Tecnaliako Fabrikazio Malguko Robotikaren arduraduna da Oñatibia, eta adierazi zuen robot berriek malgutasuna dutela ezaugarri ezberdinetako piezetara eta inguruneetara moldatzeko. Hala, oraindik eskuz egiten diren hainbat prozesu automatizatu nahi dituzte, plantako langileentzat arriskutsuak izan daitezkeen hainbat lan makinek egin ditzaten.
Ez guztiek, baina aurkeztu dituzten robot gehienek inguruneari behatzeko teknologiak dituzte, kamerak gehienbat, eta horiek pieza ezberdinak egitea, moldatzea edo txukuntzea ahalbidetzen diete. Kamera eta bestelako sistema horiei esker, 3D ikusmena lortzen dute robotek, baita sakoneraren informazioa ere. Hori, Oñatibiaren esanetan, «oso garrantzitsua» da, pieza nolakoa den jakiteaz gain «non dagoen» baitaki robotak. Hala, prozesu batzuk sinplifikatzea lortzen dute, aurrez ez baita programazio luze eta konplexurik egin behar.
Fabriketan lan osasuna hobetzeaz gain, industria prozesuen eraginkortasuna maximizatu nahi dute, baita produktuaren kalitatea hobetu eta kostuak murriztu ere.
1. PIEZA MUGITZAILEA
Kamera bat du robot horrek, eta kutxa batean era desordenatuan dauden piezak alde batetik bestera mugitu ditzake. Teknologiaren aplikazio «nahiko tradizionala» da makina horrena, Oñatibiaren esanetan.
2. LABORATEGIKO LAGUNA
Japoniako enpresa batek eginiko Kawada robota da. Bi begi ditu, «gizaki baten moduan», Oñatibiaren hitzetan, eta laborategietako bialak manipulatzen laguntzen du. Bisio sistema horrekin, robotak bere mugimenduak moldatu ditzake operazioa egiten ari den bitartean.
3. LEUNTZE AUTOMATIKOA
Robot honek teknologia berarekin hainbat operazio egin ditzake, baina leuntzea da Tecnaliak erakutsi duena. Robotak pieza bat du parean, eta bisio sistemarekin piezaren forma guztiari behatzen dio, hiru dimentsiotan. Hala, forma horretara moldatuko da egin behar duen operazioa, leuntzea kasu horretan. Oñatibiaren esanetan, fabriketan ohikoa da bisio sistemarik gabeko robotak izatea, eta pieza jakin batzuk leuntzea aurrez programatutako koordenatu batzuekin.
Bada, Tecnaliaren robot honekin aurreko lan hori egitea saihestu daiteke, robotak berak behatzen baitio piezaren morfologiari. Hala, pieza mota ezberdinak jartzen eta aldatzen ibil daitezke langileak, programazioa aldatu beharrik gabe.
4. ROBOT IKASLEA
Robot honek teaching sistema erabiltzen du; hau da, langileak berak joko palanka eta tableta baten bidez robotaren operazioa gidatzen du, torlojuak estutzea eta askatzea kasu honetan. Ondoren, robotak lotu eta askatu behar dituen torloju horren koordenatuak ikasten ditu, eta mugimendu hori errepikatuko du forma ezberdineko pieza bat jarri arte. Hala, Oñatibiak dio robotikan adituak ez direnek erabil dezaketela robot hori, eta horrek prozesua sinpletu eta merkatzen duela.
5. 3D INPRIMAGAILUA
Hiru dimentsiotan inprimatzen duen robota da, baina badu bere berezitasuna, ohi baino handiagoa baita; «erraldoia», Oñatibiaren hitzetan. Geometria «oso ezberdineko» piezak egin ditzake inprimagailu horrek. Bestalde, burua aldatuta, hainbat operazio egin ditzake inprimatzeaz gain, mekanizatua adibidez. Robot honen aplikazio nagusia da aeronautika sektorean egiten diren piezen konpositezko moldeak egitea.
Sektore horretan, konpositezko oihalak molde batean jartzen dituzte, ondoren labe batean sartu eta gogortzeko. Molde horiek pieza trinko batzuk hartuz eta zuloa eginez fabrikatzen dira normalean. Oñatibiaren arabera, fabrikazio eredu horrekin material asko xahutzen da, tamaina handiko pieza primarioak hustu behar baitira. Hala, teknologia berriarekin, fabrikazio aditiboarekin, materiala alferrik galtzea saihestuko da.