Lakuntza: «Pradalesen aurrekontu politika Urkullurena bezalakoa da»

ELAk salatu du osasun gastu erreala txikitu egingo dela eta EBn baliatzen denaren erdia baliatuko dela etxebizitzaren arlorako. Manifestazio batera deitu du abenduaren 14rako, zerga erreforma bat eskatzeko, «gehien dutenek ordaindu dezaten gehien».

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Amaia Muñoa eta Mikel Lakuntza ELAko buruekin, Ajuriaenean, uztailean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Amaia Muñoa eta Mikel Lakuntza ELAko buruekin, Ajuriaenean, uztailean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko azaroaren 26a
12:40
Entzun

Tratuan aldaketak izan dira, baina edukietan ez. Hori da, esaldi bakar batean, ELAk Eusko Jaurlaritza berriari buruz duen iritzia, eta 2025eko aurrekontu proiektuak indartu egin du uste hori. «Pradalesen Gobernuaren formak aldatu arren, ez dago inolako funtsezko aldaketarik Urkulluren aurrekontuekin konparatuz», ziurtatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilbon, eta Gasteizko gobernuari leporatu dio aurrekontuekin «propaganda» egitea.

Aurrekontu proiektuak konparatu beharrean, ELAk 2024ko aurrekontuen gauzapena eta 2025eko proiektua alderatu ditu, eta azterketa horretatik atera duen ondorioa da Osasun Sailak 91 milioi euro gutxiago izango dituela datorren urtean. ELAren arabera, herritarrei iristen zaien mezua ez da hori, baizik eta «proiektuaren ikuspegi partzial eta interesatua, propaganda hutsa, informazio guztia herritarren eskura jarri gabe».

Lakuntzak salatu duenez, «arrakala handia dago Europako osasun, hezkuntza eta etxebizitza parametroen eta Eusko Jaurlaritzaren parametroen artean», eta esan du osasunean ez dagoela inbertsiorik: «Osasun Itunari oihartzun handia ematen ari zaio, baina datuetara jotzen badugu, Osasun Sailaren atala 2024ko itxieran baino txikiagoa izango da 2025ean».

Gobernuarekin ez ezik, oposizioko alderdiekin ere haserre azaldu da, uste baitu osasun ituna aurrekontuetatik kanpo utzi dutela. «Huts handia da hori. Osakidetzaren egiturazko arazoak konpontzeko, baliabide gehiago behar dituzte, eta ez da onargarria gobernuak eta oposizioak, batez ere ezkerrekoak, joko honetan parte hartzea».

Aurretik egindako kritiken ildotik, Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoaren arduradunak nabarmendu du aldundietan EAJk eta PSE-EEk hitzartutako zerga erreforma «kenkarien zerrenda bat baino ez» dela, eta indarrean jarriz gero zerga gutxiago bilduko direla. ELAk uste du kontrakoa behar dela: gehiago biltzeko modua emango duen zerga erreforma sakon bat, Europako batez besteko presio fiskalera hurbiltzeko.

Horrelakorik ez dagoenez, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da defizit mugak agortzea eta zorpetzea handitzea. «Zor publikoa da 2025ean gehien handituko den saila, ia %20», gogorarazi du Murgiak. «Aurrekontu hori zorrean oinarritua dago, eta pertsona guztiek ordaindu beharko dute».

Etxebizitzan ere, motz

Etxebizitza arloan proposatutakoarekin ere ez dago ados ELA. «Aurrekontu honetan, BPGaren %0,28 baino ez da jartzen etxebizitzarako; Europan, aldiz, %0,6 jartzen da», adierazi du Janire Landaluze Azterketa Bulegoko kideak. Haren arabera, gero eta herritar gehiagok zailtasun handiak dituzte etxebizitza eskuratzeko, batez ere emakumeek, gazteek eta migratzaileek. «300 euroan izoztu dira, halaber, Eusko Jaurlaritzak etxebizitza bat eskuratzeko eskaintzen dituen prestazioak, eta kopuru hori ez da nahikoa».

Lakuntzak gogorarazi du zerga politika eta aurrekontu politika txanpon beraren bi aldeak direla. «Diru sarrera fiskalik ez badago, ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik». Hori aldarrikatzeko, ELAk manifestaziora deitu du abenduaren 14rako, 11:30ean, Bilbon. «Gehien dutenek gehiago ordaintzeko modua emango duen erreforma fiskal bat» eskatuko du.

ELA-REN PROPOSAMENAk

  1. «Benetako» zerga erreforma. ELAk azaldu du aldundiek aurkeztutako erreformak zerga abantailak ematen dizkiela enpresei, eta diru bilketaren pisua lan errenten gainean jartzen duela. Hori hala izan ez dadin, aberatsenek eta enpresek gehiago ordaintzeko neurriak nahi ditu. Horien artean dago errenta zergan eskalak aldatzea eta goiko mailetan tasak igotzea —ia %60ra maila gorenean—, eta kapitalaren tarifa espezifikoa ezabatzea. Sozietateen gaineko zergan, berriz, mozkinen gaineko %25eko gutxieneko tasa efektiboa ezartzea proposatu du, eta kenkariak eta pizgarriak ezabatzea. Ondarearen gaineko zergan tasak orain halako bi izatea nahi du ELAk.
  2. Osasuna

    . Eusko Jaurlaritzak BPGaren %5,52 erabiltzen du osasun publikoan, baina ehunekoa Europako Batasuneko batezbestekora (%7,6) iristea nahi du ELAk, hau da, ia 1.900 milioi euro gehiago jartzea.

  3. Hezkuntza. Europako batezbestekora heltzeko, aurrekontua %21 gehiago handitu beharko litzateke, hau da, 900 milioi euro gehiago jarri 2025eko aurrekontu proiektuan baino.

  4. Etxebizitza. Etxebizitza izateko eskubidea bermatzeko aurrekontua asko handitu beharko litzateke, BPGaren %0,28tik %2ra iristeko moduan. Hau da, 2.000 milioi euro inguru gehiago.

  5. Bizitza duina. DSBEaren zenbatekoan azken urteetan «aplikatutako murrizketetan» atzera egitea.

  6. Trantsizio ekosozialerako funts publikoa. Eusko Jaurlaritzaren industria politika «enpresa handien interesei lotuta» ikusten du ELAk, eta nagusiki, Petronorri, Iberdrolari eta «automobilaren lobbyari». Horri aurre egiteko, 2.300 milioi euroren funts bat sortu nahi du, «gehiengo sozialaren interesak lehenesten dituen trantsizio ekosozial bat egiteko».

  7. Langile publikoen lan baldintzak.  Euskal sektore publikoaren negoziazio kolektiboko mahaien emaitza errespetatzeko konpromiso politikoa nahi du, eta mahai horietan akordioak lortzeko borondate politikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.