Laboral Kutxak dio ez dakiela ezer kreditu kooperatiben erreformaz

Finantza sistemaren eraldaketa prozesuaren barruan, Rajoyk kreditu kooperatiben araubide juridikoa aldatu nahi du

Miren Garate.
2014ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Goitik behera aldatu da Espainiako finantza sistemaren panorama krisia hasiz geroztik. Adibide garbienetako bat da aurrezki kutxen bankarizazioak erakunde kopurua nabarmen murriztea eragin duela. Espainiako Gobernuak, ordea, are gehiago kontzentratu nahi du merkatu. Kreditu kooperatibak ditu, orain, jomugan.

Kongresuan egindako agerraldi batean, hala esan zuen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak urtarril erdialdean: «Erakundeen erreformaren azken pauso moduan, iragartzen dizuet gobernuak eguneratu egingo duela kreditu kooperatiben araubide juridikoa». El País egunkariak jakinarazi duenez, gaiari buruz hizketan hasi da Ekonomia Saila Espainiako Bankuarekin.

Balizko erreforma horrek Hego Euskal Herrian ere izango luke eragina. Laboral Kutxako iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, oraindik ez dute kontuari buruzko informaziorik. Espainian, %6,5eko merkatu kuota dute kreditu kooperatibek, eta arazo handirik gabe ari dira krisiari aurre egiten.

Caja Rural taldeak, sektoreko handienak, onartu du kezka eragiten diotela erreformak ekar ditzakeen ondorioek. Uste du Gobernuaren azken asmoa haiek ere banku bihurtzea dela, aurrezki kutxekin egin bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.