Zerbitzu publikoak

Lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko presio egingo diete sindikatuek alderdi politikoei

Sindikatuek aldebiko bilerak egitera deitu dituzte EAEn ordezkaritzarik handiena duten alderdi politikoak. Euskal langile publikoen enplegua eta soldatak bertan erabakitzea lortu nahi dute.

Sektore publikoko greba Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sektore publikoko greba Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
pettan uralde
2024ko maiatzaren 15a
14:30
Entzun

ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek aldebiko bilerak egitera deitu dituzte, maiatzaren 20rako, Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza lortu zuten alderdi politikoak. Bilera horietan, sindikatuek proposamen bat aurkeztuko diete alderdiei, langile publikoen enpleguari eta soldatei buruzko erabakiak Hego Euskal Herrian har daitezen, eta ez Madrilen.

Bi hilabete baino gehiago igaro dira sektore publikoko azken greba egunetik. Milaka langile publikok eskaera zehatzak egin zituzten: politika publikoak aldatzeko eskatu zuten, zerbitzu publikoak indartzeko, enplegu publikoa sortzeko eta kontsolidatzeko, lan baldintzak hobetzeko, eta Espainiako Gobernuak ezarritako betoak ezabatzeko. Deialdiak «arrakasta» izan zuela iruditu zitzaien arren, sindikatu deitzaileek salatu dute ez direla urratsak egiten ari bide horretan aurrera egiteko. «Gasteizen eta Madrilen gobernatzen duten alderdi politikoen erabakiak kontrako norabidean doaz».

Soldatei dagokienez, aurten oraindik ez dute igoerarik izan Hego Euskal Herriko 200.000 langile publikoek, 2024ko aurrekontu proiektua bertan behera geratu zelako. Soldaten eguneratzea Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazketatik eratorritako neurri ekonomiko eta sozialak hartzeko eta lehortearen ondorioak arintzeko lege proiektu baten esku utzi dute, baina oraindik tramitatzen ari dira.

PSOEren eta Sumarren zuzenketa

PSOE eta Sumar taldeek zuzenketa bat aurkeztu diote proiektu horri, Madrilek ezarritakoez bestelako soldata igoerak negoziatzea «eragozten duena», sindikatuen arabera. Horren aurka orain arte ezer ez egitea aurpegiratu diete LAB, ELA, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek euskal alderdi politikoei.

Hori dela eta, sindikatuek aldebiko bilera sorta batera deitu dituzte alderdi politikoak, lege horretan zuzenketa bat sar dezaten. Zuzenketa horrek «Madrilek ezarritako betoa kentzea ahalbidetuko luke, eta sektore publikoko langileen enpleguaren eta lan baldintzen arloko beharrak hemen erabakitzea ere bai».

Bulegoetan ez ezik, kalean ere presio egingo dute sindikatuek. Elkarretaratzeak egingo dituzte maiatzaren 27an, Eudelen egoitzaren aurrean 10:30ean, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean 11:30ean. Helburua argia da: «Euskal erakundeei eskatzea utz diezaiotela Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela, eta hobetu ditzatela euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan baldintzak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.