Laboral Kutxaren ustez, Euskal Autonomia Erkidegoko BPG barne produktu gordina %1,8 handituko da 2025ean, eta Nafarroakoa, %1,9. Iragarpen horiek Eusko Jaurlaritzak eginikoak baino 0,3 puntu kaskarragoak dira, eta Nafarroako Gobernuak eginikoak baino 0,1 puntu hobeak. Kreditu kooperatibaren ikerlarien ustez, Alemaniako krisiak oraindik asko zamatuko du EAEko industria, baina ez hainbeste Nafarroakoa, «dibertsifikazioa handiagoa delako». Industriaren ifrentzua zerbitzuak izango dira, enplegua sortzen jarraituko baitute. Langabezia tasak %7,2ra eta %7,5era jaistea espero dute.
Urte amaiera iragarpen garaia izaten da ekonomia erakundeentzat. Inkesta, kopuru eta mota guztietako datuak aztertu, eta saiatzen dira iragartzen zein izango den ekonomiaren nondik norakoa. Alde handiak egon daitezke, eta hori izan da aste honetako kasua. Merkataritza ganberek %2,2ko hazkundea iragarri zuten astelehenean EAErentzat, eta Laboral Kutxak, %1,8koa bi egun geroago. Eragile batzuen baikortasunari besteen zuhurtzia kontrajartzen zaio.
«Europak pizgarriak bideratu behar ditu, bere industria lehiakorragoa bihurtzeko. Trantsizio energetiko eta digital eraginkorrak bultzatu behar ditu»
JOSEBA MADARIAGALaboral Kutxaren ikerketa zuzendaria
Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa burua da, eta hark aztertu du egoera 2025erako aurreikuspen ekonomikoen txostenaren aurkezpenean, lehenik Bilbon eta ondoren Iruñean. Bilbokoan, nabarmendu du manufaktura sektorea ia mundu osoan dagoela krisian, eta, hori dela eta, sektore horrek pisu handia duen herrialdeen ekonomia gutxiago haziko dela; hori dela EAEren kasua eta, bereziki, haren bezero handienenak: Alemania eta Frantzia. Aurten, esaterako, EAEko BPGa %1,9 haziko da; Frantziakoa, %1,1, eta Alemaniak atzeraldian jarraituko du: -%0,1.
Laboral Kutxak arreta berezia jarri dio industria produkzioaren bilakaerari. EAEko industria jardueraren %80 ekipamendu eta tarteko ondasunek osatzen dute, eta aurten biek izan dute urte zaila: ekipamendu ondasunen salmentak 1,6 puntu jaitsi dira, eta tartekoena 0,3 handitu da bakarrik. Multzo hauetan sartzen dira, esaterako, ekipo ondasunak eta automozio osagaiak. Dena den, Madariagak iragarri du 2025 hobea izango dela industriarentzat: «Ez da zaila, abiapuntua txarra delako. %2ko hazkundea iragarri diogu jardunari».
Interes tasa: %1,75 bigarren hiruhilekoan
Laboral Kutxaren ikerlariek uste dute EBZk interes tasak murrizten jarraituko duela 2025ean, «harik eta inflazioa luzaroan egonkortu arte». Testuinguru hori 2025 amaieran iritsiko da, baina aurretik interes tasen bi jaitsiera esanguratsu espero ditu Laboral Kutxak. Horiek hala, gordailuen tasa %1,75eraino jaits daiteke bigarren hiruhilekoan. 2022ko azaroaz geroztik ez zen maila horretan —%4an hasi zuen urtea—.
Madariagaren ustez, Europak ezinbestean hartu behar ditu industriaren lehiakortasuna hobetzeko neurriak, eta Batzordeak ekonomikoki babestu beharko lituzke. Bi arlo aipatu ditu, trantsizio digitala eta trantsizio energetikoa: «Europa ezin da betirako egon energia fosilaren prezioen gorabeheren menpe. Alemaniako krisiaren arrazoietako bat izan da Errusiako gasari muzin egin behar izan diola».
Kontsumoari eusten
Zerbitzuak, aldiz, aurkako norabidean doaz: EAEn sektore horretako langileen afiliazioa %1,9 handitu da, eta harekin loturiko aldagai askok bilakaera handia izan dute; besteak beste, aireko garraioa %6,1 igo da, bidaiari sarbidea %2,8, eta hoteletako gaualdiak %5,4. Nafarroan ere sektore zerbitzuetako indize orokorra %5,2 handitu da —nabarmentzekoa da ostalaritzak %7,7ko hazkundea izan duela—.
Kontsumoak ere gora egin du, Laboral Kutxaren arabera, eta bi datu plazaratu ditu: auto matrikulazioa %5,5 hazi da, eta txikizkako merkataritza indizea, %1,8. Kontsumoari oso lotuta dago KPI indizea, eta aurten %2,9 handituko da EAEn, %2,6 Nafarroan eta %2,7 Espainian —azken horren arabera eguneratzen dira soldatak Hego Euskal Herrian—. 2025erako, berriz, %2ko, %1,9ko eta %2,1eko igoerak iragarri dituzte, hurrenez hurren.
Zerbitzuek aro oparoa bizi dute, baina sektore hori erosketa ahalmenaren oso menpe dago. Noiz arte jarraituko du hazten? Madariagak ez dio beldurrik balizko etenaldi handi bati: «Oraingoz ez dugu nabaritu nekerik; ez dirudi kontsumo-enplegu-hazkunde gurpila epe motzean hautsiko denik». Gaineratu du 2019az geroztik EAEren kontsumo indizea %16 handitu dela, eta horrek ez diola aurrezki poltsari kalterik egin.