Lan harremanei loturiko 211 jazarpen kasu atzeman dira Nafarroan 2017an

Lan Osasunaren Institutuak ezinbestekotzat jo du kalte psikosozialak ikertzea eta horiei erantzutea. Laneko indarkeria egoeretan jokatzeko protokoloak sortzeko gida aurkeztu du

Fernando Dominguez, Maria Jose Perez eta Iñaki Moreno, atzoko prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Lan osasunaren arloan, arrisku eta kalte psikosozialak ikertzea eta horiei erantzutea lehentasunezkotzat jo du Fernando Dominguez Osasun kontseilariak. Arrisku horiek lan harremanen eta lanaren antolamenduaren ondorioz sortutako jazarpenarekin lotuta daude eta, iaz, Osasunbidearen lehen mailako arreta zerbitzuak eta Osasun Ikuskaritzak mota horretako 211 kasu erregistratu zituzten. Datu hori aurreko urtekoaren antzekoa da: 2016an 210 izan ziren. Gainera, jasotako kasuen artean, emakumezkoek pairatu zituzten 127, eta gizonezkoek, berriz, 76.

Datuok Dominguez kontseilariak, Maria Jose Perez Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko zuzendariak eta Iñaki Moreno Lan Osasuneko Zerbitzuko zuzendariak eman zituzten, atzo. Perezek lan eremuan sortzen diren biolentzia egoerarik ohikoenak zerrendatu zituen: «Batetik, laneko harremanei lotutakoen artean, tratu txarrak, jazarpen morala, sexu jazarpena, bazterkeria, jokabide erasotzaileak eta epe luzean irauten duten gatazkak daude; bestetik, lanaren antolamenduari lotutakoen artean daude gehiegizko lan karga, autonomia eta parte-hartze falta, babes nahikoaren falta, konpentsazioen eskasia, txandak eta lan kontziliazioa».

Gaur egun, arrisku psikosozialak gehien pairatzen dituzten langileak zerbitzuen sektorekoak dira: batik bat, ostalaritza, merkataritza, administrazio publikoa, segurtasuna eta aisialdia. Kalte horiek areagotzen dira «prestakuntza profesional txikiko» lanbideetan eta «feminizatutako» jardueretan. Erregistratutako kasuen bilakaerari dagokionez, 2009tik 2014ra jauzi handia egon zen: 21 kasutik 122ra igaro zen. 2014tik aurrera, ordea, behera egin du zifrak. Urte tarte horretan bildutako kasuen %70 langileen arteko harremanen ondorioz sortu ziren. Hasierako urteetan jazotako igoeraren arrazoia «erregistroaren ezaguera» izan zen, Morenoren hitzetan. Ondoren, ordea, krisi ekonomikoak eragina izan zuen: «Egoera horretan, une gatazkatsu gehiago sortzen dira».

Arrisku psikosozialen plana

Arrisku psikosozialen ikerkuntzan aurrerapauso handiak egin diren arren, horiek enpresa gutxitan aplikatu direla uste du Dominguez kontseilariak: «Enpresen %22,5ek baino ez dituzte ebaluatu arrisku horiek, eta soilik horietako erdiek ezarri dituzte kalteak zuzentzeko neurriak». Haren esanetan, beste lan arrisku mota batzuekin alderatuta, arrisku psikosozialak «ezezagunak» dira, horien ezagutza «berriagoa» delako.

Arazoari aurre egiteko, 2017-2020ko Lan Osasuneko Ekintza Plana osatzen duten bederatzi puntuetako bat arrisku psikosozialetara bideratuko dute, hain zuzen. Plan hori iaz onartu zuten, eta prebentzioa bultzatzea, legedia betetzea, lan baldintzak hobetzea, gizarte eragileekin harremana sendotzea eta formakuntza hobetzea du helburu.

Bestalde, Lan Osasunaren Institutuak Arrisku eta Kalte Psikosozialen Programa kaleratu du,arrisku eta kalte psikosozialak antzematea bultzatzeko, eta erregistratzen diren kasuetan jardunbideak hobetzeko helburuarekin. Programa horrek sei lan lerro ditu: araudia betetzen dela ziurtatzeko zaintza, material teknikoen lanketa eta zabalkundea, profesionalen formakuntza, babes teknikoa eta aholkularitza, informazioa eta sentsibilizazioa, eta ikerkuntza.

Horrez gain, laneko indarkeria egoeretan jokatzeko protokoloak sortzeko gida teknikoa eskainiko dute. Gidak zehazten du protokoloa sortzeko «ezinbestekoak» direla bi kontu: batetik, enpresaren eta langileen arteko negoziazio prozesu bat egotea; eta bestetik, protokoloak Segurtasun eta Osasun Batzordearen edo sindikatuen onarpena jasotzea. Horrez gain, oinarrizko berme batzuk zehazten ditu: salaketen konfidentzialtasuna, ikerketak eta ebazpenak epe motzean gauzatzea eta Ikerketa Batzordeetan emakumezkoen eta gizonezkoen presentzia orekatua izatea, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.