Laborariek urrira arteko epea jarri diete gobernuei, haien eskariei erantzuteko

Mobilizazioen bidez, eskatu nahi dute sektoreko erregai eta energia zergak murrizteko eta Europako Batasunetik kanpoko elikagaiei mugak jartzeko.

Nekazariek Biriatuko ordainlekua itxi dute. MAIALEN ANDRES / FOKU
Nekazariek Biriatuko ordainlekua itxi dute. MAIALEN ANDRES / FOKU
asier gonzalez de san pedro
2024ko ekainaren 3a
15:25
Entzun

Lehen sektorearentzat «etorkizun duina» izatea. Hori da Euskal Herriko laborariek gaur errepideetara eraman duten aldarri nagusia. Eskaera zerrenda luze bat dutela azaldu dute, talde tekniko batek egindakoa eta mobilizaziora deitu dutenen artean adostutakoa. Bitan laburbildu dituzte eskari guztiak: inportatutako produktuen gaineko kontrol handiagoa izatea, eta bertako produkzioa babesteko eta lehenesteko neurriak hartzea; eta sektoreak erabiltzen dituen energien zergak murriztea.

Biriatuko (Lapurdi) muga blokeatuz egiten ari dira protesta, martxoan bezala. 10:00etan hasi dute, eta muga 24 orduz ixteko asmoa dute, baina soilik garraio astunarentzat. 10:00etatik 12:00etara, baina, autoena ere blokeatuta egon da Lapurdiko partean; deitzaileen arabera, jendarmeen debekuengatik gertatu da hori, protesta egiteko baimen batzuekin izandako arazoengatik. Tirabirak ere izan dira laborari eta jendarme batzuen artean.

Euskal Herrian ez ezik, beste herrialde batzuetan ere egiten ari dira protestan nekazariak; besteak beste, Somporteko, Portaleteko (Aragoi, Espainia) eta Jonquerako (Herrialde Katalanak) mugako pasabideetan.

Aurreikusita protestak ondorioak izango zituela trafikoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak operazio berezi bat prestatu du. Besteak beste, eskatu du Irun (Gipuzkoa) inguruan autoz ez ibiltzeko. Goiza nahiko lasai joan da. Gaurko protestaren berri bazutenez, kamioi askok igandea baino lehen igaroa zuten muga.

Halere, gaur goizean arazo batzuk izan dira, muga itxi aurretik bereziki. 09:00 inguruan auto ilara batzuk sortu dira A-1 eta A-15 errepideetan, Villabona eta Andoain (Gipuzkoa) artean, baita N-121-A bidean ere, Irun inguruan. Segurtasun Sailak uste du arratsalderako egoera zertxobait okertuko dela muga inguruko errepideetan.

Laborariak Euskal Herriko hainbat txokotatik joan dira Biriatura. Esaterako,07:00etan Tolosako Benta Handitik (Gipuzkoa) traktore andana abiatu da Astigarragarantz, N-1 errepidetik; eta ordu berean Astigarragarantz joan dira Zarauzko Astitik ere, N-634 errepidean barrena. Bi blokeak Irunera joan dira, GI-2132 eta GI-636 bideetatik.

Udazkenean itzuliko dira 

Deitzaileak sindikatuetatik kanpo dauden nekazariak dira, eta horien artean daude Trebiñu eta Araba Landaren Alde elkartea (Ataca), Gipuzkoako Baserritar Gazte Elkartuen Auzolana (Bagea), Nafarroako Semilla y Belarra eta AGAIN elkarteak, eta Frantziako Mugimendu Independentea. Azken horretako kidea da Thierry: «Espainiarrekin batera etorri gara, Europari keinu indartsu bat egiteko. Espero dugu Europako nekazari guztiak martxan jartzea, Portugaldik Poloniaraino eta Greziatik Belgikaraino».

Atacako bozeramaile Iñaki Martinez de Lagos harro agertu da mobilizazioak zer-nolako oihartzuna izan duen ikusita. «Historia egiten ari gara, inoiz ez bezalako mobilizazio baten bidez». Hark irakurri du deitzaileek adostutako agiria. Ohartarazi du gaurko «ekintza koordinatua» ez dela protesta «soila», «lankidetza jarraitu baten hasiera baizik», eta nabarmendu du mobilizazio gehiago egingo dituztela. «Ez gara geldituko Europako politiketan aldaketa nabarmenak gertatu arte. Europako Batasuna ez da ohartzen gure sektorea itolarrian dagoela oztopo burokratikoen eta politika geoestrategikoen ondorioz».

