«Gobernu batek ez du hain egoera penagarria utzi gutxienez 1979az geroztik. Ekonomiaren eta soldata errealen hazkundea gerraosteko batezbestekotik oso behera dago. Zergen zama 1945az geroztik izandako handiena da, eta gobernuaren zorra, azken 60 urteotako handiena. Hala ere, zerbitzu publikoak desegiten ari dira. Erresuma Batuaren defentsak hutsik daude». Hori da, paragrafo eskas batean, Erresuma Batuaren egoera ekonomikoaren deskribapen errealista. Ez da laboristen kanpainako testu batetik atera, ezta ezkerreko hedabide batetik ere: Financial Times-en igandeko editoriala da.
Testu horretan, laboristen alde bozkatzeko eskatu du Londresko elite ekonomikoaren egunkariak, eta egurra eman dio kontserbadoreen azken urteetako jardunari. Bai, 2010etik 2024ra bitartean toryen gobernuak aurre egin behar izan die haren kontroletik kanpoko faktore batzuei —finantza krisiaren ondorena, COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra...—, baina, halere, haien erabakien bizkar jarri behar da egoera ekonomiko txarraren erantzukizunaren parte bat.
Erabaki horien artean, bat nabarmentzen da: brexit-a. Kontserbadoreen barne eztabaida bat behingoz isilarazteko, David Cameronek apustu oker bat egin zuen, eta haren ondorioak Cameronek berak soilik ez, ekonomiak ere ordaindu ditu, hau da, herritarrek eta enpresek. Egia da batzuek iragarritako hondamendi ekonomikorik ez dela gertatu, baina garbi geratzen ari da Europako Batasunetik ateratzea kalte egiten ari dela gutxika-gutxika.
Horrela, Londresko alkateak eskatutako txosten batek erakusten du EBrekin izandako merkataritza harremanak gutxitzeak 140.000 milioi euroren galera eragin diola Erresuma Batuaren barne produktu gordinari. Beste modu batera begiratuta: EBren ekonomia %24 handitu da 2016tik, baina Erresuma Batuarena %6 baizik ez.
Inflazioa ere handiagoa izango da, Londresek gehiago ordaindu behar du bere zorra finantzatzearen truke, soldatak ez dira igotzen ari, produktibitatea hondoratzen ari da... eta, brexit-aren zale sutsuen atsekaberako, immigrazioa ez da eten: poloniarrak ziren nagusiki lehen, eta Europatik kanpokoak orain.
Ekonomia «piztea»
Panorama horrekin pentsa zitekeen laboristen helburuetako bat izango zela brexit-a atzean uztea eta EBra ez bazen behintzat haren merkatu bakarrera itzultzea. Baina Keir Starmerrek argi utzi du ez duela inolako asmorik horretarako. Ez soilik bere agintaldian: ez du ikusten halakorik gertatuko denik bizirik dagoen urteetan; luze joango da agian, Starmerrek 61 urte baititu.
Starmerrek dio ez duela zabaldu nahi brexit-ak gizarte britainiarrean —eta alderdi laboristan— eragin zuen zauria, nahiz eta azken inkestek erakusten duten herritar gehien-gehienek oker gisa ikusten dutela brexit-a. Uste hori zabalduago dago laboristen boto emaileen artean: %78k adierazi dute EBn berriro sartzeko gogoa. Horiek baretze aldera, EBrekin harreman «sendoagoak» izaten ahaleginduko dela agindu du, baina asko zehaztu gabe.
Horiek horrela, zein da Starmerren formula Erresuma Batuko ekonomia sustatzeko? Hazkundea «berriro piztea» Erresuma Batuaren «gainbehera» geratzeko. Esamolde generiko horren atzean zera dago, gobernuak gehiago esku hartzea ekonomian, baina «enpresekin, sindikatuekin eta gizarte zibilarekin elkarlanean». Halaber agindu du plangintza arauak aldatuko dituztela, azpiegiturak eta etxeak errazago eraiki ahal izateko, eta «gehiegizko zentralismoa» apalduko duela.
Zergen aldetik, laboristek diote ez dituztela ukituko zerga nagusiak, baina badago zalantza proposatu dituzten aldaketekin —Londresen bizi diren milioidunen erregimen berezia deuseztatzea eta kapitalaren gaineko zerga handitzea— lortuko al duten herrialdearen finantzaketa behar handiei erantzutea. Eskoletan, ospitaleetan eta defentsan gehiago gastatuko duela agindu du Starmerrek, baina ikusteko dago hori egin ahal izateko ez ote duen beste leku batzuetatik kendu beharko.
Baina, beste ezeren gainetik, Starmerrek «egonkortasuna eta seriotasuna» agindu ditu, hain zuzen ere azken gobernu kontserbadoreek eskas izan dutena.