Laguntza publikoek autoen merkatua biziberritu dute

Uztailean, matrikulazioak %31,6 handitu dira, eta auto elektrikoena ia-ia hirukoiztu egin da

Auto saltokiak Bilboko Enekuri auzoan, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Auto saltzaileek uztailaren hasieran ikusitako argi printzek hilabete osoa argitu dute. Laguntza publikoen bitartez, auto berrien salmenta biziberritu egin da uztailean. Guztira, 5.735 auto matrikulatu dira, iaz hilabete horretan baino 1.377 gehiago (+%31,6). Edonola ere, urtearen bilakaera oso negatiboa da oraindik ere, merkatua heren bat txikitu baita: 20.013 saldu dira, iazko 31.157en aldean (-%35,7).

Eusko Jaurlaritzak jarri zituen lehenik indarrean auto berriak erosteko laguntzak, eta ondoren iritsi ziren Espainiako Gobernuarenak. Hasieran esandakoaren aurka, laguntzak bateragarriak dira —ekainaren 15etik aurrera erositakoentzat soilik, orduan jarri baitziren Indarrean Espainiarenak—. Gasolina eta gasolioa erretzen duten motordun autoen kasuan, 4.000 euroraino irits daiteke deskontua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —erdia, gobernuek, eta beste erdia, saltokiek—, eta 8.000raino auto erabat elektrikoen kasuan. Nafarroan txikiagoak dira laguntzak, Iruñeko gobernuak ez baitu sustapen plan berezirik.

Uztaileko datuetan argi ageri da Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan bilakaera hobea izan dela (+%34) Nafarroan (+%21) eta Espainian baino (+%1). Azken datu horretan eragina izan du autoak alokatzen dituzten enpresen eskaria asko jaitsi izanak, atzerriko turista eskasiaren ondorioz. Merkatu horrek garrantzi txikiagoa du Euskal Herrian.

Elektrikoen gorakada

Laguntza handienak motor alternatiboak dituztenek jasotzen dituzte, eta horiexek egin dute saltorik handiena salmentetan. Uztailean, motor hibridoak, elektrikoak eta gas bidezkoak dituzten 1.328 auto matrikulatu dituzte, iaz hilabete horretan baino 849 gehiago. Hau da, salmentak ia-ia iaz halako hiru izan direla (+%177). Horri esker, atal horretako ibilgailuak dira 2020an joera positiboa duten bakarrak, %21,6 gehiago saldu baitira. Horrenbestez, haien merkatu kuota inoizko handiena da: %23 uztailean, eta %20 2020an.

Atal hori xehatuz gero, nabaria da saldutako lau auto berritik hiru hibridoak direla; hau da, motor elektrikoa eta erreketakoa uztartzen dutenak. Baina elektriko hutsen pisua hasi da handitzen, azkenean: 147 saldu dituzte uztailean, iaz baino %188 gehiago. Hau da, joan den uztailean matrikulatutako autoen %2,5 dira elektrikoak.

Gaur egun beren eremuan dauden lantegietan errekuntza motorreko autoak guztiz nagusi direnez, eta sektore horiei bultzada eman nahi dietenez, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erabaki dute gasolioa eta gasolina erretzen duten autoak ere diruz laguntzea. 800 eta 4.000 euro artean jaso ditzakete. Laguntza hori salmentetan antzeman da: gasolina bidezko autoen matrikulazioa %11,9 handitu da, eta gasolio bidezkoena, berriz, %18,9.

Motor alternatiboen hedapena gasolina bidezko autoen kontura iristen ari da. Iaz, %65,6ko merkatu kuota izan zuen gasolinak Hego Euskal Herrian, eta %57,6 aurtengo lehen zazpi hilabeteetan.

Dieselaren gainbehera ez da eten, baina moteldu dela dirudi: saldutako auto berrien %23,7 izan ziren iaz, eta %22,3 izan dira aurten. XX. mendearen hasierako urteetan erabateko nagusitasuna lortu zuten diesel motorrek, eta 2011n jo zuten goia, hamarretik zazpik motor hori baitzuten. Iaz %32ra jaitsi zuten kuota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.