Lan erreforma negoziatzen jarraituko dute aste honetan

Akordioarekin edo gabe, lan merkatua malgutzeko legegaia ekain amaierarako agindu du Madrilek

Erredakzioa
2010eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Atzo amaitu zen Espainiako Gobernuak patronalari eta sindikatuei lan merkatuaren erreformaren inguruan akordioa lortzeko eman zien epea. Ez dago adostasunik, baina epea luzatzea erabaki dute, akordioa lortzeko «tartea» badagoelako. Oraingo epea hasi berri den hilabetearen amaiera da. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak atzo berretsi zuenez, gizarte eragileek akordiorik lortzen ez badute«ekainaren amaieran» erreforma inposatuko du Madrilek.

Ofizialki lau hilabete daramate negoziatzen Espainiako Gobernuak, CEOE eta Cepyme patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek, baina erreforma azken bi urtean egon da mahai gainean. Atzoko bileran erakunde horietako buruzagi nagusiak izan ziren Celestino Corbacho Espainiako Lan ministroarekin, baina aurrekoetan bezalaxe, ez zuten ezer lotu. Hori bai, hiru parteek sinatutako agiri batek dio oraindik aukerak badaudela ados jartzeko, eta horiek agortu arte negoziatzen jarraituko dutela. Agiriak ez du argitzen noiz izango duten hurrengo bilera, edo nork hartuko duen parte.

Epea luzatuta ere, akordioa izateko aukera ez da oso handia. Negoziazioek «itxura txarra» dutela ziurtatu zuen atzo patronalak. Sindikatuek, bestalde, ohartarazi dute inondik inora ez dutela onartuko kaleratzearen merkatzea. Hain zuzen ere, horixe da, «jendeak gustukoa izan ez arren», Espainiako Gobernuak indarrean jarri nahiko lukeen neurrietako bat. Hedabide batzuen arabera, exekutiboa prestatzen ari da kaleratze merkeagoa duen kontratu finkoa (33 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko) sektore guztietara zabalduko dituen testua. Gaur egun bada kontratu mota hori emakumeentzat edo laneratze zaila duten beste sektore batzuentzat, baina gutxi baliatzen da: finkoen %15 baizik ez dira. Kaleratzearen merkatzeari greba orokor batekin erantzungo lioketela iradoki dute CCOOk eta UGTk.

Konpentsatze aldera, Espainiako Gobernua aztertzen ari da behin-behineko kontratuak mugatzeko aukera, azken urteotan asko hedatu baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.