Ibai Karranza. Novaltian greban dauden langileen bozeramailea

«Lan ikuskaritza enpresaren interesen alde jokatzen ari da»

Auzitegietan blokeatuta jarraitzen du Novaltiako lan gatazkak. Langileek uste dute zuzendaritza eroso dagoela erakundeek baimendu egiten dizkiotelako grebari aurre egiteko hartu dituen neurriak.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Azken urteetako mobilizaziorik luzeenetarikoa izaten ari da Novaltiakoa. 2019an zuzendaritzak Bizkaiko biltegiko lan hitzarmena etetea erabaki zuenetik daude greban. Botika banaketan jarduten duen kooperatiba bat da Novaltia, eta farmaziak dira bere bazkideak. Bizkaiko lantaldearen %40 dago greba mugagabean, 20 langile. Horietako bat da Ibai Karranza (Bilbo, 1985), ELAko kidea.

Hego Euskal Herrian 2020an egindako grebek batez beste 11 egun iraun zuten. Zuek bi urte pasa daramazue. Zer dela eta?

Enpresaren jarreragatik. Greba eskubidea urratzen ari da, lana kanpora atereaz eta legez kanpoko edo muga-mugako beste neurri batzuk baliatuta, lan ikuskaritzaren babesarekin. Ez du zigorrik jasotzen eta eroso dabil horrela.

Eta zuen aldetik, zerk bultzatuta daramazue bi urte?

Greba hasteko arrazoiek hor jarraitzen dute: lan hitzarmen propiorik ez dugu, sartu berrien soldatek ozta-ozta gainditzen dute lanbide arteko gutxienekoa; eskala bikoitza dugu, %35eko aldearekin batzuon eta besteon artean lan bera egiteagatik...

Zuen borrokarekin fokua zabaldu nahi duzue zuen egoera zehatzetik haratago?

Ez zen gure asmoa, baina bi urte pasatuta, nahi gabe-edo, erreferente bihurtzen zara bestebatzuekin batera: Tubacexekin, ITPrekin... Hainbatean elkartu gara haiekin eta, arrazoiak ezberdinak izan arren, konturatu gara, funtsean, aurrean arazo berbera dugula. Enpresa horiek denak ustez ekonomiaren ahuldade garaiak baliatu nahi dituzte langileak kaleratzeko edo egun indarrean dagoen lan erreformak jasotzen dituen beste neurri batzuk hartzeko. Asmoa argia da: garbiketa egin, gero, produktibitatea hazten denerako, langileak merke-merke hartzeko.

Uneren batean negoziaziorik izan al da?

Hasieran, 2019ko uztailetik azarora. Ordutik, ezer ez. Esaten digute ateak zabalik ditugula, baina soilik haien eskaintzari buruz hitz egiteko: produktibitate plus bat baino ez. Urte hasieran Lan Harremanen Kontseiluan bildu ginen, eta enpresak eskaintza hori berretsi zigun eta, horrez gain, eskatu zigun mobilizazioak uzteko; etorkizunean kaleratzeak baleude horiek ez erreklamatzeko, eta epaitegietan zabalik dauden auzibideei uko egiteko.

Zuzendaritzak dio zuek onartzen ez dituzuen baldintzak dituztela beste zentroetan.

Argudio hori oso inkoherentea da. Betidanik lan baldintza ezberdinak egon dira zentroen artean. Esaten digute eskatzen duguna ezin digutela eman kutsatze efektua sor daitekeelako, baina hori hala izan dadin besteek ere eskatu beharko lukete eta ez dute egin.

Zuzendaritzak esan du, halaber, zuen eskaintza zabalduz gero, enpresaren bideragarritasuna kolokan legokeela, hiru urtean itxi beharko lukeela.

Aurkezten dituzten datuak erabat puztuta daude. Guk eskatzen duguna ez da urtean 200.000 eurora iristen. Arazoa ez da dirua, enpresak bileretan agerian utzi duenez. Arazoa kontzeptuzkoa da: urteak daramatzate lanak kanporatzen, langileak 900 eurorengatik kontratatzen... Gure proposamena onartuta ere enpresak 2019an baino gutxiago gastatuko luke pertsonal gastuetan Bizkaian.

Zer balorazio egiten duzue epaitegietan egindako bideaz?

Zorte txarra izaten ari gara. Alde guztietatik eman digute. Enpresa gaur egun egiten ari den ezer inork ez du zigortu, ez lan ikuskaritzak ez epaileek. Irailean beste epaiketa garrantzitsu bat dugu: zuzendaritzak urte hasieran lan baldintzetan funtsezko aldaketa bat egin zuen bere kabuz. Horrez gain, hortik ondoriozta daiteke kaleratzeak etor daitezkeela.

Grebari buruzko epaiketetan jarraitzen duzue, oinarrizko auziari heldu gabe. Noiz arte iraun dezakezue horrela?

Epaitegien eta ikuskaritzaren esku dago hori. Ez dute ezer egiten gatazka konpontzeko. Ikuskaritza enpresaren interesen alde ari da, eta bera ari da zuzendaritzarekin batera hau luzatzen. Garaiz erreakzionatu izan balu, beste bat izango litzateke egoera.

Zuek baduzue epemugarik?

Greba uztea ez dugu planteatzen. Sindikatuen babes osoa daukagu. Harrituta daude nola hain agerikoak diren gaietan epaileek ez diguten arrazoia ematen edo nola ikuskaritzak ez duen ezer egiten. Gauzak asko aldatu beharko lirateke guk gure jarrera aldatzeko.

Eta zuzendaritzak bereak?

Oraingoz eutsi diote diru galera handirik gabe. Aurrera begira, ez dakigu zenbateko presioa duten. Baina badakigu, adibidez, ezin izan direla konkurtso garrantzitsu batera aurkeztu, zahar egoitzetako sendagaiak banatzekora, gu greban gaudelako. Horrekin guk eskatutakoa baino diru gehiago galduko dute. Badituzte beste egitasmo batzuk ere; ikusiko dugu.

Novaltia kooperatiba bat da, eta farmaziak dira bazkideak. Hitz egiten duzue haiekin?

Zuzendaritzarekin ezinezkoa da. Bazkideek, berriz, oso informazio gutxi dute. Askok ez dakite lan gatazka bat dagoenik ere. Kooperatiba hau bi-hiruk kontrolatzen dute eta besteak, funtsean, zerbitzua jasotzearekin konformatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.