Aldaketa nabarmena izan da Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiaren panorama sindikalean. ELA nagusitasunez gailendu da bozetan, bederatzi ordezkari lortu baititu, orain arte zituenak baino bi gehiago. Hazkunde hori ez da bakarrik iritsi, ordea, LAB eta ESK sindikatuek ere lortu baitute etekinaren zati bat: ordezkari bat gehiago lortu dute biek ala biek. Gauzak horrela, langile batzordearen kontrola erdietsi dute hiru sindikatuek, eta ez dute beste inoren babesik beharko.
Ikusi gehiago:ORDEZKARITZA SINDIKALA
Bi ordezkari galdu ditu UGTk, eta ez du lortu uztailean zuzendaritzarekin eta beste sindikatuekin egindako akordioari etekina ateratzea. Ekintzak ere bi ordezkari galdu baititu, eta ez du ordezkaritzarik lortu PIM Plataforma Independenteak. Orain arte zituen lau ordezkariei eutsi die CCOOk, bestalde. Aurreko hauteskundeetan funtsezkoa izan zen CCOO, UGTrekin zuen aliantza historikoa hautsi eta sindikatu abertzaleekin lerratu baitzen gehiengoa osatzeko. Lan hitzarmenaren negoziazioetan, ordea, blokez aldatu, eta itunaren alde egin zuen.
Uztaileko bozketak zauri bat ireki zuen sindikatuen eta langileen artean, eta aurrez aurre jarri zituen bi bloke. Bada, ukaezina da hauteskundeetan izan duen eragina, ezezko blokeak babes handiagoa izan baitu. Baiezkoaren blokeak 11 ordezkari izango ditu, eta ezezkoarenak, hemezortzi. Langile batzorde berriak 29 ordezkari izango ditu: orain zituenak baino bi gutxiago.
Ikusi gehiago:Bi ordezkari galdu arren, CCOO izan da nagusi Michelinen
Gauzak horrela, langile batzordearen presidentetzari eutsi egingo dio Igor Gebarak (ELA). Haren hitzetan, egoera«errotik irauli» dute, eta argi geratu da langileak ez daudela konforme lan itunarekin, ez eta sindikatuek negoziazioa kudeatzeko izan zuten moduarekin. «Langileak ez zituzten kontuan hartu, eta hori salatu dute orain».
Gebararen ustez, jokalekua «konplikatua» da Mercedesen. Izan ere, 2026ra bitarte lan baldintzak finkatuta badituzte ere, ituna sinatu zutenak gutxiengoan daude orain. Zuzendaritza «hausnarketa» egitera behartuko du, haren esanetan. «Erabaki beharko du ELA, LAB eta ESK alboratzen jarraitu edo gurekin negoziatu nahi duen».
Boto telematikoa, gakoa
Ia 5.000 langile zeuden botoa ematera deituta, eta %87 inguruk eman dute azkenean. Uztailean ez bezala, gutxik erabili dute boto telematikoa: 550 inguru izan ziren lan itunaren bozketan modu hori erabili zutenak, eta 60 inguru izan dira orain. Sindikatu abertzaleek irregulartasunak salatu zituzten orduan, eta hauteskunde hauetan ez erabiltzeko eskatu zuten.
Lan itunaren aurkakoek egoera irauli dute Mercedesen, eta argi irabazi
ELAk bederatzi ordezkari eskuratu ditu, aurretik baino bi gehiago, eta UGTri hiruren aldea ateratzen dio orain. LAB eta ESK sindikatuek ere ordezkari bana irabazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu