Espainiako Gobernuak dekretu bat onartu zuen joan den irailaren 10ean, etxeko langileen lan arriskuen prebentzioa arautzeko. Yolanda Diaz Lan ministroak «oso garrantzitsutzat» jo zuen araua onartu izana, «zor historiko bat kitatzen» duelakoan. Hego Euskal Herrian, irailean 33.800 lagun ari ziren Gizarte Segurantzaren etxeko langileen atal berezian kotizatzen.
Izan ere, lanean seguru jardun ahal izatea eta lantokian sor daitezkeen arriskuak aurreikustea eta gutxitzea oinarrizko eskubideak izan dira langile gehienentzat, baina etxeko langileei ez zaie eskubide hori aitortu. Bidegabekeria hori konponduko du «Europan aitzindaria» den lege horrek, Diazen esanetan.
Etxeko langileen eskubideen alde diharduten elkarteak, baina, ez dira iritzi berekoak: kezkaz ikusi dute arauan agertzen diren zenbait neurri indarrean sartzeko epeak oso luzeak direla edo, zuzenean, ez dela eperik ezarri, eta zalantza handiak dituzte lan arriskuen prebentzioari buruz proposatzen direnak benetan gauzatuko ote diren.
Arriskuak nonahi
Asko dira etxeko langileen zereginetan dauden arriskuak. Isabel Otxoa ELE Etxeko Langileen Elkarteko aholkulariak dioenez, langile arrunten kasuan ohikoenak izaten dira eskaileretatik edo beste nonbaitetik erortzea, garbiketarako gai toxikoak erabiltzea, lunbalgiak eragiten dituzten mugimendu errepikakorrak egitea, eta erredurak egitea sukaldean.
«Baina zainketa lanak egiten dituztenen kasuan, horrek ez dauka mugarik», zehaztu du Otxoak. «Askotan, bere kasa mugitu ezin den pertsona bat mugitu behar izaten dute, ohetik altxatzeko, besaulki batera eramateko, kalera ateratzeko, komunean garbitzeko, eta abar. Horietan guztietan kalte fisiko handiak egoten dira. Adibidez, oso ohikoa da dutxan erortzea menpeko pertsona garbitzen ari diren bitartean».
«Indarrean dauden legeak, sinpleagoak izanik, betetzen ez badira, zergatik sinetsi behar dugu lege berriak beteko direla?»
ISABEL OTXOAELE Etxeko Langileen Elkartea
Horri guztiari atseden falta eta kalte psikikoa gehitu behar zaio: «Etxeko langile egoiliarren %46k ez dute zortzi orduko atsedenaldirik jarraian, gauez behin baino gehiagotan artatu behar dutelako menpeko pertsona. Lanaldiak ikaragarriak dira, eta horrek asko zailtzen die bizitza soziala egitea. Arrazakeriaren ondorioa ere dramatikoa da, egundokoak jasan behar izaten baitituzte: ‘Paperak lortzen dituzunean izango dituzu oporrak’, ‘ez bazaizu gustatzen, zain daudenen zerrenda oso handia da’, eta antzekoak entzun behar izaten dituzte, eta horrek kalte psikiko handia eragiten du».
2026ra arte itxaron behar
Otxoak dioenez, epeena da neurri sorta berriak dauzkan arazo nagusietako bat. Teorian, dekretua Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartu da indarrean, baina INSST Laneko Segurtasun eta Osasunerako Nazio Institutuak hamar hilabeteko epea dauka ugazabentzako tresna informatikoak garatzeko, eta ugazabek, berriz, beste sei hilabete dituzte tresna horiek abian jartzen direnetik.
«Teorian, dekretua 2023ko martxoan atera behar zuten», azaldu du Otxoak. «Sei hilabete zuten dekretua idazteko, eta bi urte behar izan dituzte horretarako. Orain, teorian, dekretua 2026ko martxoan sartu behar da indarrean, baina ez da hala izango. Ez da sinesgarria. Gainera, osasun azterketei buruzko neurriak ez dauka eperik; tokian tokiko osasun sistemek erabakiko dute noiz hasi».
