Pirinio Atlantikoetako laborantzako ganberarako hauteskundeak iraganen dira Ipar Euskal Herrian, gaurtik hasi eta urtarrilaren 30 arte. FDSEA-JA, ELB eta Coordination Rurale sindikatuen artean izanen da lehia nagusia, baina LAB sindikatua ere aurkeztuko da laborantzako langileen kolegioan. 2019ko bozetan FDSEA-JA gailendu zen, botoen %53,98 eskuratuta. ELBk %24,21 lortu zituen; Biarnoko Laborarien Konfederazioak —ELB sindikatu horren Ipar Euskal Herriko adarra da—, %13,19; eta Coordination Ruralek, %8,62.
Laborariak, laborantza arloko langileak eta laborantzako talde profesionalak biltzen dituen egitura ofiziala da. 30 ordezkari ditu —horietarik hemezortzi dagozkie laborariei—, eta sei urterako agintaldia izaten dute. Departamendu mailako egitura horrek Pauen du egoitza nagusia, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere baditu ordezkaritzak. Ipar Euskal Herrirako egitura baten beharra aldarrikatu izan du urteetan ELB sindikatuak. Jasotako errefusak ikusirik, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartea sortu zuten 2005ean, laborantza herrikoia sustatzeko.
Hala, erronka berezia bilakatu da azken urteetan laborantza ganbera ofizialerako bozetan Ipar Euskal Herrian izandako botoak kontatzea. ELBk garaipena aldarrikatu izan du behin baino gehiagotan, baina Pirinio Atlantikoetako prefeturak ez du onartzen Ipar Euskal Herriko emaitzen kontaketa ofiziala egitea.
Gorabehera handiak izan dira azken urteetan, izan nazioarteko merkatu libreko akordioen ondorioz, izan hazkuntza arloan agertu diren eritasunengatik. Azken hilabeteetan mobilizazio bat baino gehiago egin dute sindikatuek, laborariek lansari duina izateko neurriak har ditzatela eskatuz. Baina aterabideetan desadostasunak dituzte. Jokaleku horretan iritsi dira aurtengo hauteskundeak.
Euskal Hedabideek hiru sindikatu nagusien arteko eztabaida antolatu zuten astearte gauean Hazparneko (Lapurdi) Armand David lizeoan. Sebastien Uthurriage (FDSEA-JA), Maritxu Lopepe (ELB) eta Jean Pierre Suhit (CR) aritu ziren solasean.
1
Agintaldiaren bilana
Azken sei urteak «zinez gogorrak» izan direla erran zuen Uthurriagek: «Krisi sanitarioa kabaletan, krisi ekonomikoa Ukrainako gerlagatik, gorabehera klimatikoak, idorteak eta urte euritsuak. Gure helburua zen laborantza ganberan laborarien bizitza aisatzea ahal bezainbat». Baieztatu zuen helburu horren alde aritu gara lanean, eta lortu dutela gazte anitz instalatzea etxaldeen. NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren aldeko borrokak ere aipatu zituen, eta baieztatu zuen lortu dutela kabalentzako diru laguntzak atxikitzea, ardi hazkuntzan eta behi hazkuntzan.
Idortearen inguruan egindako lana ere goraipatu zuen: 4.000 dosier izan dituzte kalte ordainentzat, eta 13 milioi euro banatu dituzte. Baina deitoratu zuen gainerako sindikatuek ez dietela laguntzarik eman dispositibo berriak lantzeko. «Predatoreen kontra ere posizio irmoak atxiki ditugu, izan otso edo hartz, bizikidetasuna ezinezkoa baita».
Lopepek oroitarazi zuen orain dela sei urte Pauen zegozkien bi eserlekuak ez okupatzea erabaki zutela. «Hogei urtez egon gara, eta biziki bortitza eta mespretxuzkoa izan da han izan zirenentzat». Azken-aitzineko bozetan %40 eskuratu zuten biarnesekin, baina ez zieten lekurik eman bulegoan. Horregatik, EHLG sortu denetik egindako «lan handia» goraipatu zuen, bai formazioan, eta baita laguntzetan ere. «Hainbat zerbitzu bada hor atzematen ahal dena. Gu azkartuz geroz, Paueko ganberak ere zerbitzua azkartu du», baieztatu zuen.
Hala ere, hauteskundeetan aurkeztearen garrantzia aipatu zuen, horrek aukera ematen dielako Safer eta bestelako egitura batzuetan tokia hartzeko. «Hortik defendatzen ahal ditugu laborariak».
