Otsaila bukatzean, aurtengo mailarik handienera ailegatu da Euriborra. %3,749an kotizatu du gaur, eta, beraz, %3,671 izan da hilabeteko batezbestekoa. Urtarrilekoa baino handiagoa da (%3,609), orduko hartan finantza merkatuek espero baitzuten Europako Banku Zentralak udaberrian jaitsiko zituela interes tasak, inflazioa jada kontrolpean egongo zelakoan garai horretarako.
Baina urtarrilaren 25eko bileran eta aurretik egindako adierazpen batzuetan, banku zentraleko buruek erabat zapuztu zituzten espektatiba horiek, eta, iradoki zutenez uda arte ez zela mugimendurik izango, Euriborrak gorantz egin du orduz gero.
Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentearen esku dago joera hori datorren astean etetea. Ostegunean bilduko da EBZren kontseilua, Frankfurten, eta erabakirik espero ez bada ere, merkatuak adi egongo dira prentsaurrekoan Lagardek zer esango. Esango balu interes tasak ez dituela aldatuko uda arte, litekeena da Euriborra oraindik aste batzuez igotzea, eta EBZren maileguetarako tasa nagusira apur bat hurbiltzea (%4,5). Baina apirilaren 11ko bileran mugimendu bat izan daitekeela iradokiz gero, ez da baztertu behar berriro beheranzko bidea hartzea.
Otsaileko datuarekin hipotekaren zenbatekoa berritu behar dutenen artean bi talde daude: sei hilean behin eguneratzen dutenek interesetan gutxiago ordainduko dute, iazko abuztuko batezbestekoa %4,073 izan baitzen; urtean behin aldatzen dutenek, berriz, pixka bat gehiago ordainduko dute, iazko otsailean %3,534 izan baitzen Euriborra.