Protestan segitzen dute Ipar Euskal Herriko laborariek. Ekintzak iragarri dituzte ondoko egunetarako FDSEA eta ELB sindikatuek. Izanen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute agiri bidez EH Bai eta EELV alderdiek.
EH Bairen ustez, «funtsezkoa» da laborariek hilabetero sari «duina» eskuratu dezaten, eta, horretarako, «unitate kostuaren azpitik egiten diren ordainketen debekua» ezartzeko eskatu du. Ezkerreko abertzaleen hitzetan arazoa ez dira ingurumena babesteko legediak, «agroindustriak metatzen dituen gero eta etekin handiagoak baizik». Europako diru laguntza sistema ere kritikatu dute, eta adierazi dute erabat berrikusi behar dela «produktibismoa lehenetsi eta etxalde industrialei mesede egiten dien» NPK Nekazaritza Politika Komunaren laguntzen filosofia.
EH Bairen iritziz, «lurraldearen erresilientzia eta burujabetzarako zutabea den laborantza herrikoi eta iraunkorra» babestu behar da, eta Ipar Euskal Herrian eraiki daiteke alternatiba. Hala, azken urteetan garatu diren desmartxak laudatu ditu, hala nola zirkuitulaburrak, ekonomiaren birtokiratzea eta sor-marken sorrera. Baina, laborantza politikak Euskal Herrian erabakitzeko beharra ere azpimarratu du, eta Ipar Euskal Herriko Laborantzaren Erakunde Publikoaren aldeko parioa berretsi du.
EELVk, berriz, laborantzaren trantsizio «zinezko, justu eta ekologikoa» defendatu du, baina azpimarratu du justizia sozialik gabeko ekologia ez dela bizigarria. «Ingurumen legeak ezinbestekoak dira, klima, bizidunak eta gure osasuna defendatzeko; lehenik eta behin laborariena. Baina azken hauek ez dute sistemaren pisu guztia jasan behar agroindustria, agroelikadura industria eta banatzaile handiak haien bizkar gizentzen diren bitartean». Ekologisten iritziz, Frantziako Lehen ministroaren iragarpenek «agerian» utzi dut ez dagoela sistema «ero eta bidegabe» horri amaiera emateko borondaterik.
Soluzioak badirela erran du EELVk, hala nola galtzetan saltzearen debekua, jantokien hornikuntza edo ekoizleari prezio justuan ordaintzen dieten kontsumitzaile taldeak. Halaber, erran dute erabakigarriak izanen direla heldu den ekainean iraganen diren Europako hauteskundeak, horien araberako izanen baita NPK berria.