Laboral Kutxak 134 milioi euro irabazi ditu lehen seihilekoan, iaz baino %22 gehiago

Aurrezki kooperatibak 25,2 milioi euro ordaindu ditu zergetan, eta %2,41era jaitsi du berankortasun tasa.

Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten. BERRIA
Laboral Kutxaren egoitza nagusia, Arrasaten. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko abuztuaren 1a
13:05
Entzun

Bankuek garai onak bizi dituzte, eta Laboral Kutxa ere finantza sektorea bultzatzen ari den olatura igota dago. Aurrezki kooperatibak 134 milioi euro irabazi ditu aurtengo seihilekoan, eta %22,44 hobetu du iaz tarte berean lorturiko emaitza (109,7 milioi). Laboral Kutxako bezeroen baliabideei erreparatuz gero, 30.502 milioi eurorenak dira guztira, abendu amaieran zituztenak baino %4,44 gehiago.

2024. urtea ondo hasi da Laboral Kutxarentzat; iazko eta aurtengo lehen seihilekoetako datuak alderatu baino ez dago ondorio horretara iristeko. EBZ Europako Banku Zentralaren neurriek haizea eman diete bankuei, eta emaitzetan ikusten da. Irabazia da agerikoena, baina beste neurgailu batzuek ere azaleratzen dute baikortasun hori. Esaterako, berankortasuna %2,41era jaitsi da, likidezia %66,67koa da, eta kaudimena neurtzen duen CET1 indizea %23,7koa da. Alderatzen jarrita, EBZk iaz estres testa egin zien Europako 98 bankuri, eta CET1 indizearen batez bestekoa %10,4koa izan zen.

Zergetan era badu isla urte onak. Laboral Kutxaren emaitza gordina 159,52 milioikoa izan da, eta 25,15 milioi ordaindu ditu zergetan, jasotakoaren %15,8. Iaz, berriz, 18,2 milioi ordaindu zituen zergetan —emaitza gordina 128 milioikoa izan zuen—, aurten baino %37,6 gutxiago.

Familiek amortizazio aurreratuen erritmoa bizitu dute, eta, horren eraginez, hipoteka maileguen saldoa ia ez da aldatu. Enpresen kreditu inbertsioa, berriz, %1,38 handitu da urtarriletik

Seihilekoaren balantzean, bankuak berak onartzen du banku zentralen interes tasek bankuen ohiko negozioaren marjinak sustatu dituztela. Alegia, maileguekin irabazten jarraitu dutela. Aurten 325 milioiko interes marjina lortu du aurrezki kooperatibak, iaz baino %31 gehiago. Komisioen sarrerak ere hazi dira, %4,83 —68,1 milioi euroraino—. Bankuaren arabera, ondare gestioaren ekarpenek %13,3 egin dute gora, eta horrek «konpentsatu» du bezeroei aplikaturiko komisioen berrikuspena.

Inbertsioei dagokienez, inbertsio funtsen ondarea %8,03 handitu da, eta enpresen kreditu inbertsioa, %1,84. Azken arlo horretan, Laboral Kutxak azaldu du batez bestekoa ezberdina dela enpresen arabera, eta handietan gehiago nabaritu dela kreditu saldoen hazkundea (%5). Familien finantzaketari dagokionez, berriz, hipoteka maileguen saldoa ia ez da aldatu urtarriletik. Arrazoi nagusia amortizazio aurreratuen erritmo bizia da. Iaz ere joera hori agerikoa izan zen.

Autoen aseguruak, gora

Laboral Kutxaren aseguruen arloak ere gora egin du lehen seihilekoan. 105,5 milioi euroren primak bildu ditu, iaz baino %2,7 gehiago. Adar garrantzitsua da, Laboral Kutxak eta Lagun Aro aseguru etxeak duten harreman estuarengatik. 39,2 milioi autoen aseguruen bitartez iritsi dira (+%7,2), eta 27 milioi, etxeen aseguruen bitartez (+%9,7).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.