Laborarien protestak

A63 autobidea blokeatua dute laborariek Baionan

Aturri gaineko zubia erabat itxita daukate FDSEA sindikatuko kideek, eta iragarri dute ez direla mugituko gutxienez bihar goizera arte.

(ID_13524964) (/EZEZAGUNA) (;)
Laborarien protesta, A-63 autobidean, Baiona inguruan. BERRIA
Iker Aranburu -Paulo Ostolaza
2024ko urtarrilaren 23a
09:50
Entzun

Euskal Herrira ere iritsi da laborarien protesta. FDSEA sindikatuko kideek A63 autobidea erabat blokeatu dute goizeko seietan, Baionan. Laborari batzuek Ametzondo parean itxi dute autobidea, Baiona eta Hiriburu artean, eta beste batzuek, berriz, Baiona iparraldean. Protestak kilometro askotako auto pilaketak sortu ditu Lapurdiko hiriburuan eta haren inguruko herrietan.

Orduek aurrera egin ahala arindu dira metaketak, poliziek trafikoa beste errepide batzuetara bideratu dutelako. A63 autobideak, ordea, itxita jarraitzen du arratsaldean. Bordelerako norabidea erabat blokeatuta dago: Aturri gaineko zubia (Hubert Touya zubia) zeharkatzerik ez dago, eta blokeatzea Landetara heltzen da, Ondres pareraino. Hegoalderako noranzkoan, berriz, FDSEAko laborariek trafikoa etena dute Landetan, baina irekita dago Baiona eta Donostia arteko zatia.

Okzitanian abiatu da laborarien azken protesta, eta lurralde horretan daude blokeatze gehienak, Tolosa inguruan, Agenen, Montaubanen, Albin eta beste hainbat lekutan. Gerard Darmanin Frantziako Barne ministroak baieztatu du poliziak eta jendarmeek laborariei ez oldartzeko agindua dutela, eta ez dituztela blokeatzeak indarrez hautsiko.

Hildako bat, Ariegen

Blokeatze horietako batean ezbehar larri  bat gertatu da, Ariege departamenduko Pamiers herrian, Okzitanian: nekazari bat hil da errepide mozketa batean. Auto batek protestan ari zirenak harrapatu ditu, eta 36 urteko emakume bat, haren senarra eta alaba jo ditu. Emaztea hil egin da, eta gizona eta nerabea larri zaurituta daude. Lehen informazioen arabera, autoko gidariak ez ditu nahita harrapatu, baina ibilgailuan zihoazen hiru lagunak atxilotu egin dituzte.

 

FRANCE FARMERS PROTEST
Ariegeko istripuko autoa, gaur goizean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

 

Hildakoaren laborariaren senideekiko errespetuz, Pirinio Atlantikoetako FDSEAk iragarri du ez duela Ariege departamendu osoan errepide gehiago blokeatuko. Beste lurraldeetan, ordea, protestek jarraitu egingo dute. Baionan, esaterako, gutxienez bihar goizera arte izango dira blokeatzeak.

FDSEA laborarien sindikatu kontserbadoreak eta haren gazte adarrak (JA, Laborari Gazteak) abiarazi dute mugimendua, baina beste laborari taldeak batzen ari zaizkie. Ipar Euskal Herrian ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna da indar nagusia nekazarien artean, eta ondoko egunotan berak ere mobilizazioak egingo dituela adierazi dio BERRIAri.

ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna taldeko kide da —ezkerreko laborariak biltzen ditu—, eta haren ordezkariak bihar goizean dira biltzekoak Gabriel Attal Frantziako lehen ministro berriarekin. Atzo Confederation Ruraleren txanda izan zen, eskuin muturretik gertuen dagoen taldearena. Bilera horiek astelehen arratsean abiatu zituen Attalek, Arnaud Rousseau FNSEAko presidentearekin —departamenduetako FDSEAk biltzen ditu FNSEA federazioak—. Bileraren ostean, Rousseauk iragarri zuen ez dituztela ekintzak geldituko gobernuak erabaki zehatzak hartzen ez dituen arte.

Emmanuel Macron Errepublikako presidenteak laborarien haserrea baretzeko neurri zehatzak hartzeko galdegin dio Attalen gobernuari. Oraingoz, baina, erabaki bakarra izan da laborantzako lege proiektua gibeleratzea. Bihar zuen aurkeztekoa Marc Fesneau Laborantza ministroak, baina aste batzuk hartuko dituzte orain zenbait aldaketa egiteko; horien artean, laborari gazteak instalatzeko prozedurak errazteko.

Duela bi aste hartu zuen gobernuaren gidaritza Attalek, eta nekazarien krisiari aurre egin behar dio lehen-lehenik. Asko du jokoan, Emmanuel Macron presidenteak ez baitu nahi laborarien haserrea Jaka Horien protestaren mailara iristea. Osagai politikoak ere baditu krisiak, eskuin muturra (RN Batasun Nazionala) eta eskuina (Errepublikanoak) krisiari etekin politikoa atera nahian dabiltza eta.

Arrazoiak

Frantziakoak eta Ipar Euskal Herrikoak ez dira negu honetan errepideetara eta kaleetara atera diren nekazari bakarrak. Protesta giroa hedatzen ari da Europako nekazarien artean. Herbehereetakoek hasi zituzten mobilizazioak eta Alemaniakoek, Poloniakoek eta Errumaniakoek jarraitu zieten gero.

Herrialde bakoitzean bere eskakizun propioak dituzte nekazariek; Alemanian, esaterako, Olaf Scholzen gobernuak gasolio profesionalari laguntza kentzea izan da protestak piztu dituen txinparta. Baina denek badaukate ezaugarri komun bat: Europako Batasunak klima krisiari aurre egiteko eta ingurumena babesteko jartzen dizkien baldintza gero eta gogorragoek sortzen duten haserrea.

Pestiziden erabilera da gatazken arrazoietako bat. Europako Batzordeak belar txarrak hiltzeko produktu gutxiago erabiltzea nahi du, baina nekazari sindikatu askok aurre egin diote, eta azaroan lortu zuten glifosatoaren erabilera beste hamar urtez luzatzea. Edonola ere, debekatzeko proiektua itzuliko den beldur dira.

FNSEAren eskaeren artean da bertan behera geratzea lurren %4 lugorrian gorde behar izateko agindua. EBko NPB nekazaritza politika bateratuaren azken erreforman agertzen da neurri hori. Halaber, eragotzi nahi du industriaren CO2 emisioak gutxitzeko zuzentarau berria txerri eta hegazti etxalde handiei ere ezartzea.

Beste kexu orokor bat prezioei dagokiena da. Beren ekoizpen kostuak handitu egin direla eta beren produktuen truke nahiko diru lortzen ez dutela salatu dute nekazarien sindikatuek, eta saltoki handiek asko estutzen dituztela.

Horrekin lotuta, ingurumen baldintza lausoagoak dituzten produktuekin lehia egin behar dutela salatu dute nekazariek, EBk nekazaritza produktuen beste ekoizle handi batzuekin sinatutako merkataritza librerako itunen ondorioz.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.