LABek komite exekutibo berria osatzeko hautagaitza aurkeztu du. Hamalau kidek osatzen dute: bederatzi emakumek eta bost gizonek. Sindikatuak ekainaren 16an eta 17an egingo du bere hamargarren Biltzar Nagusia, Baiona-Miarritzen.
Aurreratu duenez, afiliatuei egingo dien proposamenen artean, deigarrienetako batek sindikatuaren antolaketari eragingo dio: idazkaritza nagusiaren kargua desagerrarazi, eta bi koordinatzaile orokor izango ditu aurrerantzean. Garbiñe Aranburu egungo idazkari nagusia eta Igor Arroyo haren ondokoa proposatuko ditu zuzendaritzak bi buruko lidergoa osatzeko datozen bost urteetarako, 2027ra arte.
Gainerako karguetarako, honako hautagai hauek aurkeztu ditu:
Maider Jauregi Sarasola, komunikazio arduraduna
Oihana Lopetegi Aranguren, ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko arduraduna
Kris Gete Etxeberria, industria federazioko arduraduna
Dabid Lizarralde Palacios, dinamizazio eleduna
Maddalen Dorador Rubio, zerbitzu pribatuetako federazioko arduraduna
Argitxu Dufau Berho, Ipar Euskal Herriko eleduna
Endika Perez Gomez, ekintza sozialeko arduraduna
Xabier Ugartemendia Apraiz, zerbitzu publikoetako federazioko arduraduna
Izaskun Garcia Bordagarai, antolakuntza arduraduna
Aiora Imaz Gabilondo, parte hartzea eta barne komunikazio arduraduna
Arantza Vazquez Rodriguez, zehar lerroetako arduraduna
Imanol Karrera Turrillo, Nafarroako eleduna
Sindikatuak maiatz hasieran aurkeztu du Biltzar Nagusira begirako txostena; besteak beste, orain arte egon ez duen zenbait erakundetan parte hartzea proposatu du, eta arlo soziopolitikoan «borroka ziklo bat» hasi nahi du, «errepublika konfederala» sortzeko. Biltzar Nagusian eskualdeetan hautatutako bostehun ordezkarik parte hartuko dute. LABek egun 46.000 afiliatu ditu, duela bost urte baino 5.000 gehiago. Ordezkaritzari dagokionez, %19,24koa du Hego Euskal Herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ordezkarien %19,85 ditu LABek, eta Nafarroan, %17,31. Ipar Euskal Herrian, urtez urte goraka egiten ari da.