Lan erreforma adosteko jokalekua zehaztu du Espainiako Gobernuak

Sindikatuek eta enpresariek Lan Ministerioaren azken lege zirriborroa jaso dute. Akordiorako muga urte amaiera dela berretsi du ministroak

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa Espainiako Parlamentuan. C. MOYA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak egin asmo duen lan erreformaren negoziazioa txanpa erabakigarrian sartuta dago. Yolanda Diaz Lan ministroak berretsidu urte bukaera arteko epea jarri diola bere buruari hura onartzeko, eta hori da, hain zuzen, Europako BatzordeakNext Generation funtsen negoziazioan ezarri dion muga. Are gehiago, dagoeneko bere asmoen azken zirriborroa igorri die CCOO eta UGT sindikatuei eta CEOE enpresarien elkarteari. Asmo horietan, hiru dira ardatzak: aldi baterako kontratazioak murriztea; sektore mailako lan itunak indartzea, eta lanaldi murrizketak lehenestea kaleratzeen aurretik. Sindikatuek begi onez ikusi dituzte; enpresariek, aldiz, kritikatu egin dituzte.

«Elkarrizketa soziala ondo dabil, eta nik akordioa egon dadin lan egingo dut», nabarmendu zuen atzo Diazek. Izan ere, sindikatuen eta enpresarien akordioa nahi du Diazek, harekin errazagoa izango zaiolako erreformak Espainiako Gorteetan aurrera egitea. Hilabeteak daramatzate biltzen, eta, itxura guztien arabera, oraindik ere ordu asko gelditzen zaizkie mahaian. Dena den, pentsioen erreformaren lehen zatia adostu ondoren, aurrerantzean lan erreforma izango da ministerioaren lehentasun handia.

Eta zer egin asmo du erreforma horretan? Eldiario.es Espainiako kazetak zirriborroaargitaratu du. Oinarria, Diazek berak azaldu duen bezala, «Europako Batzordeak Espainiari emaniko gomendioak dira». Alde horretatik, batek garrantzia du: behin-behinekotasun tasa murriztea. Aldi baterako kontratu motak gutxitu asmo ditu ministerioak, baita behin-behinean kontratatzeko modua ematen duten arrazoiak ere. Neurri berritzaileenetako bat «behin-behinekotasunaren gehiegizko erabileraren osteko» kaleratzeak indargabetzea da. Behin-behineko kontratu asko kateatzen dituen langileen egoera finkatzea da helburua.

Erreformaren beste helburuetako bat da kaleratzeen ordez lanaldi murrizketak sustatzea, «aldi baterako erregulazio iraunkorra» delakoarekin. Trebakuntza kontratuen kontrol zorrotzagoa ere ezarri nahi du: praktikak, trebakuntza duala... «Lanak ikasketekin harremana izatea bermatu behar da», dio zirriborroak. Praktika kontratuei hiru muga ezarri asmo dizkie: ezin dira kateatu, asko jota urtebete iraun dezakete, eta gutxieneko soldata bermatu behar dute.

Zirriborroaren beste ardatz bat da sektoreko lan itunen nagusitasuna, baita azpikontratazioa egon denetan ere: «Lan horretan egiten den jardueraren araberako ituna aplikatuko da». Sindikatuei indar handia emango lieke horrek, eta, bide batez, 2012ko erreformaren puntu gatazkatsuenetako bat indargabetuko luke. Horri aurrerako eragina gehitu beharko litzaioke; alegia, behin iraungita ere, itunek indarrean jarraituko lukete berririk lortu ezean.

CEOEk, bazkideei bidalitako barne ohar batean esan du zirriborroa «marxista» dela; Diazek umorez erantzun dio: «Aita Santuak, Joe Bidenek eta Europako Batasunak eginiko gomendioetan oinarrituta badago, ez da hain marxista izango». Ministroak sindikatuen eta enpresarien erantzukizuna goratu zuen, negoziazioa «seriotasun osoz» hartzen ari direlako. Akordioa Next Generation funtsak lortzeko ezinbestekoa izateak enpresarien jarrera leunduko duela espero da.

Gutxieneko soldata

Diazek gutxieneko soldata ere izan zuen hizpide, eta «ausardia» eskatu zion Pedro Sanchez Espainiako presidenteari hura igo dezan. KPIa %2,7 igotzea espero da, eta, argindarra eta gasa «etengabe» garestitzen ari direnez, funtsezkotzat jo zuen gutxieneko soldata igotzea: «Gobernu aurrerakoi batek ahulenak zaindu behar ditu. Baldintza hauetan, erosahalmena galtzen ari dira». Espainian gutxieneko soldata 950 euroko hamalau ordainketa dira egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.