Mauleko hiltegiaren egoera, laborarien kezken adierazle

Mauleko hiltegiaren egoera salatzeko elkarretaratzea egin ondotik, Baionara buruz etorri dira laborariak, autobidean ilarak eraginez. Bestalde, Frantziako laborarien protestek segitzen dute, Frantziako Gobernuaren neurri gehiagoren zain.

Mauleko kabala hiltegia salbatzeko laborarien elkarretaratzea
Mauleko kabala hiltegia salbatzeko asmoz laborariek egin elkarretaratzea. Guillaume Fauveau
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2024ko urtarrilaren 31
15:45
Entzun

Laborarien protestak baditu arrazoi bat baino gehiago, eta Ipar Euskal Herrian horietako bat da Mauleko hiltegiaren egoera. Afera da hiltegiaren kategoria apaltzeko mehatxua egin duela DDPP Herritarren Babeserako Departamenduko Zuzendaritzak, higiene eta segurtasun arau batzuk errespetatzen ez dituelakoan. Egoera salatzeko, sindikaturik gabeko laborari batzuek ekintza egin dute goizean, Maulen, eta horiekin bat egin dute ELBkoek ere.

Barraskilo operazioa egin dute Baionaraino, eta autobidean auto ilarak eragin dituzte. Baionako hirigunean ere sartu dira, ekintzak egin dituzte zenbait eraikinen aitzinean. Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariarekin bildu dira, baina ez dute balorazio baikorrik egin.

Baionara helduta, lehenik, elkargoaren egoitzan izan dira, eta gurpil meta bat eta ongarria ezarri dituzte atearen aitzinean. Momentu berean, delegazio bat Etxegarairekin bildu da, Mauleko hiltegiaren egoera aipatzeko. Laborarien arabera, «entzun» egin ditu, baina erran du ez zela «Estatua baino fiteago joaten ahal», eta laborariek erantzun dute haiek ez dutela «denborarik».

Hesteko mehatxua

Hiltegiari kategoria apaltzeak eragin handia luke hazleentzat, ondoko urratsa bailitzateke hiltegia hestea. Hori dela eta, administrazio kontseilu osoak dimisioa eman zuen aitzineko astean, argudiatuta albaitaritza zerbitzuak «zorrotzegiak» direla. Salatu dute hiltegian ari den DDPPko agenteak «jazarpena» baliatzen duela ere. Prefeturak agiri baten bidez erran du DDPPko agentearengan «konfiantza» duela, eta adierazi protokolo bat abian ezarriko duela hiltegia araudia betetzen «laguntzeko».

Pierre Diarze Domintxaineko (Zuberoa) hazlea da, eta hiltegiko erabiltzailea. «Ez dugu gauza handirik ateratzen bilkura horretatik, gure arazoak entzun dituzte, baina diotena da ezin dituztela gauzak fiteago egin, Estatua dela arduraduna. Guretzat, horiek estakuruak dira, ez dugu gehiago denborarik igurikatzeko, etxalde anitz zailtasun handian baitira».

«Gure arazoak entzun dituzte, baina diotena da ezin dituztela gauzak fiteago egin, Estatua dela arduraduna. Guretzat, horiek estakuruak dira, ez dugu gehiago denborarik igurikatzeko, etxalde anitz zailtasun handian baitira».

PIERRE DIARZE Hazlea

Etxegarai prentsaren aitzinean mintzatu da laborariekin bildu ondoan, Isabelle Pargade elkargoko laborantza gaien lehendakariordearekin batean. Berretsi dute Mauleko hiltegia atxiki nahi duela elkargoak, eta prest dela alde guziak biltzeko, elkarrizketa berriz sustatze aldera. Erran dute gobernantza modu berri bat atzemateko azterketak egiten ari direla, eta anartean aldi baterako gobernantza bat plantan ezarria izanen dela.

Panpi Sainte Marie laborari eta ELBko eledunak testuinguru zabalago batean kokatu du Mauleko hiltegiaren arazoa. «Laborariak zinez kinka larrian dira. Anartean, administrazioaren astakeriak ordaintzen ari dira, eta gauza bera gertatzen da Nekazaritza Politika Bateratuaren [NPB] diru laguntzarekin, batzuek ez dituzte oraino izanak». Haren esanetan, «kontraerran handiak» ditu Frantziako Gobernuak: «Elikagai burujabetzaz ari dira, baina kanpotik ekarrarazten dituzte elikagaiak, tokiko laborantza ehorzten ari diren artean. Nazioarteko tratu horien kontra gara, Euskal Herrian bertan ekoizten ahal dugu eta tokiko laborantza da zaindu behar».

Frantzian, Rungiseko merkatura buruz

Frantzian, laborarien protestek segitzen dute, eta Parisera buruz doazen autobide andana blokeatu dituzte azken egunetan. Batzuek helburu gisa jarri dute Rungiseko handizkako merkatua blokeatzea: Frantziako merkaturik handiena da, Paristik hurbil, eta hortik pasatzen dira laborantza mozkin gehienak. Bada, laborari talde batek Rungiseko merkatuko alde batera sartzea lortu du, eta, oraingoz, laurogei bat laborari atxilotu ditu Frantziako Poliziak. Gerald Darmanin Barne ministroak erran du polizia gehiago igorriko zituela Rungisera, laborariei han sartzea eta hura blokeatzea oztopatzeko, hark finkatutako «marra gorria» baita.

Atzo, Gabriel Attal lehen ministroak politika orokorrerako hitzaldia egin zuen, eta laborariei hitzeman zien martxoaren 15erako izanen dutela NPBren diru laguntza. Beste neurri batzuk ere iragarri zituen: mahastizainei diru laguntza gehigarriak ematea —80 milioi euroko funts bat desblokeatuko dute horretarako—, gasolioa ordaintzeko diru laguntzak ematea, inportatutako produktuak gehiago kontrolatzea, eta lurrak alfer pausuan ez utzi behar izateko baimen bereziak luzatzea. Azken horri dagokionez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azaldu du proposatuko duela urtebetez gibeleratzea lursailen zati bat derrigorrez lugorrian jartzeko agindua. Bestalde, erran du Ukrainako eta Moldaviako produktuak EBra sartzeko baldintzak erraztuko dituela beste urtebeterako. Alta, laborariek errazte hori bertan behera uzteko eskatzen dute. Iragarritako neurriek, beraz, ez dute laborarien kexua eztitu.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.