LAN ISTRIPUA. Langile bat hil da Lasarten eta aurten jada hiru dira gutxienez

Margolari zebilen eta aldamio batetik erori zen, eta eraikuntzan dagoen «segurtasun falta» salatu dute sindikatuek

ERREDAKZIOA - GIPUZKOA
2006ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Beste langile bat zendu zen atzo Euskal Herrian. Aurtengo hirugarrena, gutxienez. Lasarten (Gipuzkoa) gertatu zen ezbeharra. Aldamio batetik erori zen 47 urteko F.J.R. langilea. Margolari zebilen obra batean, eta sindikatuek behin-behinekotasunari eta azpikontratazioari egotzi diote eraikuntzan gertatzen ari den «odolustea».

Bukatu gabe dagoen sei pisuko etxe bateko bosgarren solairuan zebilen hildako langilea. Aurrealdea margotzen ari zen, bi lankiderekin batera. Eta, goizeko 8:00etan edo, aldamioa lekuz aldatzeko laguntza eskatu omen zien. Horretan ziharduten, egitura osoa bat-batean, irauli egin zen arte. Aldamioan lotuta geratu ziren F. J. R. eta haren lankide bat. Ia 13 metrotik erori ziren eta biek ere kolpe ikaragarria hartu zuten lurraren kontra. Ospitalean eraman zituzten arren, F. J. R. hil egin zen. Lankideak ez zuen zauri larririk eta onik atera da.

Prekarietatea «hiltzaile»

Bi astetan gutxienez hiru langile hil dira, ordea, eta sindikatuek gogor gaitzetsi dute ugazaben eta Administrazioaren «utzikeria». Lan istripuen «gaitzaren» aurkako neurri eraginkorrik ez hartzea leporatu diete ELA, LAB, ESK eta EILASek. «Prekarietatea eta benetako ikuskapen falta dira eraikuntzan etengabe gertatzen diren lan istripu hilgarrien eragile nagusi».

Eraikuntzan segurtasun neurriak «eskasak» direla eta patronalak azpikontratazioa gehiegikeriaz baliatzen duela salatu dute CCOOk eta UGTk. Batasunak ere bai: «Langileen bizitza ez, irabaziak dituzte lehentasun moduan». Hildakoa azpikontrata batentzat (Margoki) ari zela lanean, eta segurtasun lokarririk gabe ziharduela zehaztu du. «Egoera prekarioan lan egitera behartuta daude asko».

Enpresaburuei ez ezik, PSE-EEk eragile ekonomiko eta Administrazio guztiei eskatu die «prebentzioaren kultura» zabaltzen laguntzeko. «Lan istripuak amaitu behar ditugu». Nafarroan behintzat «bide onetik» doazela nabarmendu du herrialde horretako Gobernuak. «Espainiako autonomia erkidego guztien artean, Nafarroan jaitsi da gehien lan istripu larrien kopurua, Lan Ministerioaren arabera». Dioenez, %7,4koa izan zen murrizketa 2005ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.