Laborariak babesteko lege bat hitzeman du Gabriel Attalek

Laborariei pisu handiagoa eman nahi die negoziazio komertzialetan. Pestizida gehiago erabili ahal izateko neurriak hartu ditu.

Gabriel Attal Frantziako Lehen ministroa, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE / EPA
Gabriel Attal Frantziako Lehen ministroa, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE / EPA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko otsailaren 21a
11:52
Entzun

Frantziako laborantza saloia hastear dela, laborarien kexua arintzeko iragarpenak egin ditu Gabriel Attal Frantziako lehen ministroak. Uda aitzin lege proiektu bat onduko dutela erran du, besteak beste, laborarien gutxieneko lansaria bermatzeko eta Egalim legearen neurriak indartzeko. Pestiziden heina neurtzeko adierazleari buruz ere aldaketak izango direla iragarri du, eta etxaldeetan atzerriko langileak hartzeko erraztasunak emanen dituztela erran du. 

«Laborariek haserre oihu bat entzunarazi dute», Attalen hitzetan, eta horri erantzun nahian ari da Frantziako Gobernua. Krisiari erantzuteko zenbait neurri hartuko zituztela iragarri zuen urtarril bukaeran, eta hartu dituzten 62 engaiamenduak abian direla baieztatu du Parisen egin duen agerraldian. Hala, erran du diru laguntzak isuri dituztela, eta hainbat prozedura arintzeari ekin diotela. Haren hitzetan, Europako NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren oinarrizko laguntza guziak banatuak izan dira.

Frantziako lehen ministroak ez du zehaztu prestatzen ari diren lege proiektuaren edukia, baina baieztatu du «elikadura burujabetza» bilduko duela, eta laborantza «nazioaren oinarrizko interesen heinean» ezarriko duela, segurtasunarekin eta defentsarekin batera. Horrez gain, Egalim legea indartzeko ere baliatuko dute: laborarien eta elikadura sektorearen arteko merkataritza harremanen oreka hobetzea du helburu, laborariei gutxieneko ordainsari bat bermatzeko. Ekoizpen prezioa baino apalago saltzea debekatzen du, besteak beste, legeak. 

2018an egin zuten lehen Egalim legea eta 2021ean berrikusi zuten, baina oraindik zenbait jukutria daudela salatu izan dute laborariek. «Iruzurgileak zigortuak izan behar dira, kontrolak ugaritzen ari dira eta zigorrak izango dira», adierazi du Attalek. Lege berrian, laborarien pisua indartu nahi dute negoziazio komertzialetan. 

Pestiziden adierazlea

Thiaklopridea, neonikotinoiden familiako pestizida bat, erabiltzen duten zenbait laborantza produkturen inportazioari dagozkion neurriak hartuko dituztela ere iragarri du Attalek Parisko agerraldian. Europan debekatua da pestizida hori, baina hainbat produktu inportatutan aurki daiteke. Europako Batzordeari inportazio horiek debekatzeko eskatuko diola erran du Frantziako lehen ministroak. 

Haatik, adierazleak aldatuko dituzte pestiziden erabilpena arintzeko. Izan ere, 2030erako pestiziden erabilpena %50 murriztea helburu zuen plana baztertuko dute, eta, harekin batera, pestiziden heina neurtzen zuen Nodu adierazlea. Haren ordez, Europako adierazleetan oinarrituko dira. Generations Futures elkarteak bi adierazleak konparatu zituen 2011 eta 2021 arteko epean: Europako adierazlearen arabera, %32ko apaltzea zegoen; Frantziako adierazlearen arabera, %3ko emendatzea. 

Azkenik, nekazaritza ekoizpena «tentsioan dagoen sektore» izendatuko dute, atzerriko langileei bisak ematea asko errazteko, eta konferentzia bat iragarri du Frantziako Estatuaren eta tokiko instituzioen artean, jantegi kolektiboetan Frantziako produktuen erabilpena sustatzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.