Arto-hazi egileen sindikatuak Aiziritzeko (Nafarroa Beherea) Lur Berri kooperatiba blokeatu zuen atzo goizean, Olivier Gemin zuzendariaren jarrera salatzeko. Hogeita hamar bat laborarik kooperatibaren sarrera itxi zuten traktoreekin, Gemin diktadurari ez, langileak=nagusiak lelopean. Joan den abenduaren 20an, Olivier Antonin arto hazien saileko zuzendariordea kanpo ematea erabaki zuen Geminek, eta horrek lehertu du egoera.«Diktadura» bat ezarri izana leporatzen diote laborariek; kooperatibako erabaki guziak berak bakarrik hartzen dituela, alegia. «Hau ez da gehiago kooperatiba bat, Geminen enpresa da», salatu du Olivier Auzki laborariak.
Joan den apirilean iritsi zen Antonin Lur Berri kooperatibara, eta laborariak eta langileak pozik ziren harekin zuten harremanaz. «Zinez balio handiko gizona da, laborariengandik eta pertsonengandik hurbilekoa. Erraza zen harekin mintzatzea; proiektu anitz bazuen», esplikatu du Auzkik. Besteak beste, ingurumenaren arloan urratsak egiteko borondatea zuela azpimarratu du. Baina zuzendariordearen eta Gemin zuzendariaren artean harremanak txartu dira azkenaldian, eta, Eguberri aitzin, zuzendariordea kanporatzea erabaki zuen Geminek. Abenduaren 20tik, arto hazien sailak ez du gehiago zuzendariorderik. «Ofizialki erran dute ez dituela bere helburuak bete, baina badira batzuk aise lehenagotik hor direnak eta ez dituztenak helburuak bete, eta horiek ez dituzte kanpo eman», deitoratu du Auzkik.
Laborarien hitzetan, Lur Berriko administrazio kontseiluak eta Sauveur Urrutiagerre lehendakariak beti utzi izan diote nahi duena egiten Gemin zuzendariari.Langileak kexu dira nola ematen dioten hainbeste botere. «Laborariek beti negar egin behar dugu zerbait lortzeko», salatu du Auzkik, Euskal Irratietan. «Lur Berri kooperatiba bat da, alta, Olivier Gemin zuzendariak erabakitzen du dena, administrazio kontseilua abisatu gabe. Administrazio kontseilua ez zen jakinean ere Antonin kanpo ematea erabaki zuela». Laborariek osatua da administrazio kontseilua, baina batzuek beren abantaila aurkitzen dutela dio Auzkik. Haren hitzetan, ez da lehen aldia Geminek halako kanporatzeak erabakitzen dituela. «Ez bazara ados harekin, kanpo ematen zaitu», salatu du. Langileen artean beldur giroa zabaldua dela iradoki du.
Lehengo astean Eric Narbaits izendatu zuten Lur Berriko lehendakari gisa, eta hitzordu bat eskatu diote egoera aipatzeko. Atzo, Sauveur Urrutiagerre lehendakari ohiarekin eta Gemin zuzendariarekin bildu ziren protestan ziren laborariak, baina ez dituzte haien eskaerak onartu. Oraingoz, blokeatzea ekintza bertan behera uztea erabaki dute, eta heldu den astelehenean sindikatuaren bilkura egitekoa dute, hemendik aitzina egitekoa gogoetatzeko.
Laborariek Lur Berri kooperatiba blokeatu dute, zuzendariaren kontra
Arto hazien saileko zuzendariordea kanpo eman izana salatu nahi izan dute ekintzarekin. Bilkura eskatu diote Lur Berriko lehendakariari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu