Hego Euskal Herriko ekonomiaren hazkundea moteldu egingo da 2024an; hein handi batean, interes tasen eraginarengatik. Halaxe iragarri du Laboral Kutxaren ikerketa ekonomikoko taldeak. Hurrengo urteko BPGa %1,4 izango dela iragarri du, aurtengoa baino %0,3 txikiagoa. Hala ere, euskal ekonomia ez da sartuko atzeraldian, baina ez litzateke harritzekoa hiruhilekoren batean hazkundea zero izatea. KPIari dagokionez, beste koska bat jaitsiko da, %3raino —aurten %3,8 izango da—, baina 2025era arte itxaron beharko da inflazioa baretzeko. Eta langabezia? Bada, datuek hobera egiten jarraituko dute: %0,2 jaitsiko da.
LABORAL KUTXAREN IRAGARPENAK
- BPGa. 2023: %1,7 (Hego Euskal Herrian). 2024: %1,4.
- KPIa. 2023: %3,8 (Hego Euskal Herrian). 2024: %3 EAEn eta %3,1 Nafarroan.
- Langabezia tasa. 2023: %8,2 EAEn eta %10 Nafarroan. 2024: %8 EAEn eta %9,8 Nafarroan.
Laboral Kutxako ikerketa taldeak aurreikuspen ekonomikoen urteroko txostena aurkeztu du, eta ondorio kontraesankor batzuk plazaratu ditu. Epe laburrera, baina, baikor ageri da, edo ez behintzat moteltzearen eraginez espero zitekeen bezain ezkor. «Enplegua sendotasun ikaragarria erakusten ari da, hein handi batean zerbitzuen sektoreengatik. Kontsumoarekin batera, ekonomiari eutsiko diote», iragarri du Joseba Madariagak, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendariak. EAEk %8,2ko langabezia tasarekin amaituko du aurten; Nafarroak, berriz, %10ekoarekin. 2024rako, %8ko tasa eta %9,8koa iragarri dituzte hurrenez hurren.
«Industriak hondoa jo du aurten, eta goraka egitea espero dugu. Azken bi hilabeteetan, goraka egin du. Dena den, goizegi da iragarpen zehatzak egiteko».
JOSEBA MADARIAGALaboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendaria
Zerbitzuak sendo daude. Eta industria? «Frantziako [%0,9], Alemaniako [-%0,3] eta Italiako [%0,7] ekonomiak ez daude ondo, eta hori zama handia da, haiek baitira industriaren bezero nagusiak. Aurten, gainera, hondoa jo du, eta goraka egitea espero dugu», iragarri du. Baina zergatik? Azken bi hilabeteko datuak onak izan direlako: «Irailean eta urrian gorakada xume bat ikusi dugu, eta orain ikusi behar da joera horrek eusten dion. Goizegi da iragarpen zehatzak egiteko».
Euriborra, beherantz
Laboral Kutxako ikertzaileen ustez, bukatutzat jo daiteke Europako Banku Zentralak interes tasak igotzeko martxan jarritako prozesua. Euriborra uztailean hasi zen jaisten, eta orain ikusi beharra dago interes tasei eragiten dien. Hor soldaten bilakaerari ere erreparatu behar zaiola azaldu du Madariagak: «Eurogunean, soldatak %5,2 handitu dira batez beste azken urtean, eta horrek tasen jaitsiera atzera dezake. Normalean, lan merkatua okertzeak eragiten du tasen jaitsiera». Soldaten igoerak enpresen errentagarritasuna murriztu du, baina ez da arazo larria, Madariagak zehaztu baitu bere garaian enpresek oso bizkor egokitu zituztela prezioak kostuen igoerara.
Inflazioa kontrolatutzat jotzeko, %2tik behera egon behar du, eta Laboral Kutxak ez du uste bi urtetan behintzat halakorik gertatuko denik. %2,5eko batez besteko tasa iragarri du 2025erako, eta %3koa 2024rako. Era berean, bankuak azaldu du azken urtean asko handitu dela haien mailegu osoak amortizatu dituzten bezeroen kopurua. «Bezeroek horretara bideratu dituzte aurrezki poltsak», zehaztu du Ibon Urgoitik, Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendariak.