Hilberria. Igor Urrutikoetxea
LABen kanpoko harreman burua
Igor Urrutikoetxea LABeko Nazioarteko Harremanetarako idazkaria hil da. Duela hilabete ezbehar bat izan zuen Rion, Brasilen, eta ezin izan da osatu. MFSren (Munduko Federazio Sindikala) metalgintzako (UIS-MM) Kongresuan parte hartzeko joan zen Brasilera. Azken urteetan, LABek bere gain izan du UIS-MMko idazkaritza orokorraren ardura, Urrutikoetxea buru zela, eta kargu aldaketarako kongresua zen Brasilen antolatutakoa. Igor Urrutikoetxea Lezaman jaio zen (Bizkaia), orain 38 urte. Nazioarteko arduraduna zen 2008tik, LABeko exekutiboko kidea eta MFSko munduko kontseiluko partaidea. Sindikatuko idazkaritza juridikoan egin zituen lehen urratsak, eta ondoren, Hego Uribe eskualdeko arduradun izatera pasatu zen. LABeko metalgintzako arduraduna ere izan zen lau urtez, nazioarteko idazkaritza kargua hartu aurretik. Brasilgo Langileen Batzordeak elkartasuna adierazi die Urrutikoetxearen gertukoei eta LABeko kideei. LABek esker onak adierazi die «egun gogor hauetan lagundu diguten guztiei, bai hemen, bai Brasilen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu