2016an oraindik modu industrialean ari zen Patrick Dagorret laboraria. Anaiak 2002an hartu zuen aitak kudeatzen zuen etxalde familiarra, eta 2007an elkartu zen harekin Patrick. Hegazti gripeak jo zuenean, 30.000 ahate zituzten etxaldean, eta kontzientzia hartze bat-batekoa izan zen haientzat. Gaur egun ELBko kide dira, eta laborantza iraunkorrean dabiltza lanean, egindako hautuaz damutu gabe.
Ahatea ekoizteaz gain, beste adar batzuk ere lantzen dituzu. Zergatik?
Alde batetik, kanika guziak ez sartzeko produkzio bakarrean, zerbait gertatzen bada ere. Eta ahatearekin ikusi dugu; eskerrak bagenituela ondoan funtzionatzen zuten produkzioak. Bestetik, aspertuak ginelako produkzio bakarraren intentsifikazioarekin. Ez dugu gehiegi sinesten. Ingurumenaren kezka ere bada. Geroz eta animalia gehiago daude gure baserrietan, geroz eta hektarea gehiago, produktu kimikoen erabilpena... Ez du zentzurik.
Lehen hegazti gripea ezagutu zenuten 2016an.
Iritsi zenean 30.000 ahate genituen. Txoke handia izan zen ekoizle guzientzat. Hasieran, gripea Gers eskualdean hasi zen. Gu Euralis laborantza kooperatiban ginen, industrialak deitzen diren horietako batean. Ez zitzaigun azalpenik ematen, inor ez zen gai errateko nondik zetorren, nolaz hain fite hedatzen zen. Maiz Euraliseko teknikariaren bisita genuen, eta erraten zigun nola garatzen zen. Horrez gain, azaltzen zizkigun zein ziren Cifog interprofesionalak birusaren oztopatzeko aurreikusi neurriak.
Zer zioen?
Anaia eta biok txokatuak ginen hasieratik. Zioena ez zitzaigun logikoa iruditzen. Adibidez, tunelezko eraikinak debekatuak izango zirela, eraikin gogorretan inbertitu beharko genuela. Murruak leunak izateko, errazago garbitzeko, eta desinfektatzeko. Ahateengana joateko desinfektazio gune batetik pasatu beharko genuela, jantziz aldatu, eskuak garbitu... Gure ahateen ikustera joateko. Hori laborari bati erratea zernahi da. Eskatzen zigutenak, gure ustez, ez zuen inongo zentzurik.
Halako inbertsioetan badituzte interes partikularrak?
Bai, noski. Horren atzean partaidetzak dira; hori segur da. Gero zure etxera heldu dira beste enpresa bateko teknikariarekin. Lurberrik, adibidez, berak egiten ditu bere eraikinak. Komertzio handia bada horren gibelean.
Zer eragin du horrek guztiak?
Geure burua anitz galdekatu dugu. Paraleloki, ELB sindikatuarekin biltzen hasi gara, ikusteko laborarien defentsan zer egin genezakeen. Ordu arte ez genuen inolako kontakturik etxaldeko ahatea egiten zuten laborariekin, hau da, modu industrialean ez zebiltzanekin. Soilik gu bezala industrialean ari ziren ahate ekoizleekin genuen harremana.
Zer ekarri zizuen haiekin hitz egiteak?
Beti oroituko naiz laborari batek erraten zidala bere ahateak ez zituela inoiz txertatu. Harritua nintzen. Gaixotzen ote ziren galdegin nion, eta harriduraz ezetz azaldu zidan. Gu hasieratik behartzen gintuzten ahateak txertaraztera. Txertoak egin eta eritasun berriak agertzen ziren, eta albaitariak txertoak gehitzen zizkigun. Normala iruditzen zitzaigun. Laborari harekin hizketan, ez genuen ulertzen zer gertatzen zitzaigun.
Zertaz ohartu zineten orduan?
Ohartu gara eritasunak biziki lotuak direla animalia kopuruari eta arrazari. Hemengo arraza, kriaxera, landugabea da, eta eritasunen aitzinean askoz azkarragoa. Paraleloki, Euralisen dagoen laborari batekin hitz egin genuen. 30 urte daramatza ahatea egiten, eta garapena ikusi du ahate taldean. Euralisek gero eta kopuru handiagoko taldeak nahi ditu, eta ahateak gero eta ahulagoak dira. 2016an asko galdekatu genuen geure burua, eta erabaki genuen erokeria horren gelditzea.
