Laguntzak sinplifikatzeko eta otsoaren babesa murrizteko konpromisoa eskaini die Jaurlaritzak nekazariei

Familia Nekazaritzaren Legea iragarri du Arantxa Tapiak, hurrengo legealdirako. Otsoari eskaintzen zaion babesa txikitzeko eskatu dio Jaurlaritzak Teresa Ribera ministroari.

NEKAZARITZA, ARANTXA TAPIA
Aldundietako nekazaritza eta ingurumen diputatuak gaur, Arantxa Tapiarekin. IREKIA
Irune Lasa.
2024ko otsailaren 14a
16:10
Entzun

Nekazariak protesta eta aldarri giroan dabiltzala, «mezu» bat bidali die Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak, lehen sektoreari «bultzada» emateko zenbait konpromisorekin. Agiri horrekin bat egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek ere.

Konpromiso horiek guztiak dekalogo batean laburbildu ditu Tapiak gaurko agerraldian. Lehen puntuetan, gehiegizko burokraziaren kexuen inguruan, erakundeek diote «administrazio eskudunekin» lan egingo dutela «Europako araudia bidezkoa, malgua eta Euskadiko errealitatera egokitua izan dadin». Adibidez, Nekazaritza Politika Bateratua berrikusteko eskatuko dute.

Ildo beretik, eta eskumen propioei dagokienez, nekazariei laguntzen kudeaketa sinplifikatzeko konpromisoa ere agertu dute Jaurlaritzak eta aldundiek. Horri apirilean gehituko zaio elikadura katearen legearen garapenerako dekretua, zeinarekin sortuko den Jardunbide Egokien Kodea eta Kostuen Behatokia. Hor, elikadura katearen legearen betearazpenerako inspekzioak ere aipatu dituzte.

Nekazaritza lurzoruen kontserbazioa balioesteaz gain, Tapiak konpromisoa azaldu du «ingurumeneko politikak nekazaritzako jarduerarekin harmonizatzeko». Atal horretan, zeresana eman dezakeen konpromisoa otsoak gaur egun duen babesaren ingurukoa da, hura murriztu nahi baitu Jaurlaritzak. «Teresa Ribera ministroari eskatu diogu otsoak duen babesa berriz ebaluatzeko, uste dugulako maila murriztu daitekeela», azaldu du Tapiak, esplikatuz otsoaren gaian oso aditua den pertsona batek gaiaz analisi sakona egin duela, eta ondorioztatu otsoak «gehiegizko babesa» duela.

Beste hainbat konpromisoren artean, Familia Nekazaritzaren Legea ere iragarri du sailburuak, «hurrengo legealdirako», familia ustiategiei aitortzeko landa ehunean eta nekazaritzako paisaia kontserbatzen duten «funtsezko egitekoa».

«Aurretik sektoreko eragileekin biltzea izango zen jokabiderik zuzenena».

 EDURNE BASTERRAUAGAko lehendakaria

Laguntza berriez galdetuta, Tapiak gogoratu du 2024an guztira 68 milioi euro jasoko dituela lehen sektoreak, eta amaitzear den legealdiko lau urteetan 176 milioi euro izan direla, COVID-19aren pandemia eta Ukrainako gerra tarteko.

UAGA Arabako nekazari sindikatuko lehendakari Edurne Basterrak, lehen erreakzio batean, Tapiari hau erantzun dio: «Dekalogoa alde batera utzita, aurretik sektoreko eragileekin biltzea izango zen jokabiderik zuzenena, protestak eta aldarriak eragin dituen egoera zuzenean ezagutzeko».

Nafarroa

Nafarroan berriz, Jose Maria Aierdi Nekazaritza Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria ostiralean da biltzekoa nekazarien ordezkariekin. Gaur bertan azaldu du akordiorik badago egon daitezkeela zerga hobekuntzak nekazarientzat, baina ez direla indarrean sartuko 2025. urtera arte. Baztertu egin du, ordea, errenta zergan moduluen sistemara itzultzeko eskaera. Nekazariak bihar daude berriro protesta egitera deituak, Iruñean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.