Gutxinaka bada ere, desgaitasunen bat onartuta duten langileen kopurua handitzen ari da. INEren azken datuen arabera, 2022an Hego Euskal Herrian 39.000 langile elbarri zeuden, 2016an baino 5.000 gehiago. Ofizialki elbarritasunen bat dutenen kopurua ere handitu denez tarte horretan —189.000 dira, 5.000 gehiago—, gutxi handitu da enplegua dutenen portzentajea: %19,6tik %21era.
Enplegua duten horietako asko babestutako enplegua deritzon arloan ari dira, hau da, espresuki elbarritasun bat dutenak enplegatzen dituzten erakundeetan (Gureak, Lantegi Batuak eta halakoak). Baina kosta egiten ari da lanpostu arrunt baterako urratsa egitea; besteak beste, halako enpleguren bat nahi dutenek aurreiritziei eta topikoei aurre egin behar dietelako. Aurreiritzi horietako bat azaldu du Javier Gil Garciak, Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa Dutenen Bizkaiko Federazioko zuzendariak —desgaitasun fisikoa du berak—: «Desgaitasunen bat duten langileei dagokienez, enpresek gehiago erreparatzen diote pertsona horrek egin ezin dezakeenari, egin dezakeenari baino». Hori lanpostu bat lortu dutenen artean. Zailena hastea izaten baita maiz, lehen kontratua lortzea.
Gainera, aukerarik gabe ezinezkoa izaten da aurrera egitea. Hala dio Jon Tapiz Atzegiko teknikariak: «Aukerak baldin badaude, bidea egiten jarraitu dezakegu, baina, aukerarik ez badago, hemen amaitzen da dena. Gurea, neurri batean, utopia moduko bat da».
Justizia eta legea
Gil Garciak eta Tapizek gogoratu duten moduan, elbarriak laneratzea ez da justizia sozial kontu bat soilik, herrialde askotan legez babestutako eskubide bat ere bada. Hego Euskal Herrian, esaterako, desgaitasunen bat dutenak Espainiako legeak babesten ditu, eta horrek zenbait neurri ezartzen ditu enplegua besteenen pareko baldintzetan lor dezaten. Desgaitasunen bat duten langiletzat jotzen dira garuneko paralisia, gaixotasun mentalen bat edo %33ko edo gehiagoko adimen urritasuna dutenak, bai eta desgaitasun fisikoa edo zentzumenen urritasunen bat aitortua dutenak ere.
Araudi horren arabera, adibidez, 50 langiletik gorako enpresa pribatuak eta publikoak behartuak daude lanpostuen %2 elbarritasunen bat dutenentzat gordetzera, lan eremuan ere inklusioa sustatzeko. Hala ere, Gil Garciaren ustez, lege bat izateak ez du esan nahi legea betetzen denik. «Nire ustez, ez da betetzen, eta bete egin beharko litzateke. Are gehiago, gure kolektiboak uste du lege hori gehiago indartu beharko litzatekeela».
«Desgaitasunen bat duten langileei dagokienez, gehiago erreparatzen zaio egin ezin dezaketenari, egin dezaketenari baino»
JAVIER GIL GARCIA Fekoor
Tapizek, berriz, uste du zaila dela jakitea enpresetan lege hori betetzen den ala ez, baina argi du «desoreka handiak» daudela legeei dagokienez, hau da, herritarrek lege batzuen kontzientzia handiagoa dutela beste batzuena baino. «Gure mezua argia da: bermatu egin behar da desgaitasunen bat dugunok baldintza beretan lan egiteko dugun eskubidea. Askatasunez aukeratutako ingurune inklusibo eta eskuragarri batean lan egin nahi dugu», esan du Gil Garciak.
