Laboral Kutxak 274 milioi euro irabazi zituen iaz, %23,3 gehiago

Emaitza ikusgarriak lortu ditu kreditu kooperatibak, errentagarritasun tartea baitu oraindik. Inbertsio funtsen ondarea %20,2 handitu du.

Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten (Gipuzkoa). LABORAL KUTXA
Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten (Gipuzkoa). LABORAL KUTXA
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 18a
12:40
Entzun

Euroguneko herrialde askotako hazkunde datu pattalak ikusita, Europako Banku Zentrala interes tasak jaisten hasi zen iaz, ekonomia suspertu nahian. Hala ere, alde horretatik 2024. urtean errentagarritasun tarterik izan da oraindik banku negozioarentzat, are gehiago kontuan hartuta euskal ekonomia hazten ari dela.

Horixe azaldu du Laboral Kutxak bere iazko emaitzen berri ematean: testuinguru horretan, kreditu kooperatibaren jarduna «ezin hobea» izan dela errentagarritasunari dagokionez. Horri, negozio arlo guztien «ekarpen orekatuari», eta arriskuaren «gestio egokiari» esker, entitateak 274 milioi euroren irabazi garbiak lortu ditu iaz, inoizko handienak, aurreko ekitaldiko emaitza %23,3 hobetuta.

Emaitzen kontuari begira, Laboral Kutxak errentagarritasun horretan eta «ohiko banku negozioan oinarritu ditu ekitaldiko emaitzak». Besteak beste, aipagarria da Interes marjinak %14,9 handitu izana  (83 milioi euro gehiago), guztira 642 milioi euroren diru sarrerak etorri baitira entitateak emandako maileguetatik eta erositako zorretatik —kontu korronte, gordailu eta funtsetan ordaindutakoak kendu ostean—.

Komisioen bitartez lortutako diru sarrerak ere handitu ditu kreditu kooperatibak, %4,6, «batez ere ordainketa zerbitzuei eta inbertsio zerbitzuen eta aurreikuspen eta pentsio planen aurrerapenari esker». Horien ekarpena %15 igo denez gero, Laboral Kutxak orekatu egin du iazko urtearen bigarren erdian bezero guztientzat komisioetan ezarritako salbuespenaren eragina. Eta horrela, 779 milioi euroko sarrerarekin, oinarrizko marjina %12,9 handitu da.

DATUak

49,7

Zergak. Zergatan 49,7 milioi euro ordaindu ditu iaz Laboral Kutxak, aurreko urtean baino %43,89 gehiago.

117,9

Zuzkidurak. «Kreditu zorroak narriadura zantzurik agertu ez badu ere, erakundeak 117,9 milioi euro jarri ditu zuzkiduretan».

12

Kaudimena. Ekitaldian irabazi handiak lortu dituztenez gero, Laboral Kutxaren CET1 kaudimen ratioa %24,85era handitu da —oinarrizko 100 puntuko hazkundea 2023tik—. «Horrek tarte handia ematen dio erregulatzailearen errekerimenduari (%11,63).

%64,16

Likidezia. Gordailuen bolumenaren eta kredituen arteko aldea kontuan hartuta, entitatearen LTD likidezia ratioa mardula da, %64,16koa.

%2,46

Berankortasuna. Kreditu zorroaren kalitatea hobetzea lortu du entitateak, «hondatutako zorroak saltzeko eragiketarik gabe». Laboral Kutxaren berankortasun tasa oinarrizko 14 puntu jaitsi da, %2,46raino, sektoreko batezbestekoaren, hau da, %3,26ren oso azpitik.

Laboral Kutxaren emaitzetako datu negatibo aipagarriena finantza eragiketei dagokio. Lerro hori %72 apaldu da, 25,6 milioi galduta, hurrengo ekitaldietan sarrerak bermatzeko xedez «zor publikoko zorroen salerosketa eragiketetan kontabilizatutako minusbalioen ondorioz».

Hala ere, Laboral Kutxaren marjina gordina 753,5 milioi eurora heldu da, eta, hala, aurreko urtean baino %25,7 handiagoa izan da.

Balantzea

Iazko balantzeari begira, aurrezkiaren bilakaerari eta inbertsio zerbitzuei dagokienez, Laboral Kutxaren baliabide bitartekotuak 2.247 milioi euro handitu dira 2024an, 31.452 milioi euroraino.

Horien artean, familien eta enpresen balantze barruko baliabideak —ageriko kontuak, aurrezki kontuak eta eperako gordailuak— %5 handitu dira. Hor, Laboral Kutxak eutsi egin dio epe finkoko gordailuentzako ordainsari erakargarrien eskaintzari, eta bezeroen aurrezkiaren zati handi bat bereganatu du berriz ere. Baliabide horietan, 2.150 milioi eurotik gorako hazkundea izan du entitateak, %59,8 gehiagokoa.

Inbertsio funtsen atalak igoera nabarmena izan du, gestiopeko ondarea 1.040 milioi euro handituta, %20,2. Inbertsio funtsen atalean %20ko igoera gainditu duten hirugarren ekitaldia da. 

Balantzetik kanpoko baliabideetan ere bilakaera oso ona izan du kreditu kooperatibak: «Nabarmentzekoa da bezeroek gero eta konfiantza handiagoa dutela Laboral Kutxaren inbertsio zerbitzuetan». Ondorioz, inbertsio funtsen atalak igoera nabarmena izan du, gestiopeko ondarea 1.040 milioi euro handituta, %20,2. Inbertsio funtsen atalean urteko %20ko igoera gainditu duten hirugarren ekitaldia da iazkoa.

BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetan, pentsio planetan eta bizitza aurrezkiko aseguruetan ere bultzada handia izan du entitateak: %15,5eko igoera izan da.

Kredituen bolumen osoak %0,9 egin du gora, «eta orobat, emakida berriek amortizazioen erritmo bizia konpentsatzea» lortu dutela azaldu du Laboral Kutxak, eta gaineratu erritmo hori nabarmenagoa izan dela familien kredituan.

Hazkundea, hori bai, handiagoa izan da enpresentzako kredituetan, %10,2ko igoera izan baita, eta %9,8koa konpainia handietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.