Martinez de Lagosek nabarmendu duenez, halako protestak «presio modu bat» dira Europako Batasuneko Nekazaritza komisarioa eta Espainiako eta Frantziako Gobernuak nekazariekin biltzera behartzeko.

«Ez gara geldituko Europako politiketan aldaketa nabarmenak gertatu arte».

IÑAKI MARTINEZ DE LAGOS Ataca elkarteko kidea

Deitzaileek salatu dute martxoan egindako azken protestaz geroztik egoera ez dela aldatu, eta Europako Batzordeak eta gobernuek aurrerapauso gutxi eman dituztela haien eskaerei erantzuteko. «Ultimatum bat jarri genuen, baina bagenekien Olentzerori eskutitza idaztearen parekoa zela», adierazi du Joxean Etxeberria talde deitzaileko kide eta Irungo (Gipuzkoa) baserritarrak. Aurrera begira, zehaztu du mobilizazioak eten egingo dituztela udazkenera arte, eta, instituzioek udan berresten badute ez dutela urratsik egingo, urrian ekingo dietela berriz protestei.

(ID_13946934) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2024-06-03, Biriatu.Laborariek autobideko bidesaria blokeatu dute
Nekazariek autobideko bidesaria blokeatu duten Biriatun. PATXI BELTZAIZ

Aitor (abeltzaina): «Egungo baldintzekin, oso zaila da belaunaldi erreleboa izatea»

«Orokorrean, ikusten dugu gero eta gazte gutxiagok hartzen dutela  gurasoen erreleboa, eta arazo bat dagoen seinale da hori. Injustizia eta hipokrisia handia dago. Europako Batasunak eskatzen digu herbizida eta pestizida gutxiago erabiltzeko, natura babesteko eta klima aldaketari aurre egiteko, eta oso ongi iruditzen zait, baina ez da posible Argentinatik eta Brasildik elikagaiak ekartzea guri baino askoz kontrol gutxiago eskatuta, eta bezeroari ezer ez esatea, gainera».

Uxue (abeltzaina): «Europako hauteskundeak datoz, eta estrategikoa iruditzen zait gaurkoa»

«Merkatua elikagai inportatuen menpe dago, eta, kanpokoak merke ekartzen direnez, bertakook saldu ezinik gabiltza. Oso zaila da abeltzaintzatik bizitzea, trabak besterik ez daude. Ez dakit gaurko protestarekin lortuko ote dugun baldintzak hobetzea, baina ilusio horrekin etorri gara. Zer presio egiten ari garen eta zenbat jende gauden ikusita, mugitzen hasi beharko lukete, baina ezin da jakin zer egingo duten. Esperantza daukagu. Europako hauteskundeak datoz, eta estrategikoa iruditzen zait gaurkoa».

(ID_13946962) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2024-06-03, Biriatu.Laborariek autobideko bidesaria blokeatu dute
Nekazariak Biriatuko ordainlekura iristen, traktoreekin. PATXI BELTZAIZ

Martxokoan bezala, gaurko itxialdiak ere ez du jaso nekazaritza arloko sindikatu tradizionalen babesik, baina horietako kideei askatasuna eman diete parte hartu ala ez erabakitzeko. Patxiku Irisarri Nafarroako EHNEko idazkari nagusiak azaldu duenez, «ñabardura» batzuengatik ez daude deitzaileen zerrendan; adibidez, ez datozelako bat 2030erako Agendaren eta nekazaritzako eskubide historikoen inguruan esaten direnekin.

Mobilizaziorako propio hautatutako eguna da gaurkoa. Izan ere, Europako Parlamenturako hauteskundeak ate joka daude, eta Europako erakundeek erabakitzen dituzte nekazaritza eta abeltzaintza politikak, hein handi batean. Zehazki, EBren aurrekontuaren herena erabiltzen da politika horietarako, eta parlamentuak gobernuekin eta Europako Batzordearekin negoziatu beharko du 2027tik aurrerako Nekazaritza Politika Bateratua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.