Interes tasak uste baino beranduago jaitsiko dira eurogunean. Merkatuek eta analistek udaberri hasierarako espero zuten lehen mugimendua, martxorako edo apirilerako, baina uda arte aldaketarik ez dela egongo garbi utzi du gaur Christine Lagarde EBZ Europako Banku Zentraleko presidenteak.
Bloomberg-i Davosen (Suitza) emandako elkarrizketan, kazetariak galdetu dio ados ote dagoen interes tasen jaitsiera udan gertatutako dela iradoki duten EBZko kontseiluko kideekin. «Ziur aski hori gertatuko dela esango nuke nik ere», erantzun du Lagardek, baina berehala zehaztu du oraindik ez dutela erabakia hartu: «Tentuz ibili behar dut, halaber esaten baitugu datuen arabera jokatuko dugula; eta oraindik ziurgabetasuna dago, eta adierazle batzuk ez daude ikusi nahiko genituzkeen tokian».
Ez da lehen aldia Lagardek merkatuaren espektatibak apaltzen dituena. Interes tasak jaisteari buruzko eztabaida hoztu egin nahi izan zuen abenduko bileran, esanez oraindik koska bat falta zitzaiola %2ko helburura iristeko, eta goraka tira egiten zioten faktoreak badaudela. Abenduko datuek zuhurtasun hori indartu dute: bost hamarren igo zen, %2,9raino, Eurostatek gaur baieztatu duenez. Aldi baterako igoera izango dela uste dute analistek, lotuta baitago energiaren prezioa jaisteko neurri batzuk bertan behera geratzearekin.
Espektatiba puztuak
EBZko presidenteak errieta egin die interes tasen jaitsiera bizkorra eta bortitza espero dutenei, espektatiba faltsuak eragiten dituztelako. «Ez digu inflazioaren aurkako borrokan laguntzen, espektatibak benetan gertatuko dena baino handiagoak badira». Gaineratu duenez, soldaten bilakaeraren zain daude, uste baitute asko handitzen badira kontsumoa handituko dela, eta prezioek eten egingo dutela %2ko inflaziorako bidea. Datu horiek «udaberriaren amaieran» dira iristekoak. Iaz, batez beste %5,2 handitu ziren soldatak eurogunean.
Burtsek %1 inguruko jaitsierarekin erantzun diote Lagarderen komentarioei, eta beren espektatibak ere aldatu dituzte. Bloomberg-en arabera, merkatuek lehen espero zuten tasak sei aldiz jaistea aurten —%4,5etik %3ra—; orain, aldiz, bost aldiz jaistea espero dute.
Hurrengo bilera bihar zortzi du EBZk, eta martxoaren 7an izango du urteko bigarrena. Udaberriko azken bilera ekainaren 6an izango da, eta bi egingo ditu udan: uztailaren 18an eta irailaren 12an.
%3,59Mailegu bat duten edo eskatu nahi duten herritarrentzat interesgarria izango da ikustea Euriborrak nola erantzuten dion Christine Lagarderen hitzei. Azken asteetan behera egin du nabarmen, interes tasa ofizialen jaitsiera aurreratu egin ohi baitu indize horrek. Urrian jo zuen goia, %4,16ra iritsi baitzen batez bestekoa, baina abenduan %3,679ra jaitsi zen, eta urtarrileko batez bestekoa horren azpitik dago, %3,59an.