Legeez gain, erakundeek formakuntza programak eta diru laguntzak ere badituzte. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, 6,5 milioi euro jarri ditu Lanbideren Enplegu Zentro Berezietarako, eta enpresen artean 850.000 euro banatu ditu «lanpostu arruntetarako» sarbidea erraztu diezaieten desgaitasunen bat dutenei. Bigarren neurrian gehiago inbertitu beharko litzatekeela uste du Gil Garciak: «Enpresei ere lagundu behar zaie. Lanpostu bat desgaitasunen bat duen batentzat egokitu behar bada, administrazioak modu batera edo bestera eman beharko luke diru hori».
«Aukerak baldin badaude, bidea egiten jarraitu dezakegu, baina, aukerarik ez badago, hemen amaitzen da dena»
JON TAPIZ Atzegi
Desgaitasunen bat duten langileen inklusioa sustatzeko programen inguruan, Atzegi eta Fekoor taldeetako kideek diote beren elkarteek ere badituztela halakoak. Pauso Berriak izenekoa dute Atzegin. «Enplegu babestuetatik kanpo, desgaitasunen bat dutenei lanpostu bat bilatzea da gure helburua», azaldu du Tapizek. «Langile batzuek diote udaletxe batean aritu nahi dutela, eta zergatik ez? Ezaugarri jakin batzuk dauzkatelako? Behar gehiago dituzten horientzat aukerak zabaltzeko sortu dugu egitasmoa».
Fekoor elkartean, berriz, Lanberri programa abiaraziko dute irailetik aurrera, eta jada orientazioa eta bitartekaritza sustatzen dituzten programei gehituko zaie. Formakuntza landu nahi dute. «Gainera, formakuntza hori inklusiboa izatea nahi dugu, ez hezkuntza espezializatua edo ghetto moduko bat».
Telelanaren «erronka»
Azken urteetan, telelana tresna baliotsua bihurtu da lan merkatuan, bereziki desgaitasunen bat dutenen inklusioari bide emateko. Hala ere, Gil Garciaren arabera, ez da pentsatu behar telelana langile elbarri guztientzako aukera bakarra edo onena dela. «Ez da bidezkoa desgaitasunen bat duena zuzenean telelana egitera behartzea». Antzera pentsatzen du Tapizek. Hark uste du telelana langile bakoitzaren gaitasunen, lehentasunen eta premia indibidualen arabera ezarri behar dela: «Nire ustez, telelanak lotura handiagoa dauka belaunaldi berriekin. Baina desgaitasunen bat izan ala ez, aurrena ikusi behar da langile bakoitzak zer interes eta gaitasun dituen». Horrekin batera, Gil Garciak eta Tapizek beste arrisku batez ohartarazi dute: telelanak, langile horien sozializazioa bultzatu beharrean, justu kontrakoa eragiten duela.
Aurrera begira, Gil Garciak eta Tapizek uste dute oraindik «lan handia» dagoela egiteko. Fekoor elkarteko kidearen ustez, urteen poderioz desgaitasunaren gaia normalizatuz doa, eta, gutxika-gutxika, pertsona horiek modu inklusiboagoan tratatzen dira. Hala ere, uste du oraindik asko falta dela egoera «guztiz normalizatzeko». «Egokiena litzateke Fekoor existitu behar ez izatea; desgaitasunaren esparruan gauza asko egiten ditugu, eta geure buruari hau galdetzen diogu: ezer egin beharko ez bagenu, askoz hobe, ezta?».
Tapizek, berriz, hausnarketa hau egitea proposatu die enpresei eta herritarrei oro har: «Desgaitasunen bat dutenek eskubidea dute lan egiteko? Bai, noski. Eta nire enpresan sartuko nituzke? Gehienei kosta egiten zaie bigarren galdera horri erantzutea. Besteen etxean sartu behar badute, baiezkoa normal-normal ateratzen zaigu, baina, gure etxean sartu behar badute, dudak agertzen dira. Pentsamendu hori aldatu behar da, eta horretan oraindik bidea dago egiteko».