Lan esplotazioagatik eta sexu abusuengatik hiru lagun atxilotu dituzte Getxon

Egoera irregularrean zeuden langileak kontratatzen zituzten taberna baterako.

Tabernetako lan baldintzen aurkako pintaketa bat Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Tabernetako lan baldintzen aurkako pintaketa bat Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko urriaren 10a
12:35
Entzun

Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu Getxoko (Bizkaia) taberna batean langileak esplotatzea leporatuta. Gainera, establezimenduaren jabeari sexu eraso delituak ere egotzi dizkio, zerbitzariei ukituak eta sexu eskaintzak egiteagatik.

Salaketa jarri zuten sei emakumeek ez zuten Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko baimenik. Azaldu dutenez, lokalaren jabeak ez zien kontraturik egin, eta ez zien Gizarte Segurantzan alta eman. Astean sei egunetan lan egitea eskaini zien, egunean hamar orduz, eta hilean 1.000 euro jasotzearen truke. Baina, azkenean, ez zen hala izan.

Lanaldian atsedenaldiak hartzea debekatu zieten, eta gaixorik egon arren lanera joan behar zuten. Haien soldatak, gainera, ez ziren adostutakoak: 20 euro ordaintzen zizkieten egunean, 600 eta 800 euro bitartean hilean.

Era berean, biktimek salatu dute lanean ari zirela tabernaren jabeak ukituak egiten zizkiela, eta sexu harremanak eskatzen zizkiela; trukean, Getxon duen beste lokal batean lo egiten utziko ziela esaten zien, edo atzerrian zituzten senide eta lagunak Euskal Herrira ekartzen lagunduko ziela.

Poliziaren ikerketak emakumeek esandakoa berretsi du, eta ondorioztatu du hiru ikertuak egoera irregularrean dauden langileak kontratatzen aritu direla 2018. urtetik. Lokalaren arduradunak 31 urte ditu, eta boliviarra da. Beste bi akusatu daude: tabernaren jabea, 61 urteko kolonbiar bat, eta haren bikotekidea, boliviarra eta 40 urtekoa.

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak nabarmendu du lan esplotazioa «XXI. mendeko esklabotza modu onartezin bat» dela. «Kasu honetan, gainera, are larriagoa da: erabat justifikaezinak diren sexu abusuak gertatu direlako». Poliziak eta Lan Ikuskaritzak egindako lana txalotu du Garmendiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.