Lan ikuskaritzaren jarrera salatu dute Novaltiako eta Zuloagako grebalariek

Enpresen «konplize» izatea leporatu diote ikuskaritzari. 1.298. greba eguna dute gaur Novaltian, eta 588.a, berriz, Vulcanizados Zuloagan

Grebalariak protestan, Lan Ikuskaritzaren Bilboko egoitzaren atarian. ELA.
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Novaltia eta Vulcanizados Zuloaga enpresetako grebalariek protesta egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, greba eskubidea «etengabe hausten» ari diren bi enpresa horien «konplize» dela leporatzeko. ELA sindikatuak deitu zuen mobilizaziora, Novaltia-Zuloaga greban. Ikuskaritza, enpresen aliatua lelopean. Novaltian hiru urte baino gehiago daramate greban, eta Vulcanizados Zuloagan urtebete egingo dute aurki.

ELAk salatu duenez, epaitegiek ere aitortu dute lan ikuskaritzaren «praxi txarra» bi enpresa horien kasuan. Gogoratu du Vulcanizados Zuloagako langile batzordeak joan den udan premiazko salaketa bat jarri zuela enpresaren aurka, eta inspektoreak oraindik ez direla lantegira joan salatutako gertakariak egiaztatzera eta ez duela txostenik argitaratu. Hori dela eta, sindikatuak ikuskaritzaren «konplizitatea» salatu du, eta langileei «bizkarra ematea» egotzi dio. Iaz, epaitegiek bitan zigortu zuten Vulcanizados Zuloaga greba eskubidea urratzeagatik, eta 110.000 euroko zigorra jarri zioten.

Europako grebarik luzeena

Novaltiako langileek 1.298. greba eguna dute gaurkoa. Hiru urte baino gehiago daramate, 2019ko uztailaren 22tik: Europan bizirik dagoen grebarik luzeena da. Botikak banatzen dituen enpresa bat da Novaltia, eta 22 langilek jarduten dute Zamudioko lantegian (Bizkaia). Hilabetean gutxieneko 1.200 euroko soldata eta lana eta bizitza kontziliatzea eskatzen dute ordutik, baita lanean hasi berri direnen eta denbora daramatenen arteko soldata arrakala apaltzea ere. Zaratamoko (Bizkaia) Vulcanizados Zuloagan ere denbora daramate greban, 588 egun zehazki. Kautxu metalezko produktuak egiten dituzte, eta Espainiako kimika sektoreko hitzarmena aplikatzen zaie; hitzarmen propioa eskatzen dute, gehienek hilean 1.000 euro inguru irabazten baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.