Lan istripuei buruzko datu ofizialen sinesgarritasun eskasa salatu dute sindikatuek

LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuen arabera, 2023an Euskal Herri osoan 59 langile hil ziren lanean ari zirela. Administrazioek, berriz, 33 aitortu dituzte.

LAB, ESK, STEILAS, EHNE/ETXALDE eta HIRU sindikatuek 2023ko lan istripu eta gaixotasun profesionalen inguruko txostena aurkezteko
LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek 2023ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA/FOKU
marcos tedin
Bilbo
2024ko otsailaren 1a
17:30
Entzun

«Datu ofizialek errealitatea ezkutatzen dute». Baieztapen horren inguruan osatu dute lan osasunari buruzko 2023ko txostena LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek. Haien arabera, administrazioak saiatu egiten dira lan istriputzat jo daitezkeen gertaerak murrizten, eta laneko gaixotasunen arloan lan egiten duten erakundeek eta mutualitateek, berriz, «iruzur ariketa lotsagarria» egiten dute.  

Datu ofizialekiko desadostasuna agerikoa da lanean hildakoei buruzko zenbakietatik hasita. Administrazioen arabera, iaz 33 langile hil ziren, baina sindikatu horiek, berriz, 59 zenbatu dituzte —haien artean Euskal Herritik kanpo hildako lau lagun—. Azken bost urteotako kopururik txikiena da —2022an 69 izan ziren—, baina datua 2010eko hamarkadako urte gehienen gainetik dago, nabarmen. 

Alde handia dago sindikatuen eta administrazioen datuen artean, eta, sindikatuen esanetan, zenbait arrazoi daude hori azaltzeko: datu ofizialetan ez dituzte zenbatzen lanera joatean edo itzultzean hildakoak (in itinere), ezta arrazoi ez-traumatikoengatik lantokian hildakoak ere. «Amarru bat», haien esanetan. Pisu handia dute hildako horiek sindikatuen datuetan: 20 heriotza ez-traumatiko, eta zazpi in itinere.

Makinek edo zuhaitzek jota, edo haiek harrapatuta, bederatzi langile hil ziren; beste sei erorikoen ondorioz, eta hiru intoxikatuta. Hiru, berriz, bere buruaz beste eginda hil ziren, edo beste batzuek erailak.

Sindikatuek aitortu dute sektore batzuetan «hiltzea errazagoa» dela, hala nola basogintzan, eraikuntzan, industrian, nekazaritzan eta garraioan. Azaldu dutenez, jarduera arriskutsuetarako lan osasunerako araudiak egokitzen ari diren arren, beti ez dira betetzen, eta istripu tasa oso handiak dituzte. Edonola ere, kezkatuta daude: «Zerbitzuek gero eta pisu handiagoa izatearekin batera, lehen sektoretik gero eta urrunago dago jendartea, eta ekoizpen prozesu gutxiago du; hori horrela, istripuek beheranzko joera izan beharko lukete, baina ez da horrela izaten ari».

Laneko gaitzak

Laneko gaitzei dagokienez ere kezka handia erakutsi dute sindikatuetako kideek: «Bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai Nafarroan iaz baino gaitz gehiago izan dira aitortuak, baina mutualitateek behar baino gutxiago erregistratzen dituzte oraindik, eta gaur egun ere horrela aritzea iruzur ariketa lotsagarria da». LABek eta beste sindikatuek laneko gaixotasunak antzemateko sistema osoa jarri dute ezbaian. «Mutualitateek Gizarte Segurantzara bideratzen dituzte lanak sortutako gaixotasunak [...]; hark bere gain hartu behar ditu gastuak, eta, hala, mutualitate patronalek bizkar ematen diete beren tratamendu eta prestazio ardurei».

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak laneko gaixotasunen 3.341 kasu aitortu dituzte, 2022an baino %18 gehiago. Baina sindikatuek diote gaixotasun horiek heriotzen datuetan duten eragina ezkutatu egiten dela, eta OME Osasunaren Mundu Erakundearen estatistika bat aipatu dute. Haren arabera, istripuen ondorioz hiltzen dira langileen %20, eta gaixotasun profesionalen eraginez, berriz, gainontzeko %80. «Datu hori modu nabarmenean dago ezkutaturik: Gizarte Segurantzara bideraturik».

251

Amiantoa arnastu izanaren ondorioz 26 langile hil ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Asviamie amiantoaren biktimen elkartearen arabera, azken hamar urteetan 251 lagun hil ditu hiltzaile isilak. Kopuru handiak izan arren, Europako beste herrialdeetakoen azpitik daude, eta hori «iruzur orokortuaren beste erakusle bat da».

Era berean, sindikatuek adierazi dute emakumeen egoera «ikusezin uzteko arriskuan» dagoela. Txostenean azpimarratu dute jatorri psikosoziala duten arazoak oso errotuta daudela sektore feminizatuetan, baina ez daudela sailkatuta laneko gaitz gisa. Hori dela eta, aldaketa bat egin behar dela nabarmendu dute: «Emakumeon errealitatea ikusarazteko saiakera berezitua egin beharrean gaude».

Hamahiru hildako urtarrilean

Sindikatuak ez dira harritu ikusita 2024ko urtarrilean zenbat langile hil diren lan istripuz. Haien arabera, langileek dituzten baldintza eskasen ondorio bat da. 2024an, Euskal Herri osoan dagoeneko hamahiru langile hil dira lanean. Sindikatuek adierazi dute «orain arteko joera lazgarriaren erakusle» dela.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.