EHLGko lehendakaria

Beñat Molimos: «Laborantza herrikoia eta iraunkorra funtsezkoa izan daiteke gazteak ofiziora ekartzeko»

EHLGk hogei urte bete dituen honetan, heldu den urteetako erronkei begira jarri zaie Beñat Molimos lehendakaria: etxaldeen transmisioa eta elikaduraren birtokiratzea landu beharko dituzte, batez ere; Ipar Euskal Herriko egitura bat ere espero dute.

Beñat Molimos EHLGko lehendakaria, artxiboko irudi batean. SYLVAIN SENCRISTO
Beñat Molimos EHLGko lehendakaria, artxiboko irudi batean. SYLVAIN SENCRISTO
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hogei urte pasatu dira EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu zenetik, eta hamar Beñat Molimos (Bunuze, Baxenabarre, 1966) elkarteko lehendakari bilakatu zenetik. Urteak aitzina, erronkak aldatu dira, berritu, eta Molimosek uste du kolektiboaren kulturan oinarrituz oraino gauza gehiago erdietsiko dituztela datozen urteetan.

Hogei urte iragan, eta zertan da Euskal Herriko Laborantza Ganbera?

Ongi, erran nezake. Hogei urteren ibilbidea eginik. Helduak gara 23 langilera; denbora osoan 21 bat ari dira. 1.700.000 euroko buxeta dugu, eta hara: mementoan, segurik, ontsa doa. 

Gure garapen saila emeki-emeki abiatu genuen, eta sail guztietan lan egiten dugu orain: hazkuntzan, kulturan, artoan, errotazio horietan, arlo juridikoan, instalazio eta transmisio sailean, diru laguntzen dosierrak egiteko sailean, agro-oihangintzan... Uste dut laborariei egin behar diegun ekarpena sail guztietan egiten dugula.

Urteetan zehar, oreka atzeman duzue Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Laborantza Ganberari begira?

Ez dakit hari begira ari garenetz. Guk oinarritzat hartu genuen hastapenetik laborantza iraunkorra eta herrikoia garatzea; ez zen beharbada Paueko Laborantza Ganberaren helburuetan... Hortakotz ere sortu zen EHLG. Geroztik, beti ber oinarritik egiten dugu lan: laborarientzat hurbileko tresna gisa, Euskal Herrian ezagutzen zen dinamika hori mantentzeko eta akuilatzeko. Dinamika kolektibo horretan kokatu gara, eta dinamika horretan oinarrituz entseatu gara EHLG eta ELB sindikatua mantentzen.

Proiektu partekatu gisa irudikatzen duzue, beraz.

Hastapenetik. Gure administrazio kontseiluaren osaketa ere hola egin genuen: laborariekin eta gizarteko kideekin ere bai; kontsumitzaileak, garapen sailean ari diren hainbat egitura, ingurumenaren zaintzan ari diren elkarteen ordezkariak, laborantza sailean ari diren langileenak... Hola osatu dugu hastapenetik gure biltzar orokorra. Laborantza arlotik haratago nahi genuen kokatu, laborantza gaiak lurraldeko beste eragileekin landuz.

Gaur egun, oraino ere, elkarte bat da EHLG. Hola jarraikitzeko xedea duzue?

Ez da kanbiamendurik horretan, behin. Erran nezake elkarte moduak anitz abantaila ekartzen dituela: nahi duten lurraldeko jendeak gomitatzen ahal ditugu gure biltzar orokorrera. Hala ere, gure xedea da lurralde proiektu baten kokatzea, eta, horri begira, proposamena egina genion Euskal Hirigune Elkargoari, lekuan jarri zelarik laborantza eta elikaduraren konpetentziak hartu baitzituen. Mahai gainean dute proposamena: hemengo egitura bat [Ipar Euskal Herrikoa], hemengo laborantza eta elikadura gaiak tratatzeko; erran digute normalki aurten sortuko dela.

«Gure garapen saila emeki-emeki abiatu genuen, eta sail guztietan lan egiten dugu orain: hazkuntzan, kulturan, artoan, errotazio horietan, arlo juridikoan, instalazio eta transmisio sailean, diru laguntzetan, agro-oihangintzan...»

Elkargoarekin landu genuen zer nahi dugun, nor ikusten dugun mahaiaren itzulian... Horiek dira: laborarien ordezkariak, izan EHLG, izan Paueko Laborantza Ganbera, izan ELB sindikatua, eta orain CR eta FDSEA; eta gizarteko ordezkariak ere bai, gure biltzar orokorrean parte hartzen duten bezala. Badira eragile sozioekonomikoak ere: kooperatiben ordezkari batzuk, hiltegietako ordezkariak... Horiek guztiak estatutuetan ezarriak ditugu. Orain, Elkargoaren lana da estatutu horiek behar bezala lantzea, zeren eta elkarte horrek beharko du prefetak onartzea; hori izanen da zailena, pentsatzen dut.

Hortik harago, zein dira EHLGren datozen urteetako erronka nagusiak?

Ohartzen gara laborari kopurua apaltzen ari dela, eta indarrak eman nahi ditugu etxaldeen segida segurtatzeko; nahiz lan hori jada egiten dugun formakuntzaren bidez eta proiektua duten laborariak horien desmartxetan lagunduz. Beste erronka da gazteen sentsibilizatzea laborantzako ofizioaren inguruan. Guk pentsatzen dugu laborantza herrikoi eta iraunkorra funtsezkoa izaten ahal dela. Baina pentsatzen dugu gaur egun laborantzak, edozein ofiziok bezala, biziarazten ahal duela.

«Behar dugu berreskuratu kolektiboaren kultura, orain pixka bat galdua baita. Laborantza mundua biziki indibidualista bilakatua da, eta hori, maleruski, NPBren diru laguntzek eragin dute»

Bestalde, elikadura birtokiratu behar dugu, hemen ekoiztua dena ahal bezainbat hemen bertan kontsumitua izan dadin. Ez da hori gauza erraza... Hazkuntza lurralde batean gara, baina baditugu eskas batzuk: baratzezaintzan eta arbolen fruitugintzan, partikularki. Behar ditugu ahal bezainbat akuilatu. Labur gutti pentsatzen dut EHLGk hartuko duen langile bat arbolen fruitugintzan berezitua; gero gauza bera eginen dugu baratzezaintzan, segurik. Eta beste lan sail guztiekin behar dugu jarraiki. Geroari begira, badakigu klima aldaketak ekarriko dituela hainbat kanbiamendu, eta horiei buru egin beharko diegu.

Elkarlanean, beti?

Behar dugu berreskuratu kolektiboaren kultura, orain pixka bat galdua baita. Laborantza mundua biziki indibidualista bilakatua da, eta hori, maleruski, NPBren diru laguntzek eragin dute. Pentsatzen dut horretan badugula lana, eta kolektiboaren kultura hori behar diegula sentiarazi laborariei ez ezik gizarteari ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.