Autogintza

Laguntzen zain, VW taldeak Landebenen auto elektrikoa ekoizteko asmoa azaldu du

Europan elektrifikazioaren aldeko estrategia «abiada handian» ezartzen ari direla eta aldaketa oro langileekin batera egingo dutela baieztatu du taldeko presidente Herbert Diessek

Herbert Diess VW taldeko kontseilari ordezkaria, irailean, Municheko auto azokan. SASCHA STEINBACH / EFE
joxerra senar
2021eko abenduaren 9a
16:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorriz markatua zuten gaurko eguna Iruñeko Volkswagenen fabrikan, eta azkenean apur bat gehiago itxaron beharko dute. VW taldeak baieztatu du auto elektrikoaren aldeko apustu horren parte izango dela Landabengo fabrika, baina zehaztu du erabakia ez dagoela oraindik hartuta, «baldintza orokorren eta gobernuaren pizgarrien zain».

Gaur bildu da, Wolfsburgen (Alemania), taldeko administrazio kontseilua, ondorengo urteetako inbertsioen erabakiak zehazteko. Han, aurreratu du datozen bost urteetan 159.000 milioi euroko inbertsioa egingo duela eta horietatik %56 (89.000 milioi euro) auto elektrikoa eta digitalizazioa bultzatzeko izango direla. Taldearen asmoa da 2026rako ekoitzitako lau autotik bat elektrikoa izatea.

Uztailean aurkeztu zuen VWk 2050era begirako auto elektrikoaren aldeko apustu estrategikoa, eta, Herbert Diess presidentearen hitzetan, «abiadura handian» ezarri nahi dute. «Auto industriaren eraldaketarik handienaren erdian gaude», aipatu du. Estrategia horren barruan, Europan dituen 63 fabriken artean, nagusiak elektrifikatu nahi ditu.

Hala, 56.000 milioi euroetatik 21.000 milioi euro Alemaniako Saxonia Beherea estatuan inbertituko ditu: zehazki, Wolsburgen, Hanoverren, Braunschweigen, Salzgitteren, Osnabrucken eta Emdenen. «Taldeak konpromisoa du Saxonia Behereko erroekin». Urrats horrekin bertan lan egiten duten 130.000 lanpostuei eustea espero du taldeak. Gainera, Alemanian, Leipzigeko fabrikan Porscheren bi modelo elektriko ekoitziko dira. Audiren kasuan, Neckarsulm hiriko eta Bruselako fabrikek bi modelo elektriko ekoitziko dituzte. Bruselaren fabrika «guztiz elektrifikatuta» dago gaur egun.

Oraindik erabaki gabe

Iberiar penintsulan, Seat-en Martorell hiriko fabrikan eta Iruñekoan auto elektrikoak ekoizteko asmoa duela baieztatu du VWek. Landabenen, noranahiko elektrikoak ekoizteko asmoa dute, eta Bartzelonan, ibilgailu konpaktuak. Marka zehatzik ez dute aipatu. «Azken erabakia baldintza orokorren eta gobernuaren pizgarrien menpe dago» esatera mugatu da taldea.

Hain justu ere, gaur onartu du Europako Batzordeak Espainiako Gobernuak uztailean bidalitako Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoa. Plan horren barruan, egitasmoetako bat da bateria fabrika bat eraikitzea, Iberdrolarekin eta Espainiako Gobernuarekin batera osatutako kontsortzio baten bidez. Zehaztu gabe dago non jarriko duten fabrika hori, baina, Martorellen zein Landabenen auto elektrikoa eraikitzeko, fabrika horren oniritziaren zain dago VW taldea. Horregatik, ez du oraindik behin betiko erabakirik hartu.

Onespenaren esperoan, itxaropentsu daude Iruñean. Asteazkenean, Alfredo Morales langile batzordeko presidenteak adierazi zuen noranahikoen bi modelo elektriko egingo direla Iruñean. Noranahiko bakoitza marka batekoa izango litzateke, Moralesen arabera: bata, VW markakoa, eta bestea, Skodarena. Dena den, Moralesen hitzetan, «aukera gehiago» daude aztergai, eta beste hipotesi bat da Volkswagen markaren ID modelo txikiak ekoiztea —gaur baieztatu dute VWen ID autoak Wolfsburgen ekoitziko direla—. Azkenik inbertsioa egingo ote den zain, bestelako zalantza asko ere argitzeko daude: zehazki zer produkzio bolumen izango duen auto elektrikoak.

VW taldearen agerraldiaren berri izan aurretik, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria pozik eta aldi berean zuhur azaldu da. Haren hitzetan, litekeena da azkenik Iruñean auto elektrikoa ekoiztea. Hala balitz «fabrikaren etorkizuna eta milaka enplegu» bermatuta leudekeela uste du. «Hilabeteak daramatzagu lanean auto elektrikoa errealitate izan dadin». Txibitek baieztatu du VWen erabakia Espainiako Susperraldirako eta Eraldaketa Ekonomikorako Plan Estrategikoaren menpe dagoela, eta espero du behin Bruselak hori onartuta Madrilek plan hori abian jarriko duela urte amaierarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.