Nola funtzionatzen du eredu industrialak?
Biziki zatikatua da. Lehenik, badira inkubagailuak; gero, gu bezalako hazleak; beste batzuek galkatzen dituzte, eta hortik hiltegira. Hegazti gripea sistema zatikatu horrengatik hedatu da, garraio asko badelako. Orain, inkubagailuan hartzen ditugu, eta hemen bertan hiltzen ditugu.
Etekin pertsonala ere ezberdina izango da.
Bai, noski, eta beste plazer bat da. Industrialean, 3.000ko saldorairistean, oso inpertsonala da. Egun batez ahate bat ikusten dugu, eta segur aski akabatu arte ez dugu berriz ikusiko. Kriaxera arraza landugabea da, gehiago mugitzen da. Lehen bezala, kanpoan ditugu, baina lehen lokatza besterik ez zen, bata bestearen gainean ziren, ez da baitezpada plazer iturri. Orain, gainera, gure ahateak zuzenean saltzen ditugu, eta jendeak etxaldea ikusi nahi du. Ateak plazer handiz zabaltzen ditut. Industrialki lan egin dugula asumitzen dut, tarte batean biziarazi gaitu, baina hor ez da kalitatea.
Bi laborantza eredu ezagutu dituzu.
Laborantza iraunkorrean da geroa, konbentzitua naiz. Gure lagun batzuek segitzen dute modu industrialean. Gripea izan delarik, ez dira ausartu aldaketa ematera. Egia da konplikatua dela, baina egin behar da; laborantza industrialak ez du gerorik. Azken hogei urteetan, geroz eta laborari gutxiago daude, baina geroz eta etxalde handiagoak. Beti ari dira animalia kopurua emendatzen, baina laborariak hiltzen ditu. Jokoan dago herri laborariek bizirik irautea ere.
Laborantza iraunkorreko produktuak garestiagoak izaten dira.
Industrialek prezio apala dute, baina kalitatea ez. Erosleak ere beti ahal bezain merke nahi du. Guri dagokigu lan bat egitea, ulertaraztea zergatik den garestiago. Ez gaude biologikoan, baina txertorik ez da gehiago, eritasunik ere ez. Belarra jaten duen ahatea da, naturan egoten da asko, eta naturak ekartzen diona hartzen du. Beste zerbait da. Orain, gibeltasunarekin ez naiz inondik ere damutzen. Soluzioak aurkitu ditugu, eta lortzen dugu ekoiztutakoa saltzea.
Zer garrantzi du ELBk?
Benetan ari da laborariaren defentsan, ez dagoelako lobby-rik, adiskidekeriarik industrialekin. Horiek haien interes ekonomikorako ari dira. Nork defendatu ditu laborariak? ELBk eta Laborarien Konfederazioak, zeinaren partaide baita ELB. FDSEA ez da mugitu, Cifog elkartearen parte da, eta industrialak dira.
Mobilizazio garrantzitsuak antolatu zituen sindikatuak.
ELBn biziki harrituak izan gara ikustean gizarte zibila nola mobilizatu den gure mugimendua sostengatzeko. Zerk eragiten du Ipar Euskal Herrian elkartasun handiagoa egotea? Ez dakit. Pentsatzen dut badela ere kulturala, ez uztearena egiten, eta arduratsua izatearena. Gure kultura dela uste dut. Zer nahi dugun, eta, batez ere, zer ez dugun nahi. Badakigu gurea defendatzen, gure egoera eskutan hartzen. Beste lekuetan falta dena, beharbada: indibidualistagoa da, bakoitza bere etxean, buru-belarri lanean. Ez da begiratzen zer egiten den ondoan, eta elkartasun gutxiago bada, segur aski. ELB elkartasun froga bat da.
Patrick Dagorret. Ahate ekoizlea
«Laborantza iraunkorrean da geroa, konbentzitua naiz»
Bi urtean laborantza industrialetik iraunkorrera igaro da Dagorret, Irisarrin anaiarekin daukan ahate etxaldean, Nafarroa Beherean. Nahiz eta kabala gutxiago jarri, beste lanpostu bat sortzea lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu