Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma

«Laguntza hauek denontzat dira onuragarriak»

Inma Iriondo. Idiazabal jatorri izeneko gazta egiten du Iriondok, Gipuzkoako Adarra mendiaren magalean. NPBren laguntzak bereziki inbertsioetarako erabiltzen ditu.

Inma Iriondo eta Mikel Beldarrain, Adarrazpi baserrian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jokin sagarzazu
<i>Urnieta</i>
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Hamabost urtez Irungo bulego batean lanean aritu ondoren, buru-belarri murgildu zen gaztagintzan. Inma Iriondok 400 ardi latxez osatutako artaldea du gaur egun, eta produkzioaren prozesu osoa kontrolatzen du, salmenta zuzeneraino, Donostiako San Martin merkatuan duen postuan. «Gurea bizimodu bat da, baina, bereziki, enpresa bat».

«Hutsetik» hasi zen, Mikel Beldarrain senarrarekin batera, eta NPBren laguntzak «ezinbestekoak» izan zituzten. Baita gerora ere, ekoizten dituzten produktuak «benetan errentagarriak» izan daitezen. «Bestela, ezinezkoa litzateke honetaz bizitzea, prezio oso handian saldu beharko genituzke gure produktuak. Azkenean, guk modu zuzenean baina denok zeharka jasotzen dugu onura».

Azpimarratu du berak «osagarritzat» dituela laguntzak, eta bereziki inbertsioetarako erabiltzen dituela. «Beste sektoreetako enpresetan bezala, beti gabiltza ikasten eta berritzen, eta oraingo egoeran are gehiago». Azken urteetan, produktu freskoetan jarri dituzte indarrak, eta, azkenaldian, zuzeneko salmentan.

Baina laguntzak ez daude horretara soilik lotuak. Izan ere, Iriondok gogoratu duenez, abeltzainek beren lurrak eta ingurukoak zaintzeagatik ere jasotzen dute dirua. «Nik, nire artaldearekin mendia garbitzeagatik jasotzen dut, baina hori onuragarria da denontzat ere», azaldu du horren inguruan jaso izan dituzten kritikei buruz. «Ez da egia diru laguntzetatik bizi garen fama».

NPB berriak klima aldaketan jarriak ditu begiak, eta nekazariei eta abeltzainei egun ezartzen dizkien betebeharrak gehituko dizkie. Iriondok, dena den, ez du uste asko nabarituko direnik Euskal Herrian. «Gurea, oro har, ez da intentsiboa. Hemen, familia ekoizleak gara, eta nahiko sakabanatuta gaude. Denok gutxi gorabehera egiten dugu lan ildo horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.