Sindikatuak

LABen arabera, Hegoaldeko langileen erdiak egoera prekarioan bizi dira

'Ikusmiran' azken txostenaren arabera, handitzen ari da lan baldintza duinak dituztenen eta prekarioak dituztenen arteko tartea.

GFknX eXkAICse8
Igor Arroyo eta Edurne Larrañaga LABeko ordezkariak txostenaren aurkezpenean, gaur, Bilbon. LAB SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2024ko otsailaren 5a
15:00
Entzun

Kezkagarria da Hego Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzen eboluzioa. Hori ondoriozta daiteke LAB sindikatuaren Ipar Hegoa fundazioak gaur aurkeztu duen txostena irakurrita, 16. Ikusmira. Haren arabera, 25 eta 64 urte arteko langileen %53,52 bizi dira egoera ekonomiko prekarioan, eta, gainera, egoera okertzeko baldintzak daude. Besteak beste, salatu du enplegua izateak orain ez duela bermatzen bizimodu duina izateko adinako diru sarrerak izatea. Hona hemen txostenean bildutako ondorioetako batzuk:

Hegoaldeko langileen erdiak egoera prekarioan bizi dira. Lana izateak ez du bermatzen bizimodu duina izateko adinako diru sarrerak izatea, eta, LABen iritziz, enpleguaren inguruko datuek errealitate hori estaltzen laguntzen dute. Pentsiodunak ere hizpide dituzte txostenean: hirutik batek (217.246 lagun) 1.080 euro baino gutxiago jasotzen ditu, eta horietatik bi heren emakumeak dira.

Etxeko lanetan soilik ari ziren gero eta emakume gehiago hasten dira etxetik kanpo ere lanean. Ikusmira-n diote testuinguru sozioekonomikoak bultzatzen dituela «lan mundu prekariora» jotzera. Hegoaldean 169.700 dira etxeko lanetara emanda bizi direnak (%85,9 emakumeak), baina azken bi urteetan murrizten ari da kopurua. LABen aburuz, horrek esan nahi du etxetik kanpo ere lanean hasi direla asko, bizimodua garestitu egin delako bereziki: «Sistemak emakumea lanaldi prekario bikoitzera behartzen du».

Enplegua izateak orain ez ditu bermatzen bizi baldintza duinak. Horregatik, sindikatuak uste du ezinbestekoa dela «ikusmira zabaltzea» datuei erreparatzean: «Enplegua eduki arren, soldata prekarioak ugaritzen ari dira».

Areagotzen ari da lan baldintza duinak dituztenen eta prekarioak dituztenen arteko tartea. Txostenean diote porrot egin duela babes sozialerako sistemak, eta pribatizatzen ari direla oinarrizko zerbitzu publikoak. «Errentaren gero eta zati handiago bideratzen dugu oinarrizko eskubide horiek eskuratzera», salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.