Baina, epeez harago, edukiek ere mesfidantza handia sortzen diote Otxoari: «Lege berriaz hitz egin aurretik, aztertu beharko genuke zer gertatzen ari den jadanik indarrean dauden legeekin. Adibidez: lege berriaren arabera, langileari lantokian dituen arriskuen berri eman behar diote; baina badira hamar urte baino gehiago legeak ezartzen duela kontratuetan lan ordutegiak adierazi behar direla, eta hori ez da betetzen. Indarrean dauden legeak, sinpleagoak izanik, betetzen ez badira, zergatik sinetsi behar dugu lege berriak beteko direla?».
Bestalde, lege berriak betebehar batzuk ezartzen dizkie enplegatzaileei, baina Otxoak uste du gehien-gehienek ez dutela horiek betetzeko modurik izango: «Pertsona edadetuak dira, buru eta osasun arazoak dituztenak, eta, hain zuzen ere, zaintza lanak eskatzen dituzte ezintasun batzuk dituztelako».
Normalean, langile batek lan istripua izaten badu enpresak lan arriskuei buruzko bere erantzukizunak bete ez dituelako, prestazioen gaineko errekargu bat ordaindu behar du enpresak, %30etik %50erakoa. «Baina beren-beregi jarri dute etxeko lanen kasuan enplegatzailea salbuetsita dagoela errekargu hori ordaintzetik», azaldu du Otxoak. «Legea betetzeko pizgarria izan zitekeen mekanismo hori ez dute legean jarri».
Prestakuntzaren arloari ere arazoak ikusten dizkio Otxoak: «Horrelako ikastaroak Internet bidez egingo dituzte. Langile askok ez dute ordenagailurik, baina, gainera, mugimenduak nola egin eta abar irakasteko ikastaro bat online izatea ez dakit egokiena ote den».
Giden eraginkortasuna
Dekretuaren arabera, lan arriskuei buruzko gida bat ere egingo dute. «Gidak ez dira lege, ez dira bete beharrekoak», esan du Otxoak. «Eta gidak egon badaude: Osalanek bat atera zuen 2019an, eta seguru nago inork ez duela irakurri. Guk publikoki galdetu genion Lan eta Justizia Sailari nola zabaldu behar zuten gida hori. Maria Jesus San Jose sailburuak erantzun zigun Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren bulego guztietan banatuko zutela, baina, hara joan ginenean, zer zen ere ez zekiten. Beldur naiz oraingoan ere berdin gertatuko dela: sarean jarriko dute ikusgai, eta pentsatuko dute horrekin jada eginbeharra bete dutela».
Otxoaren iritziz, lan arriskuen gaiari ezin zaio heldu etxeko langileen eta, oro har, zaintzaren auzia bere osoan aintzat hartu gabe, eta askoz neurri «transbertsalagoak» beharko lirateke: batez ere, Atzerritarren Legeak langile askori ezartzen dien mehatxua ezabatzea eta lan ikuskaritzan askoz inbertsio handiagoa egitea: «Zaintzaren beharra duen jende asko dago, eta behar dituzten zaintza motak ere askotarikoak dira. Oso zaila da horri erantzutea; argi dago zaintzen arloa beste era batera antolatu behar dela».
Dekretuan agertzen diren neurri nagusiak
Legearen arabera, ugazabak osasunerako eta segurtasunerako arriskuen ebaluazio bat egin behar du, eta neurriak hartu beharko ditu arrisku horiek gutxitzeko edo ezabatzeko. Ugazabek babeserako ekipamenduak eman beharko dizkiete langileei.
Arriskuen prebentzioa ere ugazaben betebeharra da, eta bi bide dituzte horretarako: lan hori egingo duen pertsona bat kontratatzea, edo enpresa baten bitartez. Edonola ere, Espainiako Lan Ministerioak konpromisoa hartu du eginbehar horretan lagungarri suertatuko den tresna bat garatzeko.
Langileek badute eskubidea arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza jasotzeko, legeak jasotzen duenez. Oinarrizko prestakuntza emateko plataforma bat sortuko dute, eta Fundae Lan Prestakuntzarako Estatu Fundazioak kudeatuko du.
Langileek eskubidea izango dute osasun azterketak egiteko, gutxienez hiru urtean behin. Borondatezkoa izango da.