Gipuzkoako eraikuntzako biltegiko langile batek %90 gehiago irabazten du zahar etxeetako langile batek baino. Hala adierazi du LAB sindikatuak, Ipar Hegoa fundazioarekin batera soldata arrakalari buruz egindako azterketan. LABek dio egun «sexuaren araberako lan banaketak» eragiten duela soldata arrakala gehienbat, eta sektore feminizatuetako eta maskulinizatuetako hitzarmen kolektiboak alderatu ditu, kopuruen bidez ikusteko arrakala zertan den.
2020ko datuen arabera, Hego Euskal Herrian 32.645,74 eurokoa zen gizonezkoen batez besteko urteko soldata, emakumezkoena baino 6.203,54 euro gehiagokoa; %23,5 gehiago da hori. Arrakala horren atzean hainbat arrazoi daudela adierazi du Maddi Isasi LABeko idazkari feministak; besteak beste: lanaldi partzialen %75 emakumeek egiten dituzte, sektore feminizatuetako langileek egiten duten lana gutxiago ordaintzen da, gizon baino emakume gehiago daude behin-behineko lanaldietan, eta zaintza lanak ez dira «baloratzen».
Sektoreen artean ez ezik sektore batzuen barruan ere aldeak daudela adierazi dute; garbiketa da horren adibide nagusia. Kale garbiketako peoi arrunt batek (sektore maskulinizatua) 23.584,88 euro irabazten ditu urtean, eta 17.812, berriz, aretoak garbitzen dituen peoi batek (sektore feminizatua); %32, 41ekoa da aldea. Lehen mailako ofizialetan, are handiagoa da aldea, %33,7koa.
Eraikuntzako langileak elikagaien merkataritzako langileekin alderatuz gero, herrialdeen arteko ezberdintasunak oso aldakorrak dira, baina baita deigarriak ere. Gipuzkoan, adibidez, eraikuntzako peoi arrunt batek zahar etxeetako batek baino %45,3 gehiago irabazten du, eta, biltegiko peoietan, %90,3ra iristen da alde hori. Nafarroan %66,17 da aldea peoi arruntetan, eta %68,39, berriz, peoi espezialistetan.
Hala ere, lan hitzarmenik gabe jarduten duten milaka langile daude Hego Euskal Herrian, eta sektore feminizatuak dira lan hitzarmen batek arautzen ez dituen lanbide gehienak. Hala, lan hitzarmenik gabe jarduten duten lau langiletik hiru emakumeak dira. Kontrara, hitzarmen batek araututako lanbideetan, gizonezkoak dira %55,8.
Lanpostuen balorazio feminista
Soldata arrakalari aurre egiteko alor askotan lan egin behar dela adierazi du Isasik. Lan eremuan, eskatu dute itunak berritzeko negoziazio kolektiboetan kontuan har dadila «emakumeen diskriminazioa», baita lanpostuen balorazio feminista egin dadila ere. Sexuaren araberako lan banaketa amaiarazteko neurriak ere eskatu dituzte. Zaintzarako «euskal sistema publiko-komunitario» baten beharra azaleratu dute, zaintza lanak «modu justu batean» banatzeko gizartean.
Sektoreetako soldatak parekatzeko konpromisoak hartzeko eskatu diete agintari politikoei, baita pribatizatuta dauden sektore publikoko zerbitzuetan «egoerari buelta emateko» neurriak hartzeko ere.
Otsailaren 22an, Soldata Berdintasunaren Aldeko Nazioarteko Egunean, bi mobilizazio egingo ditu LABek, soldata arrakala salatzeko eta sexuen arteko soldata berdintasuna aldarrikatzeko. Bilbon izango da bat, 11:00etan, Jaurlaritzatik abiatuta; bestea Iruñean egingo da, 11:30ean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.