LAB 4.0 martxan jartzea. Sindikatu abertzaleak bere buruari jarri dion helburua da, bihar eta etzi Gasteizko Europa jauregian egingo duen IX. biltzar orokorrean. Keinu bat egin dio historiari —azken finean, 40 urte bete zituen iaz erakundeak—, baina, aurrera begira, laugarren fase bat hasiko dela ere irudikatu nahi du. Sorrera, egonkortze eta belaunaldi aldaketaren garaiak igarota, «sindikalismo berriaren» aroa hasteko erronka du LABek
Trantsizioa lotuta iritsi da sindikatua batzarrera. Zuzendaritza berritzeko hautagaitza bakarra aurkeztu da. Guztira, hamalau kargu izango ditu batzordeak, erdiak emakumeak eta beste erdiak gizonak, eta 39 ordezkari egongo dira Nazio Komite berrian. Jakina denez, Garbiñe Aranburuk hartuko du sindikatuko idazkaritza nagusia, eta Ainhoa Etxaide ordezkatu. Haren albokoa ere berria izango da: Igor Arroyok hartuko du Jabi Garnikaren lekukoa.
Bederatzi urteren buruan, kargua utziko du Etxaidek, baina ez erakundea. Estrategia feminista definitzeko ardura izango du aurrerantzean. Krisi ekonomiko gogor baten atarian hartu zuen lema Etxaidek, Rafa Diezen eskutik. Garai zailak izanagatik, ordezkaritzan gora egitea lortu du LABek. Hego Euskal Herrian, ordezkarien %18 lortu ditu, eta bigarren indarra da orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, CCOOri aurrea hartuta.
Rafa Diezek ezin izango du bertatik bertara ikusi Etxaideren azken ekitaldia —espetxeratuta jarraitzen du, Bateraguneauziagatik—, baina El Duesoko kartzelatik grabatutako agur mezu bat entzungo dute afiliatuek bihar goizeko ekitaldian.
Sindikatuko 500 militante bilduko dira Gasteizen. Batzarrean, zuzendaritzak prestatu dituen bi txostenak aztertu eta onartuko dira. Antolakuntzari dagokiona, alde batetik, eta jarduera politiko-sindikalari buruzkoa, bestetik. Bihar goizeko saioan, halaber, orain arteko zuzendaritzak kudeaketaren balantzea aurkeztuko die afiliatuei.
Kongresura, «sasoiko»
Biltzarrera «sasoiko» iritsi den sindikatu bat deskribatu dute antolakuntzari buruzko atalean. Belaunaldi berriak gehitu eta sindikatua bera eraberritu dela uste dute. Horren ondoriotzat jo dute LAB bigarren indar bihurtu izana EAEn, eta %15eko ordezkaritza gainditu izana Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, berriz, «gero eta babes handiagoa» duela nabarmendu du LABek. Urte hasieran egindako lan auzitegietako hauteskundeetan, garaipena aldarrikatu zuen sindikatuak.
Haatik, hauteskunde sindikaletan islatu den babes hori aktibatzeko «zailtasunak» sumatzen ditu sindikatuak. «Geure parte hartze eta mobilizazio maila, oro har, apalegia da», ohartarazi du txostenaren hitzaurrean. Hori dela eta, afiliatuekin «komunitate izaera» berreskuratzea beharrezkotzat jo dute, langilea eta haren bizi baldintzak estrategiaren erdian jarrita.
Langileria kontzeptua zabaltzeko beharra bere egin du sindikatuak. Sindikalismotik urrun egon izan diren kolektibo prekarioetara iristeko ahalegina egingo du: bekadunak, etxeko langile soldatapekoak, langabeak, autonomo faltsuak, eta, azken urteetako esperientziari jarraituz, pentsiodunak.
Bestalde, ekintza sozialari garrantzi handiagoa eman nahi diote, egitura oso bat propio sortuta. Negoziazio kolektibotik harago, langileen bizi baldintzak eraldatzeko borroka izango da horren ardura. Beste berrikuntza batzuk dira idazkaritza feminista eta erakundearen izaera nazionala indartzeko proiektuak. Emakumeen parte hartzea bultzatzen zuen, eta erakunde guztian ikuspegi feminista praktikan jarri nahi du sindikatuak datozen urteetan.
Txosten politiko-sindikala, besteak beste, ELArekin izan beharreko harremanei buruz mintzo da. Gehiengo sindikalari buruz aritzean, «nagusiki» bi sindikatu abertzaleen artean egin beharreko eztabaida eta elkarlana daude jokoan, eta aliantza hori indartzeko «apustu eta saiakera argia» egiteko prest dago LAB.
Harreman horretan, erresistentzia ikuspuntu batetik eraikuntza fase batera igarotzeko beharra azpimarratu du. Langileen aktibazioa «hankamotz» geratzen dela uste du, ez bada ondoren «burujabetza prozesuaren, aldaketa politikoaren, mesedetan jartzen».
Prozesu horrek izan beharreko izaerari tarte zabala eskaintzen dio politikari buruzko atalak. Sindikatuaren ustez, euskal estatu bat sortzea da euskal sozialismoa eraikitzeko tresna funtsezkoa, baina horraino iristeko bidea nola egin da gakoa. Burujabetza prozesu hori alde bakarrekoa izatea nahi du LABek. Argi du «konfrontazio» prozesua izango dela, eta hura azkartzeko lana bere gain hartuko du. Sindikatuaren aburuz, horren guztiaren motorra izan behar dute langileek, errealitate soziekonomikoak «lehentasunezko gaia» bihurtu behar du, eta, horri begira, LABek eskaintza argia duen estrategia garatuko du.
Nazioarteko presentzia zabal batek —32 sindikatutako ordezkariak— bisitatuko du kongresua. Ordezkari horiekin, nazioarteko konferentzia egingo dute bihar arratsaldean, Europaren egoera gogoan hartuta.
LABek «sindikalismo berriaren» aroa hasi nahi du IX. kongresuan
Bihar eta etzi biltzar nagusia egingo du sindikatu abertzaleak, Gasteizen. Garbiñe Aranburuk hartuko du Ainhoa Etxaideren lekukoa. Ekintza soziala eta burujabetza azkartzea izango dira xedeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu