Telelana

LAN EREDU BATEN ARGI-ILUNAK

Konfinamenduak milaka langile bidali zituen etxera, eta telelana orokortzeko ateak ireki dira. Auzi horrek zalantza ugari piztu ditu, nola langileen artean, hala enpresetan ere. Espainiako Gobernuak lege berria onartuko du aurki, baina euskal sindikatuek lege propioa nahi dute euskal langileentzat.

BERRIA.
aitor biain
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Telelana luzarorako etorri da. Dagoeneko inork ez du zalantzarik. Koronabirusaren krisiak ezustean ekarri zuen etxetik lan egiteko beharra milaka langileren egunerokora, eta askok berehala moldatu behar izan zuten inoiz jardun gabeko lan eredu batera. Modu inposatuan izan zen, gainera, egoerak hala behartuta. Epe laburrera begira, ordea, borondatezko aukera izango da, eta baliteke horren ondorioz lantokitik kanpoko jardunean ariko direnak ugaritzea. Nolanahi ere, gaur-gaurkoz lan eredua argi-ilunez betea dago, eta galdera ugari sortzen ditu. Onurak eta kalteak, arintzea eta zama: bi aurpegi ditu telelanak, langilearentzat nahiz enpresarentzat. Erabileraren eta joko arauen menpe dago haren etorkizuna.

«Lan eredu ezohiko bat inposatu zitzaien langileei bat-batean, eta horrek lehen lerrora ekarri du eztabaida», azaldu du Jon Bernat Zubirik, ekonomian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Ez da gutxiagorako: izan ere, COVID-19aren eraginez, nabarmen ugaritu dira telelanean ari diren langileak. «Konfinamenduaren aurretik, telelanean ari zirenak oso gutxi ziren Euskal Herrian, eta nabarmen egin du gora orain. Ez gara Herbehereak edo Suedia, halere. Hemen lan eredu hori ez dago garatuta eta araututa».

Konfinamendua inflexio puntu bat izan da, ezbairik gabe, eta datuek erakusten dute aldaketa hori: Randstad giza baliabideen enpresak egindako ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian urtebetean %185 inguru egin du gora telelanean ari diren langileen kopuruak. Zehatzago esanda, 2019an langileen %3,9 ari ziren tarteka etxetik lan egiten; orain, aldiz, %12,5 dira egun tarteka lantokitik kanpoko jardunean ari diren beharginak.

«Igoera nabarmena da, baina kontuan hartu behar dugu inoiz ez dela langileriaren gehiengoarengana iritsiko, gehienez ere langileen laurdenek egin baitezakete telelana hemen», gogorarazi du Zubirik. Hau da, nahita ere ezingo lukete etxetik lan egin gainerako hiru laurdenek. «Argi dago, beraz, gutxi batzuen onurarako lan eredu bat baino ez dela». Bada, Zubirik zera azpimarratu du: telelana luzarorako etorri bada, sektore bakoitzaren beharretara moldatu eta berezitasunak kontuan hartuta izan behar duela: «Lege orokor batekin ezin baita dena arautu». Espainiako Gobernua ari da, hain zuzen ere, lantokitik kanpoko lana arautu nahian, eta, ondo bidean, datorren asteko gobernu bileran onartuko du dekretua.

Kultura aldaketa

Behar bezala araututa ez egoteak eragin du telelanaren jarduna lehenago garatu ez izana, eta konfinamenduko egoera izan da erregulazio hutsune horren erakusgarri, hain zuzen. Baina lan mundua ulertzeko moduak ere izan du zeresanik, Zubiriren arabera: «Telelanak kapitalismoaren hasieran du jatorria, eta gizarte modernoetan ez da garatu lanaren kultura oso presentziala izan delako, eta, gainera, langileen kontrol baten beharra izan delako».

Ander Sansinenea ere bat dator ideia horretan: «Lidergoa langileen kontrolarekin lotu izan da. Baina, langilea etxera joaten bada, nola egiten da hori? Enpresek daukaten arazorik handiena konfiantza falta da». Mondragon taldeko LKS Next enpresako pertsonen arloko aholkularitzako zuzendaria da, eta adierazi du telelana garatu ahal izateko «kultura aldaketa bat» behar dela lan munduan: «Idealizatu egin ditugu bulegoak, produktibitatearen aitzakian. Ulertu dugu historikoki lan egiteko tokirik egokiena bulegoa dela, baina ez du zertan horrela izan».

Sansineneak azaldu du lantokitik kanpoko jardunak langilearen fideltasuna eta produktibitatea areagotu ditzakeela: «Ikerketa batzuek diote %20 ere handitu daitekeela. Hori langilearentzat ez ezik enpresarentzat ere oso onuragarria da». Langileak etxetik jarduteak ere bulegoko gastuak txikitzea dakar, gainera. «Diru asko aurreztu daiteke telelanari esker».

Urteak dira lan eredua enpresako jardunean txertatua dutela. Telelanaren esperientziaz gain, ordea, jakintza ere badute, aholkulari enpresa direnez gero. Bada, enpresa askok jo dute argibide bila konfinamenduaren ostean. Industria sektorekoak izan dira gehienbat, eta Gipuzkoakoak. Teknologiari lotutako nahiz kudeaketari lotutako zalantzez galdetu diete batez ere. «Helburuak, lidergo gaitasunak… Oso gai berria da askorentzat, baina, zalantzarik gabe, zabalduz eta indarra hartuz joango da». Legearen inguruko zalantzak ere izan dituzte, halere: «Enpresa batzuk ari dira aurrera egin nahian, baina nola egin erabakitzean zalantzak sortu zaizkie. Enpresa asko dekretuaren zain daude, hain zuzen ere», zehaztu du Sansineneak.

Telelana pixkanaka hedatuz eta indarra hartuz joango dela uste du Sansineneak, baina aitortu du zenbait kasutan kosta egingo dela urrats hori egitea. Izan ere, konfinamenduak aldaketa behartua ekarri bazuen ere, gauzak oso bestelakoak dira orain: «Espero nuen konfinamenduaren ostean enpresa asko konturatuko zirela etxetik lan egin dutenek erantzun dutela eta bete dituztela helburuak, testuingurua zaila izan arren. Baina oraindik nekeza izaten ari da enpresa batzuetan ideia aldatzea».

Legearen hutsuneak

Kontziliazioa errazteko neurri gisara hedatu da telelana, batez ere. Baina Zubiri ez dator bat ideia horrekin. Haren hitzetan, datuek erakusten dute ez dela horrela: «Nazioartean egin diren azken ikerketek diote langile batek, batez beste, bi ordu gehiago ematen dituela lanean egunero etxetik jardunez gero». Horregatik, kultura aldaketaz gain, «lege aldaketa» ere egin behar dela iritzi dio, bestela telelana «lana areagotzeko eta langileen esplotazioa handitzeko» tresna bihur baitaiteke. «Kontziliazio tresna gisa erabili behar bada, arau zehatzak eskatzen ditu horrek. Telelana adostutako lege batzuen barruan egiten bada, eta deskonexio lege aproposarekin garatzen bada, hobeto bizitzeko aukera emango dio langileari, baina, gainontzean, haren kalterako izango da».

Baina, deskonexioaz harago, badira telelanari lotutako beste hainbat kezka ere: gastuak, jardunaren kontrola, ikusgaitasuna... «Lantokia etxera eramaten denean, bermatu behar da lana lantokiko berme guztiekin egingo dela», azpimarratu du Zubirik. «Ergonomia egoki batekin lan egiteko aulkia eta mahaia ditugu etxean? Nork ordainduko du argindarraren, konexioaren edo berogailuaren kostua? Zer gertatzen da lan istripuekin?». Zubirik dio lan osasuna eta lan kostuak enpresaren ardura direla, eta, beraz, horien ardurek enpresaren bizkar geratu behar dutela: «Hori ongi arautu beharko litzateke».

Onartzear dagoen dekretuak jasotzen du, ordea, enpresa bakoitzaren hitzarmenean adostu beharko dela gastuen ordainketa nola egingo den. Kontrolari dagokionez, berriz, lanorduetatik kanpo deskonexio digitala bermatu beharko bada ere, enpresak beharginaren jarduna gainbegiratu ahalko du.

Lan harremanetatik harago

Baina langilea bakartzea da telelanaren albo kalterik nabarmenena, Sansineneak azpimarratu duenez. «Lantokia sozializaziorako toki bat ere bada. Beraz, lankideekiko harremana ahuldu egiten da etxean bakartzean, baita enpresarekiko lotura ere, eta horrek ondorio zuzenak izan ditzake langilearen egunerokoan».

Iritzi berekoa da Zubiri ere, eta nabarmendu du, telelana hedatzearekin batera, bermatu egin behar direla langilearen formakuntzarako, barne promoziorako eta informaziorako eskubideak ere: «Lan eskubideetan ere ondorio zuzenak ditu telelanak. Zatiketa ekar dezake lan harremanetan, elkartasun kolektiboa indibidualista bilakatzen baitu. Kontuan hartu beharko litzateke hori gainerako arauekin batera».

Sindikatuek kezka adierazi dute telelanak ekar ditzakeen albo kalteengatik, hain zuzen, eta kritiko azaldu dira lan ereduarekin: «Lana etxetik kanpo egon den zerbait izan den arren, aurrerantzean etxean sartuko da, eta horrek eragina izango du. Guretzat, elementurik garrantzitsuena da langileak langile izaten jarraitu ahal izatea, eta langile kontzientzia eduki ahal izatea», adierazi du Pello Igeregi ELA sindikatuko ordezkariak. Bat dator horretan Xabier Ugartemendia LABeko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko idazkaria ere: «Ez dakigu hainbesteko iraultza izango den ala ez, langile guztiek ezin baitute egin telelana. Aldatuko du zerbait? Bai, baina aldaketa hori modu seguruan egitea ziurtatu behar dugu, eta eskubideak bermatzea».

Lana indibidualizatzeak ekar ditzakeen ondorioetan jarri dute azpimarra, eta horrek antolakuntza kolektiboan izan dezakeen eraginaz ohartarazi dute. Igeregik dio hori arautzea «ezinbestekoa» dela: «Telelanak enpresaren eta langilearen arteko zuzeneko harremana bultzatzen du, eta zaildu egiten du langileak antolatzeko aukera. Beraz, antolakuntza molde berriak bilatu beharko ditugu lan eskubideen aldeko borrokak antolatu ahal izateko». Ugartemendiak azaldu du «atal berri bat» irekiko dela hitzarmenetan, eta xehetasun asko daudela kontuan hartu beharrekoak: «Telelana konexioa baino gehiago da, eta hor hari asko lotu gabe daude oraindik joko arauak zeintzuk diren jakiteko».

Sindikatuek ez dute ondo hartu Espainiako Gobernuaren proposamenaren abiapuntua, eta lege propio baten beharra aldarrikatu dute. «Lehenengo zirriborro bat ikusi genuen, eta baziren aurrerapauso batzuk, eztabaida irekitzeko oinarri izan zitekeenak. Baina patronalak beto eskubidea dauka, eta okertzen ari dira bileraz bilera. Horregatik, lege hori hemen garatu beharko litzatekeela uste dugu, gutxieneko oinarri bat eman eta eskubide batzuk bermatzeko», zehaztu du Igeregik.

Ugartemendiak adierazi du araudi propio horrek izan beharko lituzkeen oinarriak biltzen dituen proposamen bat garatzen ari dela LAB. «Gaiaren inguruan eztabaidatzea nahi dugu, baina Euskal Herrian bertan. Madrildik datorrenak ez baitu inor aseko, langileak behintzat ez». Bada, lan Igeregik ere uste du ereduari buruzko eztabaida saihetsezina dela, Euskal Herriko langileak oinarri hartuta betiere: «Ez dakit honek nora eramango gaituen, baina badatorrela eta geratzeko etorri dela nahiko argi dago. Eta, ikuspegi oso kritikoa izan arren, behartuta gaude bai edo bai telelanari buruz eztabaidatzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.