Suhit bera ez da laboraria, baina laborariekin ari da lanean, eta horrela hurbildu zen CR sindikatura orain dela urtebete inguru. Mauleko hiltegia defendatzeko hainbat laborarik egindako protestak aipatu zituen, baita tuberkulosia gaitzak kalte egindako laborariak defendatzeko Pauen egindako ekintza ere. «Badu urteak senti nuela laborantzan bazela problema, eta zerbait egin behar zela laborariak laguntzeko. Sustut Zuberoako laborantza. Hazkuntza laborantza da, eta ez da besterik egiten ahal. Mozkin hobea behar dugu, eta karguak apaldu behar dira». Egin zituzten mobilizazioei esker gasolioaren prezioa apaltzea lortu zutela azpimarratu zuen. «Behartzen bada pixka bat, gauzak lortzen ahal dira».
2
Laborarien apaltzea
Azken berrogei urteetako politikak gogor kritikatu zituen Lopepek, eta laborarien desagertzea eta pobretzea ekarri dituela baieztatu zuen. «Ondoko urteetan heren batek erretreta hartuko du, eta horietarik kasik erdiak ez dira ordezkatuak izanen», esplikatu zuen. «Nehork ez ditu egin nahi 70 oren astean miseria bat irabazteko».
Etxalde txikiak eta ertainak atxikitzea beharrezkoa dela erran zuen ELBko ordezkariak. «Ez da hori FNSEAren politika». Gero eta handiago izateko politika sustatzen dutela salatu zuen, laborariak inbertsio handiak egitera bultzatuz, eta auzitan jarri zituen diru laguntzak banatzeko irizpideak ere, eta handienak lehenesten dituztela erran. «FNSEA agroindustriaren laguna da, presidentea zerealgile trader bat da. Haren interesa da hazkuntzari gero eta zereal gehiago saltzea», salatu zuen.
Suhitek baieztatu zuen «gaitza» dela laborarien lana, baina aitortu zuen ez duela «ontsa ezagutzen» gaia. «Ez dut proposamen partikularrik egiteko», adierazi zuen. «Familiakoa ez denean biziki gaitza da laborantzan instalatzea. CR-ren posizioa da instalazioak lagundu behar direla».
Uthurriagek ere deitoratu zuen laborari nunbrearen apaltzea. «Atxiki behar dira laborantzan direnak, gustua eman behar zaio etxeko semeari etxaldea hartzeko». Horregatik, hobeki prestatu behar direla erran zuen. «Eskoletan anitz aipatzen da animalien ongizatea, ekologia... Ni instalatu nintzenean arlo teknikoa eta ekonomikoa aipatzen zen gehiago», ohartarazi zuen. «Gazteek, laborantzan sartzeko, behar dute lanetik bizi ahal izan. Lansaria da inportantea, eta horretan lan egin behar dugu». Funtsezkoa iruditu zaio laborari gazteak proiektu bizigarri bat sortzen laguntzea, ez daitezen «murru baten kontra igorriak» izan.
Txiki eta handi, modelo guziak defendatu behar direla erran zuen FDSEA-JAko eledunak. «ELBrentzat, handitzea hitz itsusia da; ez naiz ados! Badugu laborantza txiki paketa bat, baina autonomia ukaiteko lurrak behar dira. Ez da gauza txarra etxalde bat hiru auzoren artean banatzea».
Gazteak laguntzeko, EHLGren inguruan egiten duten lana goraipatu zuen Lopepek. Solasguneak antolatzen dituzte etxaldeak uzten dituztenekin, ikusteko nola pasatu etxaldea, psikologikoki, teknikoki, «ez baita erraza bizi osoko lana beste bati uztea». «Lurzaindiaren bidez gazteak laguntzen ditugu lurrak lortzen; Trebatu dispositiboaren bidez, egiazko baldintzetan emanak dira bi urtez beren ofizioa entsea dezaten eta esperientzia ukan dezaten; BLE, Afog kontabilitatean, Idoki... inguruan dituzte laguntzeko. Bi urteren buruan, trebakuntza segitu, lanean hasi edo uztea erabaki dezakete», esplikatu zuen.
3
Krisi sanitarioa
Hazkuntza arloan gaitzak nagusitu dira azken urteetan, izan hegazti gripea, behien tuberkulosia ala ardien mihi urdinaren gaitzak. «Krisi serioak» izan direla nabarmendu zuen Suhitek, eta deitoratu zuen zenbait dosier ez direla iritsi bulegoetara, eta denek ez dituztela laguntzak izan. «Hori ez zait ongi iruditzen».
Sindikatuen arteko elkarlana behar dela erran zuen Uthurriagek. «Hauteskundeak aitzin elkarrekin borrokan ari gara, baina ondotik elkarrekin landu beharko genuke protokolo bat». Lan horretan ELBkoak «aspalditik» ari direla erantzun zion Lopepek: «FDSEAk juntatu nahi badu, elkarrekin indartsuago gara». Tuberkulosia agertu zen Ezpeizeko (Zuberoa) etxalde bateko adibidea eman zuen, laborariak ez baitzuen onartu kabala guziak hiltzea. «Han ginen lehen lerroan. Erabaki dugu protokolo bat, eta ez da hiltze sistematikorik izan».
Lopeperen hitzetan, «ez da posible ez ukaitea test fidagarri bat behia bizirik dela jakiteko ea kutsatua den ala ez». Hiltze sistematikoak gaitzetsi zituen, baita ahateetan ere. «Politika horiek zangoz gora jarri behar direla diogu. Kabalak hil eta laborariei sosa ematea ez da konponbidea». ELBko eledunaren hitzetan, gainera, maiz ez da arrazoi sanitarioekin egiten, «arrazoi komertzialekin baizik», mozkinek esportaziorako normak bete ditzaten. Halaber, kanpoko hazkuntzaren defentsa egin zuen; «kabalak ez dira barnean egoteko eginak».
Suhitek ohartarazi zuen FDSEAk posizioa aldatu duela: «Orain arte kabalak hiltzearen alde ziren etxalde batean bizpahiru positibo ziren ber. Ezin entzuna da hori». Berak ere defendatu zuen sistema bat atzeman beharko litzatekeela jakiteko zer behi diren eri, sanoak ez hiltzeko. «Kabalak hiltzen segitzen bada, ez da gehiago geldituko».
4
Kalitate sor-markak
Ipar Euskal Herrian hainbat arlotan diren kalitate sor-markei buruz ere aritu ziren eztabaidan hiru sindikatuetako kideak. Izan ere, sor-marka horietan aritu ahal izateko baldintzak apaltzeari buruz egin nahiko lukete batzuek, hala nola FDSEAren inguruan. «Azken urteetan egin dugun lanari esker lortu dugu sor-markan ari direnen prezioak altuak izatea», ohartarazi zuen Lopepek. «Baldintza andana bat nahi da laxatu, baina istante gure esneak ez du diferentziarik izanen estandarrarekin».
5
Laborantza erakundea Euskal Elkargoan
Euskal Hirigune Elkargoan laborantza arloko politikak gogoetatzeko sortu nahi duten egitura berriari buruz ere aritu ziren hiru ordezkariak. Izan ere, elkarte estatutua izanen duen erakunde bat sortu gogo dute, laborantzako eragileak mahai inguru batean ezartzeko. ELBren ingurukoen eskaera da hori, eta ideia defendatu zuen Lopepek: «Elkargoak laborantza eskumena hartzea biziki ongi da, baina ez da aski. Erran behar diegu zer egin behar duten».
Uthurriagen iritziz, berriz, laborantza ganbera ofizialaren «doblea» da egitura. «Bada erakunde publiko bat: laborantza ganbera. Guk ere gonbita egiten diegu gainerako sindikatuei parte har dezaten. Haiek parte hartzen ez dutelako beste egitura bat sortu behar da? FDSEA-JAk ez du parte hartuko, eta laborantza ganbera gure esku gelditzen bada, ordezkaria ez da joanen».
SINDIKATUAK
FDSEA-JA
Frantziako laborantza sindikatu nagusia da FNSEA, eta haren departamenduko adarra da FDSEA. JA Laborari Gazteak da haren gazte adarra. Kide diren laborarien artean denetik aurki badaiteke ere, sindikatuaren buruak agroindustriari lotuak dira, eta laborantza eredu produktibistaren aldeko jarrera erakutsi dute.
ELB
Laborarien Konfederazioa Frantziako sindikatuaren Ipar Euskal Herriko adarra da Euskal Laborarien Batasuna. Ingurumena kontuan hartzen duen laborantza herrikoi baten eredua defendatzen dute. 2005ean, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sorrera bultzatu zuten.
Coordination Rurale
Azken hilabeteetan indarra hartu duen sindikatua da Coordination Rurale. Laborantzaren kostuak eta baldintza administratiboak apaldu behar direla uste dute. Eskuin muturrari lotua izatea leporatu diote anitzek.