Laboral Kutxak aurten %5 hobetu nahi ditu iazko emaitza historikoak

Interes bidezko irabaziak «nabarmen» murriztuko direla aurreikusi du, baina espero du galera hori aise konpentsatuko duela aseguruen eta inbertsio funtsen kontratazioaren bidez. Kooperatibak ez du uste 2027a baino lehen EBZren begiradapean geratuko denik.

Adolfo Plaza Laboral Kutxako presidentea, kooperatibaren batzarrean, gaur, Donostian. ASIER CAMACHO
Adolfo Plaza Laboral Kutxako presidentea, kooperatibaren batzarrean, gaur, Donostian. ASIER CAMACHO
Iker Aranburu.
2025eko apirilaren 12a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Emaitza historikoak izan zituen iaz Laboral Kutxak: 274,5 milioi euro irabazi zituen, interes tasen igoerak bankuaren ohiko negozioa indartu baitzuten. Aurten beherantz doaz interesak, eta, hortaz, interesen marjina «nabarmen jaistea» espero du Mondragon taldeko kreditu kooperatibak, baina horrek ez ditu irabaziak apalduko. Kontrara, %5 inguru haziko direla espero du Xabier Egibar Laboral Kutxako zuzendari nagusiak. Interesek ematen ez dutena aseguruek eta inbertsio zerbitzuek emango dutela azaldu du, kreditu kooperatibak Donostiako Kursaal jauregian egindako batzarrean.

Batzarkideek ontzat hartu dituzte iazko kontuak, eta Adolfo Plaza entitateko presidentea entzun dute entitatearen egoeraren berri ematen. Pozik azaldu da Plaza; izan ere, hark nabarmendu duenez, iazko emaitza onek erakusten dute «dinamika positibo iraunkor bat» dutela eta sendo daudela etorkizuneko erronkei aurre egiteko. «Kaudimenean dugun lidergoa aprobetxatzeko garaia da, gure negozioa eta inbertsioak handitzeko». 

Erronka horien artean Donald Trump izeneko bat dago. Hark hasitako merkataritza gerraren ondorioak aurreikustea zaila zela onartu du Egibarrek, baina Laboral Kutxaren finantza egoera ikusita, «lasaitasunez abiatuta» egingo die aurre. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde batzuek indarrean jarri nahi dituzten egitasmoetan parte hartzeko prest azaldu da. «Aktiboki parte hartuko dugu aktibatzen diren neurrien hedapenean, gure bezeroei ahalik eta azkarren helarazteko», esan du Egibarrek.

Oraingoz, Espainiako Bankuarekin

27.000 milioi euroren negozio bolumena du gaur egun Laboral Kutxak eta, hortaz, gertu du 30.000 milioi eurorena. Kopuru horrek badu garrantzia, hura gainditzen duten finantza erakundeen gaineko kontrola EBZ Europako Banku Zentralaren menpeko erakunde batek duelako, Europako Gainbegiratze Tresna Bakarrak. Kopuru horretara iritsi bitartean, Espainiako Bankua arduratuko da Laboral Kutxa gainbegiratzeaz.

Plazak azaldu duenez, ez dute uste 30.000 milioi euroren langa gaindituko dutenik 2025-2027ko plan estrategikoak irauten duen epean, baina zehaztu du horrek ez duela «batere eraginik izango» hazkunde planetan. Izan ere, Plazak ohartarazi du «ezin hobeto prestatuta» daudela urrats hori egiteko, gainbegiratzaileek eskatzen duten kaudimena aise gainditzen baitute. Zehazki esateko, CET1 ratioaren arabera %11,63ko kapitala eskatzen diote arazoei aurre egin ahal izateko, eta hori halako bi baino gehiago dauka Mondragon taldeko kooperatibak (%24,85), bere lehiakideen gainetik.

Kapital horren sendotasunak negozio gehiago bilatzen lagunduko diolakoan dago Laboral Kutxa. Negozio atal guztietan hazteko helburua du, baina lehentasunen artean dauka Katalunian negozioa handitzea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.