, 2.500 pertsona gehiagok esan dute sektore horretan lanean ari direla. Eta are gehiago dira iaztik: beste 18.100.

Eraikuntzan ere igo egin da landunen kopurua, eta nabarmen gainera. Urte hasieran baino 6.500 pertsona gehiagok diote sektorea horretan ari direla lanean; hala ere, iaz baino 4.100 gutxiago dira. Dena den eraikuntzak %5,1eko pisua du Hegoaldeko ekonomian.

Industria da bigarren sektorea nagusia: landun guztien %21,4 aritzen dira hor. Eta urteko lehen hiruhilekoan 5.500 lanpostu galdu ditu. Dena den, iaz baino 5.200 gehiago dira.

Gipuzkoan eta Nafarroan okerrago

Lurraldeka, INEren inkestetan gorabehera handiak izaten dira hiruhileko batetik bestera, probintzia bakoitzean erabiltzen diren laginak oso diferenteak izaten baitira. Hala, Bizkaian eta Gipuzkoan daude aldaketa esanguratsuenak. Bizkaian 8.200 langabe gutxiago zenbatu ditu urte amaieratik, 51.000 guztira (%8,66ko tasa). Gipuzkoan, aldiz, handitu egin da enplegurik ez dutela esaten dutenen kopurua: 5.900 gehiago, 21.300 guztira (%6,55eko tasa).

Gorabehera horiek deigarriak dira. Izan ere, aurreko astean Eustat EAEko estatistika erakundeak epe berari buruz argitaratuko datuei dagokienez esan zuen Bizkaian eta Gipuzkoan urte hasierako langabe kopuru bera zegoela.

Araban, berriz, antzerakoa da Eustaten eta INEren datua. Azkenengoaren arabera, 2.000 langabe gutxiago daude lurralde horretan, 10.600 guztira (%6,59ko tasa). Nafarroan, berriz, igo egin da, 2.600 gehiago, eta 25.200 daude guztira (%7,49ko tasa).

Emakumeak ezkutuan

INEren arabera, gizon gehiago daude langabezian emakumeak baino: %54 gizonak, %46 andreak. Dena den, gizonen artean urte hasieratik ez da gorabeherarik egon, ez kopuru totaletan ez tasan: 58.400 dira guztira (%8ko tasa).

Emakumeen artean, aldiz, gutxitu egin da langabezian daudela diotenen kopurua: 1.700 gutxiago. 49.700 dira denera, eta %7,3koa da tasa, hiru hamarren txikiagoa urte hasieran baino.

Dena den, sexuaren araberako banaketan alde handia egoten da enplegu bulegoek hilero argitaratzen dituzten datuen eta estatistiketan agertzen direnen artean. Enplegu bulegoetan emakumeak izaten dira gehiago. Baina horietako askori galdetzen zaienean, lanean daudela esaten dute. Horrek erakutsiko luke oraindik ere ezkutuko ekonomia deritzona —kontraturik gabeko enplegua— handiagoa dela andreen artean.

Beste datu batek ere erakusten du emakumeen lan baldintzak okerragoak direla. Lanaldi partziala duten lau langiletik hiru inguru (%61,2) emakumeak dira, eta lautik batek du (%23,6) mota horretako kontratu bat.

INEren inkestari buruz zalantzak agertu dituzte sindikatuek. ELAk nabarmendu duenez, «enpleguan hobekuntza txiki batzuk izan diren arren», emaitzek agerian uzten dute indarrean jarraitzen dutela «prekaritate maila handiak, genero desberdintasunak eta behin-behinekotasun handiak». CCOOk ere arazo horiek azpimarratu ditu. LABentzat bereziki «kezkagarria» da industria sektorearen egoera, eta gogoratu du datozen hilabeteetan okerrera egin dezakeela, «milaka langile mehatxupean baitaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.