Laburbidea eten da, baina lan itunen blindatzea ez

Lurraldeetako lan hitzarmenak hobesten dituen dekretua ez onartu izanak ez du alarmarik piztu euskal lan eremuan. Jaurlaritzak uste du EAJk bultzaturiko lege proposamenarekin onartuko dela, eta sindikatuek, hura ere hobetu daitekeela.

Itunpeko ikastetxeetako langileak.
Itunpeko ikasteetxetako langileen protesta bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 11
17:20
Entzun

Denbora gehiago beharko da, baina dekretu bidez onartu beharrean lege bitartez lortuko da. Horrela laburbildu daiteke euskal lan eremuko eragileen erreakzioa Espainiako Kongresuak atzera bota ondoren erkidego autonomoetako eta probintzietako sektoreko lan hitzarmenak Espainiakoen aurretik hobesten dituen dekretua. Lan eremuko eragileak sinetsita daude EAJk iazko urrian eskaera berarekin bultzaturiko lege proposamenarekin lortuko dela; sindikatu subiranistek, berriz, uste dute lege hori hobetu daitekeela, eta hor saiatzeko eskatu diete euskal alderdiei. Hori bai, kritikak eragin ditu Espainiako Gobernuko kideen egiteko moduak.

Galdera zuzena da: asteazken gaueko bozketaren emaitzak eragin handia al du euskal lan eremuan? Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gutxi; hala uste du behintzat Jaurlaritzako Enplegu Sailak; Nafarroan, ordea, eragina izango du. Merezi du bi eremuak bereizita aztertzea. Dekretua ez onartu izanak aldaketa gutxi dakartza oraingoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; izan ere, lan hitzarmenek, hala autonomikoek nola herrialdeetakoak, 2017ko lanbide arteko akordioaren babesa dute. Akordio hartan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinaturiko lan hitzarmenak lehenestea onartu zuten lau sindikatu handienek eta Confebaskek.

«Lan hitzarmenen lehentasunaren auzia bereiz eztabaidatu behar da. Deitoragarria da Espainiako Gobernuak beste erabaki murriztaile batzuekin nahastu izana».

PELLO IGEREGIELA sindikatua

Enplegu Sailak marko horretan kokatzen du bere iritzia, eta nabarmendu du EAJren lege proposamenaren bidea irekita dagoela oraindik, eta haren bitartez lege mailako babesa lortuko dela. Sailaren ustez, halaber, lege horrekin 2021eko lan erreformaren oinarriak indartzen ditu. Iritzi hori dekretua atzera botatzeko arrazoietan onartzen da. Dekretua ez zen onartu Podemosek aurka bozkatu zuelako, baina kontrako botoa eman zuen langabezia sariarekin loturiko beste neurri batengatik, ez lan hitzarmenen lehentasunen auziagatik. 

Korapilo hori askatzeko, lan hitzarmenen auzia «bereiz» eztabaidatu behar dela uste du Pello Igeregi ELA sindikatuko ordezkariak: «Deitoragarria da Espainiako Gobernuak duen ohitura. Dekretu berean murrizketa bat eta horrelako auziak nahasten ditu». Dena den, argi du 2017ko akordioak blindatze juridiko sendoagoa behar duela: «[Espainiako] Auzitegi Gorenak oraindik ez du egin akordioaren interpretazioa juridikoa, eta Confebaskek zalantzan jarri izan du. Ondo bidean, legeak babes hori eman beharko lioke». Igeregik gehitu du lege proposamenak eremu autonomikoa aipatzen badu ere herrialde mailan berdin aplikatzen dela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sektoreko lan hitzarmen gehienak herrialde mailakoak dira.

«Dekretuak ilun asko zituen, eta legea asko hobetu daitekeela uste dugu. Hor ekiteko eskatzen diegu alderdiei».

OIHANA LOPETEGI LAB sindikatua

LABeko Oihana Lopetegi antzera mintzo da, baina gehitu du egoera hau «aukera gisa» ikusten dutela: «Asteazkenean onartu ez zen dekretuak bere ilunak bazituen. Orain, eztabaida fasean dagoenez, EAJk eginiko lege proposamena hobetzeko aukera dago, eta gai horri lehentasun osoa emateko eskatzen diegu euskal alderdi politikoei». Blindatze hitza ere aipatu du, egun arazoak dituztelako 2017ko akordioa sinatu aurretik iraungi ziren eta oraindik berritzeke dauden hitzarmenekin. «Epaitegietan daude batzuk. Lehenbizi sinatu zen itunak du lehentasuna, eta, legearekin, euskal hitzarmenak Espainiakoen gainetik leudeke, noiz sinatu ziren kontuan hartu gabe».

CCOO Euskadik atsekabez ikusi du dekretua ez onartzeko arrazoien atzean dagoen sestra politikoa, baina Santi Martinez sindikatuko ordezkariak nabarmendu du 2017ko lanbide arteko akordioak oraindik bertako hitzarmenei ematen dien babesa: «Akordioa da EAEko hitzarmena hobesten dituen erreminta, bere garaian CCOOk bultzaturikoa. Gure ustez, horrelako erreformak egiteko markoa elkarrizketa soziala da, negoziazio kolektiboa modu egokian egituratu ahal izateko».

Eta Nafarroan?

Nafarroako eta EAEko hitzarmenen egoera ezberdina da, Nafarroan ez baitago lanbide arteko akordiorik, eta lurralde mailako akordio bat amaitzen denean Espainiakoa aplikatu behar dela dio legeak. «Eztabaida juridiko handia izaten dugu», onartu du Igeregik, «espero dugu lege horrek Nafarroako hitzarmenei estaldura juridikoa ematea». LABen antzeko arazoak izan dituztela onartu dute, hein handi batean patronalen jarrerarengatik.

Legeak askatu beharko duen korapilo handi bat lan hitzarmen berriena izango da. Arropa multinazional handiak (Zara, Primark...) beren beharretara egokituriko lan hitzarmen berri bat eztabaidatzen ari dira Espainian. Sindikatu subiranistak, baina, kritiko agertu dira, Euskal Herrian lurralde mailako arropa dendetako hitzarmen propioak baitaude. Sindikatuen arabera, horiek lehenetsi beharko lirateke Espainiako horien aldean.

kimiken negoziazio mahaia ireki ezinik

Jaurlaritzak bere balorazioan zintzo gaineratu du egun «arazorik handiena» ez dela dekretua ez onartu izana, hitzarmen batzuk sinatzeko dauden trabak baizik. Alde horretatik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dute Confebask patronala industria kimikoen EAEko lan itun propioa sortzea blokeatzen ari dela. Espainiakoaren indarraldia abenduaren 31n amaitu zen, eta iruditzen zaie aukera aproposa dela mahai hori osatzeko. Sindikatuen arabera, baina, patronalak ez du negoziazio esparru berririk sortu nahi, eta, ondorioz, Espainiako hitzarmenak zehaztuko ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileen baldintzak. Sektoreko 120 enpresetako lan batzordeen babesa jaso du eskaerak (Krafft, Michelin...). Nafarroan, berriz, sindikatuak ez dira ados jarri eskaera bat eginda egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.