ELAk uste du koronabirusaren aurkako borroka eragiten ari den krisi ekonomikoari aurre egiteko zerbitzu publikoak indartu behar direla, eta horrek derrigorrezkoa egiten duela diru sarrera publikoak handituko dituen zerga erreforma bat, errenta handiek eta enpresek gehiago ordain dezaten. Baina ELA eta beste sindikatuak ez dira zerga sisteman aldaketak egin beharko direla uste duten bakarrak. Confebaskek ere eskatu du aldi baterako errenta zerga eta sozietate zergak handitzea. Ahalegin hori «krisia ondoen jasaten ari direnen bizkar egon behar da, enpleguak eta mozkinak mantentzen dituztenen eta errentarik handienen bizkar». Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiari interesgarria iruditu zaio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalaren eskaera. «Ikusiko dugu zer ibilbide duen, baina nola egongo dira Confebasken, zerga igoera eskatzeko». Lakuntzaren arabera, patronalak ELAren bidea aitortu du, «ez duelako beste biderik ikusten».
Benetako Irteera izeneko agiria landu du ELAk, koronabirusaren krisia dela-eta sindikatuak egin dituen proposamenak biltzeko. Datorren astean du aurkeztekoa, baina aurretik sindikatuko buruek zertzelada batzuk eman dituzte, Argia astekariko Onintza Irureta eta Lander Arbelaitz kazetariei atzo arratsaldean eskainitako elkarrizketa telematikoan.
Lakuntza «oso kezkatuta» azaldu zen krisiari euskal erakundeek emandako erantzun «oso eskasarekin». Uste du agerian geratu dela 2008ko krisiaren ondoren hartutako «zerbitzu publikoen murrizketa politiken porrota», bereziki zaintzaren arloan. Sindikatuak jada eskatu du adinekoak zaintzeko zentro guztiak publiko egiteko, eta garbiketa eta anbulantziak ere zerbitzu publiko bihurtu nahi ditu. Eskaera horri heldu zion atzo Maialen Aranburu Ekintza Sozialeko idazkariak ere: «Txaloekin ez da nahiko, aitortza egin, eta lan eta bizi baldintzak duinak eskaini behar zaizkie».
Mobilizazioaren bidea hautatu du ELAk —«ez da gauza bera mobilizatu den herrialdea, eta mobilizatu ez dena»—, baina EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi ere bota die erronka Lakuntzak. «Ezker politikoak interpelazioa behar du, polarizazioa behar du. Gure alternatibek behar dute nork jasoa instituzioetan. Orain arte ez dituzte behar bezala jaso, eta orain aukera dute».
Koronabirusa
Lakuntza: «Zerga igoera eskatzeko, nola egongo dira Confebasken?»
EAEko patronala ELAren bidera hurbildu dela uste du, «ez duelako beste biderik ikusten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu